euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Matteo Manfredi napolitarra argazkietan oinarritu da Uruguaiko euskal migrazioa aztertzen duen tesia egiteko

2008/02/14

Montevideoko euskal komunitateko dantza talde baten irudia 50. hamarkadan
Montevideoko euskal komunitateko dantza talde baten irudia 50. hamarkadan

PUBLIZITATEA

Matteo Manfredi historialari napolitarrak magna cum laude kalifikazioa eskuratu du Euskal Herriko Unibertsitatean 'La fotografía como fuente para el análisis de los procesos migratorios. Metodología, conceptualización y crítica en la Historia de la migración vasca a Uruguay (siglos XIX-XX)' izenburudun tesiarekin. Lana Oscar Alvarez Gila historialariak zuzendu du. Tesiaren proposamena argazkiak migrazio prozesuak aztertzeko tresna berritzaile bezala erabiltzean datza.
Zer egiten du historialari italiar batek Gasteizen Uruguaiko euskaldunei buruzko tesi bat aurkezten? Erantzuna Matteo Manfredi napolitarrak eta Oscar Alvarez Gila historialari euskaldunak sarean izan zuten topaketan dago. Manfredi Napoleseko Unibertsitatean Zientzia politikoetan lizentziatu berria zen eta Historian doktoretza egiteko modua bilatzen ari zen, ardatz bezala bere zaletasun nagusienetakoa, argazkigintza, erabiliz.

Sarea izan zen bi ikerlarien arteko topagunea eta Alvarez Gilak, euskal Diasporari buruzko ikerlari aktiboenetako batek, bere tesia zuzentzea onartu zuen. Gilak, gainera, Uruguaiko euskaldunen historia aztergai bezala hartzea proposatu zion. Joan den otsailaren 7an Manfredik magna cum laude kalifikazioa lortu zuen bere lanarekin. Euskal Herriko Unibertsitateko Geografía eta Historia fakultatean aurkezturiko lehen tesi europarra izan da hau.

Argazki artxibo oparoa

'Uruguain erraztasunak genituen, herrialdearen dimentsioak txikiagoak direlako eta ikerketa Montevideoko euskal etxeetan zentratu ahal izan genuelako’, azaldu dio EuskalKultura.com-i Manfredik. 'Haize Hegoa Euskal Etxeak, Euskal Erria elkarteak eta baita elkarte Euskaroak ere, hiruak Montevideokoak, laguntza handia eskaini ziguten. Argazki eta kontaktu asko lortu genituen eurei esker'.

Mila argazki eta dokumentu grafiko baino gehiago eskuratu dituzte ikerketan. 'Euskal etxeek asko lagundu ziguten eta gainera lana asko eskertu ziguten. Kasu batzuetan galtzear zegoen materiala zen’, azaldu du Manfredik. Argazkiak XIX mende bukaeratik gaur eguneraino tartekoak dira. [Ezkerreko irudian Matteo Manfredi historialari napolitarra]

Euren buruaren irudikapena

Migrazio prozesuen ikerketan argazkiek ‘froga balioa eskaintzen dute, iturri tradizionalengandik haratago’, Manfrediren esanetan. Baina nahiz eta egia izan batzuetan argazki batek mila hitz baino gehiago azal dezakeela, kontuz ibili behar du ikerlariak, ‘argazkiak ez direlako errealitatearen ispilua’, ohartarazten du Manfredik. 'Argazkiek Uruguaiko euskaldunen historiari buruzko informazioa emateaz gain, euskaldun horiek uruguaiar gizarteari eman nahi zioten irudia zein zen ere azaltzen digute’.

Hala, irudi zaharrenetan, XIX mende bukaerako argazkietan, Manfredik euskal ikur nazionalista eta folklorikoen falta sumatzen du: ez ikurriñarik, ez txapelik... deus ez. 'Era oso formalean aurkezten zuten euren burua, jantzi dotoreekin jantzita. Gizarte uruguaiarrean integratzea zen euren helburua’. Beranduago agertzen dira euskal elementu bereizgarriak. 'Honek integrazio prozesuei buruzko hausnarketa egiteko aukera ematen digu. Gaur egun, gizarte globalizatu batean, jendeak bakoitzaren dibertsitatea azpimarratuz integratzen saiatzen dira', gogoeta egiten du Manfredik.

[Euskal-uruguaiar taldea 1915. urtean, Montevideoko Centro Eúskaro Español elkartearen artxiboan]

Argazkiak guda salatzeko

Artxibo pertsonaletan aurkitutako argazkien artean 36ko gudari buruzko iturri oso adierazgarriak topatu dituztela gaineratzen du Manfredik. Horien artean, adibidez, Irungo bonbardaketaren argazki batzuk. 'Ez dakigu nola heldu ziren Uruguaira, bakarrik Euskal Herrian geratu ziren senitartekoek bidalitakoak zirela’, azaltzen du tesiaren egileak. ‘Egoera deskribatzeko hitzak motz gelditzen zirenean, jendea argazkiak erabiltzen hasi zen orduan’.

[Uruguaiko artxibo pertsonal batean berreskuratutako Irungo bonbardaketaren argazkia]

Manfredik azpimarratzen duen beste alderdi bat euskal komunitateko familien arteko harreman estua da. 'Ikerketan erabili ditugun artxiboetako bat Bengoa Tejería familiarena izan da. Uruguaien sortutako familia bat da, amak eta aitak bertan elkar ezagutu eta bakoitzak Euskal Herritik eraman zuen argazki artxiboa batu egin zuten. Gero euren argazkiekin osatzen joan ziren, baina deigarriena zera da, Irazoki senar-emazteen argazkiak ere beraiek jaso zituztela. Seme-alabarik izan ez zuen bikote nagusia zen Irazokitarrena eta Bengoatarren alaba Maiterentzat (Haize Hegoako kide da Maite gaur egun) bere aiton-amonak bezala izan ziren. Diasporan familiak odol kontu hutsa baino, sare kultural eta emozionala direnaren seinalea da’.


Lotura interesgarriak

Oscar Álvarez Gila, egungo Diasporari buruzko begirada baikorra
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko abenduaren 10ean

IV. Euskal Herria Mugaz Gaindi Mintegia
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 2an

Maite Bengoak Olentzeroren ipuina kontatu zien haurrei
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko abenduaren 12an


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia