euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mexiko eta Euskal Herriko euskaltzale talde batek kanpaina hasi du VascosMexico foroa itxi ez dezaten

2008/07/08

VascoMexico-ren urtebetetze pastela. Segida ematearren ari dira orain borrokatzen, aurtengo urrian bostgarrena ospatzeko
VascoMexico-ren urtebetetze pastela. Segida ematearren ari dira orain borrokatzen, aurtengo urrian bostgarrena ospatzeko

PUBLIZITATEA

Mexikoko VascosMexico foroaren itxiera atzo iragarri zuen bere koordinatzaile eta zuzendari den Jaione Arrieta Galarraga euskal-mexikarrak, arrazoi ekonomikoak medio. Iragarpena egin orduko kanpaina bat hasi zen Mexikoko euskal komunitatearen inguruan --Mexikon zein Euskal Herrian-- dirua biltzeko, bertako euskal komunitatearen lokarri eta biltzaile den foroak zabalik eta bere lan eskerga egiten jarrai dezan. VascosMexicok ez du batere laguntza ofizialik jasotzen eta 407 kide biltzen ditu, foroan, eta 1.460 erabiltzaile erregistratu webgunean. Kontu korrontea zabalik dago lagundu nahi duenarentzat.

Mexiko Hiriburua, Mexiko. Atzo arratsaldez --Euskal Herrian gaueko 22:45ak zirenean-- iragarri zuen Jaione Arrietak bere ezina VascosMexico proiektuarekin aurrerago egiteko, foroa eta webgunea dituen ekimen honek sortzen dituen gastuak eta lana bere gain hartu behar izan baititu azken urteotan horretarako sostengu ekonomikorik apenas lortu ez duela. Publizitatea erdiesten eta sostengu pribatu zein publikoa lortzen saiatu izan den arren, emaitzik apenas ez du lortu Mexikoko euskal munduan komunikabide eta lokarri garrantzitsuena den VascosMexicori segida emateko orduan.

Aste honen hondarrean, ostiralean-edo, gerta daiteke VascosMexicoren itxiera, "mirakulurik gertatu ezean", dio arbaso eibartarrak dituen Arrieta Galarragak despedida gisa forora luzatu duen oharrean (ikus idazkia hemen). Mezu hori argitaratu eta ia berehala, ordea, itxiera gerta ez dadin lanerako deia luzatu zuten batzuk foroan bertan. Miren Aguirre  --Euskal Etxeko lehendakari ohia bera, 2004-2006 epean, Jaione Arrieta bere lehendakariorde zela-- mexikar euskaldunak esaterako, "ez, ez, ez" zioen mezua idatzi zuen "bateriak betetzeko" deia zabalduz. "500 bat forokide bagara, bakoitzak ehun peso ipinita, lortuko genuke beste aldera pasatzea" dio itxiera aktiboki eragoztearen alde irmo mintzatuz.

Laguntza publikorik gabe

Aguirreren deiarekin batera, euskal mexikar komunitateko beste kide batzuk azkar asko zuzendu zitzaizkion atzo gauean EuskalKultura.com-i, foroak aurrera egin dezan eratutako kanpainarentzat oihartzun egokia lortzearren. "Kanpainak, 50.000 peso (3.000 bat euro) erdiestea dauka helburu. Kopuru hori, partikularren emaitzez lor daiteke; edota konpainiaren batek edo gehiagok iragarkiak ipini nahi izango balitu foroan edo webgunean; edo Administrazioko norbait ohartuko balitz zein inportantea den guretzat honelako foro bat ez galtzea eta gure arteko lotura eta komunikazioa mantentzea", zioen erredakzio honetara iritsitako mezu horietako batek.

Orain arte egin dituen urteetan --foroak 5 urte beteko lituzke/ditu urrian eta webguneak lau bete zituen atzo bertan--, VascosMexicok laguntza ederra eskaini dio komunitate euskal mexikarraren barruko lotura eta komunikazioari, esparru berezi bat eskainiz berriak eta oharrak zabaltzeko, artikuluak berrargitaratzeko, iragarpenak egiteko eta euskal komunitatearen bizia islatzeko oro har. "Zerbitzu horien guztiengatik ez dugu sekula pesotik galdegin", dio Jaione Arrietak. Laguntzen aldetik, hasieran, Eusko Jaurlaritzaren Mexikoko Ordezkaritzaren laguntza eskuratu zuen, baina laguntza hori eten egin zitzaion 2005. urte amaieran ordezkari berria sartu zenean.

VascosMexicori laguntza --"handi ala txikia, guztiak onetsiak dira"-- eman nahi dionak, honako datu, helbide eta kontuak erabiliz egin dezake:

VascosMexico AC
RFC VAS0704255D3

vascosmexicoac@prodigy.net.mx
Querétaro, México
tel: (442) 234 26 23
tel: 01 800 832 99 99

VascosMexico AC
Scotiabank
cuenta# 03503847659
swiftt MBCOMXMM
clabe 044680035038476594

Lotura interesgarriak

VascosMexico webgunea
www.vascosmexico.com

Mexiko Hiriburuko Euskal Etxearen webgunea
www.centrovascomexico.com

Logoa eta diseinua aldatu ditu VascosMexicok
EuskalKultura.com-en 2007ko abenduaren 21ean argitara emana

Laugarren urtea bete du VascosMexicok Mexikoko euskaldunen zerbitzari
EuskalKultura.com 2007ko urriaren 18an argitara emana

VascosMexicok urrats berria eman du, elkarte zibil gisa eratuz
EuskalKultura.com-en 2007ko maiatzaren 17an argitara emana



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia