Gipuzkoako Foru Aldundiak Xabier Lete Euskarazko Poesia Saria jarri du abian; Diasporak ere parte har dezake
Xabier Lete euskal kantari eta poeta handiaren heriotzaren urteurrena ez da oraindik bete, eta euskal kulturaren munduan sortzaile oiartzuarraren itzalak bizirik dirau. Bere omenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Nazioarteko Xabier Lete Euskarazko I. Poesia Saria jarri du abian, eta irailaren 15a bitartean jasoko ditu partehartzaileen lanak. EuskalKultura.com-ek baieztatu ahal izan duenez, mundu osoko euskal idazleek har dezakete parte bertan. Irabazleak 10.000 eurotako saria jasoko du.
Kirmen Uribe: "Gauza exotiko batetik kalitatezko literatura egiten duen herria izaterako jauzia egin dugu"
Kolonbian izango da larunbat honetatik aurrera Kirmen Uribe idazle ondarroarra, Medellingo Nazioarteko Poesia Jaialdiak gonbidatuta. Larunbatetik eta datorren uztailaren 10a bitartean, nazioarteko olerkari mordoxka eta milaka entzule bilduko ditu Hegoamerikan eta mundu mailan garrantzitsuenen artean dagoen jaialdi honek. Uribek lau irakurraldi kolektibo eta beste bat bakarka egingo ditu Medellin eta Bogota artean. Nazioartean makina bat jaialditan izan da Uribe, baina aspaldion euskal literaturaren jauzia sumatu duela dio: gauza exotikoa izatetik kalitatezko literatura egiten duen herria izatera pasa omen gara.
Tranchida argitaletxeak italieraz plazaratu du Edorta Jimenezen "Sukar ustelaren urtea" eleberria
"Il nemico a bordo" izenburuarekin argitaratu du Tranchida etxeak Edorta Jimenez idazlearen "Sukar ustelaren urtea" nobela (Txalaparta, 2004). Argitaletxe honek Jimenezen beste bi eleberri itzuli ditu italierara: "Azken fusila" eta "Baleen berbaroa". Liburuak XVI. mendean Espainiako Armada Garaitezinean maiteminetik ihesi erroldatzen den Sebastianen istorioa kontatzen du.
Antioquia eta euskaldunen arteko lotura hola edo hala aipatzen duten olerkien saria deitu dute Kolonbian
Beti aipatua da Antioquian euskaldunek bertako historian izan duten zerikusia eta utzitako arrastoa, eta horri heldu dio hain zuzen Antioquiako Euskal Ikasketen Zentroak bere I Olerki Saria antolatzeko, izentzat, gainera "Euskal-antioquiar lotura Robledo Ortiz-en olerkietan" ipinita. Izan ere, gisa batera edo bestera lotura hori edo euskal aipamenik baitaratzen duten olerkiak aurkeztu ahal izango dira, edonongo egileenak, gaia zeinahi, eta saritzat olerkien argitarapena eskainiz, edizio elebidunean, gaztelania-euskara 'Euskal Presentzia Antioquian' izeneko antologia baten barnean. Egile bakoitzak hiru lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez. Argitaragabeko lan originalok aurkezteko epea 2011ko uztailaren 30ean bukatuko da.
Bernardo Atxagaren 'Zazpi etxe Frantzian' liburua frantsesez argitaratu du Christian Bourgois etxeak
Bernardo Atxaga euskal idazlearen azken lana, 'Zazpi etxe Frantzian' eleberria, apurka apurka nazioarteko ibilbide polita egiten ari da eta hil honen hasieran frantsez edizioa aurkeztu du Christian Bourgois argitaletxeak. Edizio honekin Atxagaren azken lana sei hizkuntzatan irakur daiteke jada: jatorrizko euskaraz, gaztelaniaz, galegoz, katalaneraz, portugaleraz eta orain frantsesez. Edizio ingelesa ere aurki izango omen da kalean.
Bernardo Atxagak 'Zazpi etxe Frantzian' eleberria izan zuen hizpide Bruselako Passa Porta jaialdian
Bruselan izan zen iragan asteburuan Bernardo Atxaga, nazioarteko sona handiko zenbait idazlerekin batera Passa Porta literatura jaialdian parte hartzaile. Atxagak hitzaldia eman zuen igandean La Monnaie antzokian, hiriburu europarreko Cervantes Institutuko zuzendariak aurkeztu zuen ekitaldian. Asteasuarra 'Zazpi etxe Frantzian' eleberriari buruz solastu zen, besteak beste. Hitzaldia Etxepare Euskal Institutuak eta Cervantes Institutuak 2011ko urtarrilean sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren barruan sustatu dute.
'Haserretu zaitezte!', Frantzian markak hautsi dituen liburuxka, euskaraz kaleratu du Denonartean argitaletxeak
Azken hilabeteetan hitzetik hortzera dabil literatur munduan 'Indignez-vous!' liburuaren boom-a: iazko abenduan argitaratu zenetik milioi bat ale saldu ditu Frantzian Stephene Hesselen matxinada baketsurako deiak eta hainbat hizkuntzatara itzultzen ari dira munduan zehar. Denonartean argitaletxe nafarra fin ibili da eta dagoeneko Euskal Herriko liburudendetara heldu da 'Haserretu zaitezte!' liburua, gaztelaniazko bertsioarekin buruz-buru. Inma Errea izan du euskaratzaile.
Armiarma.com-en e-liburuak euskaraz doan eskuragarri: Shakespeare eta Etxepare, Lizardi zein Pushkin
Euskal literaturari buruzko webgune aitzindarietako bat da, zalantzarik gabe, Armiarma.com, eta bere ibilbidean gainera, literatura sarean doan jartzeko ahalegin berezia egin du. Orain, liburu eta irakurgailu elektronikoen iraultza honen karira, webguneak ekarpen berri bat egin die literaturzaleei: sarean jarri ditu literatura unibertsaleko eta euskal literaturako hainbat klasiko, euskaraz, e-pub eta PDF formatoan. Lizardi, Etxepare, Kirikiño, Baudelaire, Shakespeare, Pushkin... zure e-reader-ean izan ditzakezu klik bakar batekin (edo PDFan ordenagailuan).
Omenaldia Bilbon Sergio Oiarzabal poetari eta hilondoko bere liburu bat aurkeztuko dute Bidebarrietan
Bilbotar olerkariaren lagun talde batek, tartean idazle eta poetak, musikariren bat, argitaldariak eta hiriburu bizkaitarreko literatur eta poesia inguruetan mugitzen diren jendeak, omenaldia prestatu dio bihar ostegunez Bidebarrieta Liburutegian Sergio Oiarzabal poeta gazteari, joan den ekainean eta tupustean, 36 urte zituela hil ondoren. Poetaren testuen zatiak musikak ladunduta irakurriko diren ekitaldia hunkigarria eta lagunarte girokoa espero da. Sergio Oiarzabal, euskal diaspora gaietan aditua den eta egun Deustuko Unibertsitatean eremu horretan ikertzaile diharduen Pedro Oiarzabalen anaia zen. Hitzordurako ateak zabalik egongo dira parte hartu nahi duen ororentzat.
Emekiro, sei euskal idazleen ipuinekin, Herbehereak euskal kulturaz busti nahi ditu Zirimiri Press argitaletxeak
Kalean da, Herbehereetako liburudendetan, Zirimiri Press argitaletxearen lehen liburua, 'Emekiro', sei euskal emakume idazleren ipuin bilduma, euskaratik zuzenean neerlanderara itzulia. Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Jasone Osoro, Eider Rodriguez, Katixa Agirre eta Kristina Goikoetxea dira idazleak, seiak ala seiak 1970az geroztik jaiotakoak. Herbehereetan hizkuntza txikien literatura eta kultura ezagutaraztea da argitaletxe gaztearen helburua, emeki-emeki, ia konturatu gabe bustitzera heltzen den zirimiria bezala. Ekimenaren atzean Madrilgo Euskal Etxean euskara ikasi zuen Henrike Olasolo, eta bere emaztea Cristina Richarte daude.
