euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Deia EHko gazteei: Hemen da ‘Anima Zaitez! 2018’, anima zaitez eta etorri Argentinara euskal kultura zabaltzera!

2018/04/09

2017ko 'Anima Zaitez' programako partaideak
2017ko 'Anima Zaitez' programako partaideak

PUBLIZITATEA

Gonbitea Euskal Herriko 18 eta 30 urte arteko gazte euskaldunei dago zuzenduta. Gazteek euren bidaia ordainduko dute Argentinako Villa Maria-raino eta egonaldia, ostatua eta otorduak, bertako euskal etxeak hartuko ditu bere gain. ‘Anima Zaitez!’ Villa Mariako (Cordoba probintzian) Euzko Etxeak antolatzen du eta aurtengo edizioa uztailaren 7tik 22ra izango da. Bi astetan zehar euskal gazteek euskal musika, dantzak, euskara, sukaldaritza eta beste gai batzuei buruzko tailerrak eskainiko dituzte. Izena emateko epea maiatzaren 9an bukatuko da.

Villa Maria, Cordoba. Villa Marian 2016an sortutako programa honek Necocheako ‘Hator Hona’ proiektua hartu du eredu. Izan ere antzeko helburu eta baldintzak dauzkate biek. Helburuei dagokienez, gazteek, Argentinakoek eta Euskal Herrikoek, euren kultura, ezagutzak eta eskarmentuak partekatzea. Etxeko euskara irakaslea den Flor Denizek EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “oso aukera ona da Euskal Herriko gazteak hona etorri eta euren euskal kultura partekatzeko eta aldi berean euskal diasporan egiten dugun lana eta difusioa ezagutzeko”.

Parte hartzeko baldintzak

‘Anima Zaitez!'-en 2018ko edizioak Euskal Herriko 18 eta 30 urte arteko lau gazte gonbidatzen ditu parte hartzera. Gazteek hizkuntzaz euskaldunak beharko dute izan eta gai hauetako bi behintzat menperatu eta irakatsiko dituzte: euskara, euskal dantzak, herri kirolak, sukaldaritza eta euskal musika. Ezagutzak izateaz gain irakasteko gogo eta ilusioa izan beharko dute: agiririk ez da eskatzen, baina bai interesa eta konpartitzeko grina. Gazteak bi astez egongo dira gutxienez Villa Marian, uztailaren 7tik 22ra, eta Euskal Herrira bueltatzean, programa zabaltzeko konpromisoa hartzen dute, datorren ediziorako begirale berriak lortu ahal izateko.

Klase eta tailerrak Villa Mariako Euzko Etxearen instalazioetan izango dira. Aktibitate programa, hautatzen diren begiraleek eskaini ditzaketen gaien arabera antolatuko da. Ostatua Euskal Etxeko familien etxeetan izango da eta otorduak ere etxeetan edota Euskal Etxean bertan gauzatuko dira.

Parte hartzeko hautatzen diren Euskal Herriko gazteek euren Villa Mariarainoko joan-etorria ordaindu beharko dute, bidai-asegurua ere barne. Euskal Etxean garatuko diren ekintzekin lotura duten gastuez eta bidaiarien Villa Mariako ostatuaz eta otorduez Euskal Etxea arduratuko da.

Parte hartzeko eskaerak maiatzaren 9ra arte bidali behar dira bi helbide hauetara: cvascovm@gmail.com eta animazaitez.cvascovm@gmail.com.

Hautatuen izenak Anima Zaitez-en Fanepage-an argitaratuko dira maiatzeko bigarren hamabostaldian.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia