euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Oroimenean

Karmelo Etxenagusia

Karmelo Etxenagusia

2008/11/06 - Bilbo, Bizkaia

Karmelo Etxenagusia

Karmelo Etxenagusia ohorezko euskaltzaina hil da gaur, 2008ko azaroaren 6an, Bilbon, 76 urte zituela. Haren aldeko hileta elizkizuna bihar, azaroak 7, izango da, Bilboko Begoñako Basilikan, arratsaldeko 17:00etan. Igandean, azaroak 9, Iurreta bere sorterrian egingo da irteera- meza, eguerdiko 12:00etan.

Karmelo Etxenagusia Uribe Iurretan jaio zen, 1932ko apirilaren 24an. Gordexola, Arteako eta Gasteizko seminarioetan egin zituen apaiz ikasketak. 1955ean apaiztu zen eta segidan Seminarioko irakasle izendatu zuten. Geroago Comillaseko Seminarioan ikasi zuen Eliz Zuzenbidea. Gero, Erroman Teologia eta Eliz Zuzenbidea ikasten jarraitu zuen.

Etxenagusiak gazte-gaztetandik hartu zuen hizkuntzarako zaletasuna. Ikasketak gaztelaniaz egin behar izan zituenez, bere kontura hasi zen euskara lantzen eta, Teologia ikasten ari zela, beste ikasle batzuekin batu eta euskara ikasteari ekin zioten. Berak kontatu bezala, lagunek utzitako liburuak hasi zen irakurtzen, bizkaieraz hasieran, eta gero Lizardiren Biotz-Begietan eta Orixeren Euskaldunak bezalako liburuak. Orixeren Urte guztiko bezperak izan omen zen urte haietako bere lagunik onena euskara ikasteko, latinez eta euskaraz idatzita baitzegoen. Derion irakasle hasi zenean, bazegoen katedra bat euskara ikasteko eta Etxenagusiak berehala ekin zion euskara irakasteari.

Bere ikasle izandakoen artean euskal letretan oso ezagun bihurtu diren izenak aurki ditzakegu: Mikel Zarate, Xabier Amuriza, Gotzon Garitaonaindia, Jesus Mari Agirre, Joseba Agirreazkuenaga eta Adolfo Arejita, besteak beste.

1967. urtearen inguruan, Batxilergo ikasketa planetan euskara sartu zuten, eta Derioko Seminarioan euskara era sistematiko batez hasi ziren irakasten. Plan horren buru Etxenagusia bera izan zen.

Mikel Zaraterekin batera, Derioko Udako Euskal Ikastaroen sortzaile izan zen, 1969an. Bertan euskal literatura irakatsi zuen urte askotan. Ikastaro horietako irakaskuntzaren fruituak dira “Euskal Idazleak bizkaieraz. Antologia. Testu azterketak. Ariketak”, Jon Kortazar eta Aitor Etxeberriaren laguntzaz egina, eta Iparraldeko Euskal Idazleak. Antologia.

Derioko Udako Ikastarotik sortu zen Labayru Ikastegiaren bultzatzaile handienetarikoa ere izan zen.Bilboko elizbarrutiko idazkari izan zen, bai eta bikario nagusi ere, eta euskararen aldeko bere borondatea ere argi utzi zuen. Izan ere, lan handia egin zuen Liturgia Batzordean, Manuel Lekuona, Juan Mari Lekuona, Lino Akesolo, Joxemari Aranalde eta Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko beste elizgizon batzuekin batera.

Begoñako “El Refugio” komentuko mojen kapilaua ere izan da hainbat urtez. 1995eko irailaren 8an, 63 urte zituela, Bilboko gotzain laguntzaile izendatu zuten, eta zeregin horretan ibili da ordutik 2008. urtera arte, aurtengo apirilean jubilatu baita.

Euskaltzaindiak 1965eko irailaren 24an izendatu zuen euskaltzain urgazle eta 1998ko apirilaren 24an, berriz, euskaltzain ohorezko.

Argitaratutako lan nagusiak:

-Beste lorategi bi: Bizkaiera. 1965
-Beste lorategi bi. Gipuzkera. 1967
-Euskal Idazleen lorategia. 1969
-Euskal idazleak bizkaieraz. 1980
-Iparraldeko euskal idazleak. 1981
-Euskera nire bizitzan. 2003

Baina Diasporarekin ere izan zuen harremanik aita Karmelo Etxenagusiak. 1998an, bertako aita Martxel Tillous euskal apez ibiltariak gonbidaturik, Estatu Batuetako euskal komunitateak bisitatu zituen, aita Mikel Urresti lagun. Begiak zabaldu zitzaizkion, ordura arte ezagutzen ez zuen euskal eta barruan baita ere bizkaitar parrokia handia edo esanguratsua topatu baitzuen.

Errealitate haren zordun gelditu zen eta 2000.ean berriz ere inguratu zen Estatu Batuetara, aurreko bidaian bezala ibilbide luzeak eginez aita Martxel gidari, estatu eta herri bateko eta besteko euskal komunitateak oro har, eta partikularzki bere zeregin zuzenagoa ziren bizkaitarrak bisitatuz, Bizkaiko apezpiku laguntzaile legez. Irudi eta inpresio ezinhobea utzi zuen bisitatu zituen komunitate eta familia guztietan. Bere galera sentituko du bat baino gehiagok, Boiseko puntatik Kalifornia hegoaldeko puntaraino. Goian Bego aita Karmelo.

[San Franciscoko Basque Cultural Centereko kantxan meza eman ondoren ateratako irudian, aita Mikel Urresti, Marie Elu, aita Karmeko Etxenagusia, Louis Elu eta Pierro Etcharren (argazkia EuskalKultura.com)]


Oroimenean

Bidali zurea

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia