euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zabalik ‘Hator Hona'n izena emateko epea: deia EHko gazteei Argentinara etorri eta partaide izan daitezen

2018/04/23

Badator 2018ko 'Hator Hona'
Badator 2018ko 'Hator Hona'

Gonbitea 18 eta 30 urte arteko Euskal Herriko zazpi lurraldeetako gazteei dago zuzenduta. Necocheako Euzko Etxeak bultzatzen duen truke programa honen aurtengo edizioa uztailaren 13tik abuztuaren 3ra luzatuko da eta interesatuek maiatzaren 18ra arte bidal dezakete eskaera. Gazteek Necochearainoko bidaia ordaindu beharko dute eta Euskal Etxea gazteen alokairu eta otorduez arduratuko da. Haututakoek euskal kulturari lotutako tailerrak emango dituzte hiru astez euskal etxeko eta auzoko jendea partaide.

PUBLIZITATEA

Necochea, Argentina. ‘Hator Hona’ truke programa Necocheako Euzko Etxeko gazteen proiektua da. 2004an jaio zen eta proposamenaren arrakasta –Euskal Herriko gazteen parte hartzeko gogoa eta Euskal Etxean duen eragina– handituz joan da urtez urte. Are gehiago, eredu hartu dute beste euskal etxe batzuek antzeko proposamenak sortzeko, orri hauetan duela egun batzuk aipatze genuen Villa Mariako ‘Anima Zaitez!’ kasu. 2018 honetan, ‘Hator Hona’ren 14. ediziora iritsiko da eta antolatzaileek zabaldu berri dituzte parte hartzeko baldintzak:

-18 eta 30 urte artekoa izatea
-Euskara, euskal musika, dantza, gastronomia edo herri kirolen ezagutza izatea
-Ez da titulurik eskatzen, esperientzia eta irakasteko gogoa baizik
-Norberak Necochearainoko bidai txartela ordaindu beharko du. Necochea Buenos Aires hiriburutik 500 kilometrora dago, kostaldean; ostatua eta janaria euskal etxearen kontu izango dira


[2017ko 'Hator Hona'ko partaideek egindako bideoa]

Izena emateko epea joan den ostiralean ireki eta maiatzaren 18ra arte luzatuko da. Egonaldia uztailaren 13tik abuztuaren 3ra izango da eta izenematea ‘Hator Hona’ blogaren bidez (ikus hemen) behar da egin. Berriak eta informazioa blogean eta ‘Hator Hona’ programaren Facebooken argitaratuko dira (Proyecto Hator Hona). Juanchi Yacomini necocheatarrak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “dinamika, oro har, ohikoa izango da; nobedadeak, partaideak Necocheara iristean sortuko dira, eurak tailerrak nola antolatu nahi dituzten ikusita, baita klaseak eta gainerako aktibitateak ere”. “Datorren urterako bai sorpresa handia izango dugu", emendatu du modu enigmatikoan."Eta laster hasiko gara horren berri ematen”, iragarri digu Euzko Etxeko gazteen erreferenteak.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia