euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Vascosmexico.com taldeak, mexikar euskaldunen topagune birtualak, bere laugarren urteurrena bete du

2007/10/18

Taldeko lagunak III. Vascosmexico Eguna jaian
Taldeko lagunak III. Vascosmexico Eguna jaian

PUBLIZITATEA

VascosMexico posta zerrendak, izen bereko webgune eta elkartearen haziak, lau urte bete ditu egunotan. Bere sorrera urriko larunbat batean gertatu zen, Jaione Arrieta sustatzaileak Mexikoko euskal komunitatea harremanetan jartzeko komunikabide baten beharra ikusi zuenean. Harrez gero, VascosMexico familia handi bat bihurtu da eta posta zerrendak 500 kide inguru eta webguneak 1255 erabiltzaile harpidetu bildu ditu. Orain elkartea babes eta finantziazioa eskuratu nahian dabil, etorkizunari begira Mexikoko euskaldunen topagune birtuala izan den ekimena sendotu ahal izateko.
VascosMexico taldea bere sorreraren laugarren urteurrena ospatzen ari da egunotan. 'Ideia larunbat ergel batean sortu zen’, azaldu dio EuskalKultura.com-i Jaione Arrietak. 'Euskal Etxera joateko gogoa nuen baina urrun bizi nintzen eta ez nekien bertan inor topatuko ote nuen. Azkenean ez nintzen joan eta etxean interneten nenbilela Mexikoko euskaldunek harremanetan egoteko eta gure komunitatean gertatzen dena jakiteko komunikabide bat behar genuela ikusi nuen’. Taldeak erantzun ezinhobea izan zuen, harpidetu askorekin, eta zortzi hilabete beranduago Mexikoko Euskadiko ordezkaritzaren laguntzarekin webgunea ere sortu zen.

Geroztikako lau urteotan VascosMexico zerrendak 500 bat kide bildu ditu, Mexikon gehienak, baina baita ere Euskal Herria eta beste herrialdetan. Webguneari dagokionez bertan euskal komunitatearen aktibitateen ehundaka berri eta erreportaia argitaratu dira. Zalantzarik gabe, webgunearen izarra Argazki Galeria atala da: bertan jarduera desberdinetako hogei bat mila argazki eta bideo argitaratu dira (kontzertuak, afariak, mintegiak, omenaldiak... islatuz).

Argazki ondarea

Argazkilari lan saiatu hau Jaione Arrietak egin du, ahalegin pertsonal handiarekin. 'Argazkien kontua kointzidentziaz hasi zen 2003ko ekainaren 9an, nire aita hil zenean, familia osoa Euskal Herrira joan baino astebete lehenago. Berak iloba eta ezkon anai-arrebei bere lurra erakusteko gogo handia zuen eta kolpe latzari eta tristurari aurre eginez bidaia egitea erabaki genuen. Bilbon, ustekabean, argazki kamera erosi nuen eta harrez gero denei argazkiak ateratzen hasi nintzen, denbora gelditu nahian edo, aitarekin atera ezin izan nituen argazkien ordainetan’.

Orain Vascosmexicok erronka handia du etorkizunari begira: joan den udaberrian sortu zen elkarte zibilari oinarri sendoak eman eta tinkotzea. Ez da erraza. Horretarako Arrietak babes ekonomiko eta finantziazio beharra azpimarratzen du. 'Gure ametsa Mexikoko euskal komunitateak egiten duena ezagutzera eman eta bigarren eta hirugarren belaunaldiko euskal mexikarrengan euskal kulturaren hazia landatzea da’, azaltzen du.

Lotura interesgarriak

Vascosmexico.com webgunea
www.vascosmexico.com

Vascosmexico.com elkarte zibila bihurtu da
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 17an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia