Erruduntzat jo du Temucon Txileko Justiziak Asel Luzarraga euskal idazlea; zigorra asteartean argituko du
Prentsa txiletarrak atzo argitaratu zuen Temucoko Epaimahaiak, Txile hegoaldean, Asel Luzarraga euskal herritarraren aurka egindako ebazpenaren berri. 'Lehergaiak egiteko materiala eukitze delituaz' epaitu dute idazle bermeotarra, arma eta lehergaien legearen arabera. Errudun jo dutela jakinik, egun batzuk beharko dira itxaron egotzitako zigorra jakin arte. Fiskalak bost urte eta egun bateko zigorra eskatzen dio.
Jaialdi 2010, Boise Idahoko 'International Basque Culture Festival'eko argazki erreportajea (III)
Uztailaren 29a, osteguna, bertako prentsaren laguntzaz hasi zen Boisen, aste osoan zehar eta aurreko hilabeetan ere bidea prestatzen aritu baita Jaialdiri buruz hizketan, programaten xehetasunak aletzen. Egunkari behinenak, Idaho Statesman-ek aurreko igandean gehigarri berezi bat kaleratu zuen, eta bestelako prentsak ere tarte eta berri berezituak eskaini dizkio, baita irrati eta telebistei dagokienean ere. Izan ere, bertako festa gisa eta bertako kultura eta molde gisa bizi baitituzte hemen euskaldunak eta euskal kultura. Argitalpenetan, Jaialdik berak izen bereko aldizkaria ere atera du, 96 orrialde luxu eta kolore guztiekin astearen jakingarri guztien berri emateko bisitariei.
Argentina eta Txileko nafar etxeetako 20 gaztek amaitu dute Iruñean 'Nafarroa' Nazioarteko Ikastaroa
Miguel Sanz Nafarroako presidenteak Nazioarteko 'Nafarroa' Ikastaroaren XIII. edizioa itxi zuen uztailaren 30ean Iruñean. Uztailaren 18tik 30era Argentina eta Txileko nafar etxeetako 20 ikaslek hartu dute parte ikastaroan, hala nola Bolivar (2), Buenos Aires (4), Mar del Plata (1), Mendoza (6) eta Rosariokoak (5), Argentinan; eta Santiagoko nafar etxekoak (2), Txilen. Itxiera ekitaldian, gazte partaideek eskerrak eman dizkiote Gobernuari bertan egoteko eta egunotan parte hartu duten hitzaldi, mahai-inguru, bisita, txango eta bestelako ekimenetan parte hartzeko aukera emateagatik Nafarroako egungo errealitatea ezagutzearren.
Aurreko edizio jendetsuetan baino jende gehiagoz, Diasporaren munduko hiriburu izan da Boise Jaialdi garaian
Aste honetan banatuko dira xifra eta datu zehatzagoak, baina Jaialdiko arduradunengandik jaso ditugun lehenengo informazio eta iruzkinak irribarrea ezpainetan eta poz aurpegi nabariz eman dizkigute, balantze ezinhobea eginez amaitu berria den Jaialdiz, aurreko edizioetan lortutako xifrak arrunt gora joan eta biderkatu egin direla esanez. Ez da ofiziala, baina 40.000 eta 45.000 bisitari arteko estimazioa da ahoz aho dabilena. Egia esan, Boise hiriak bere onena eman du euskal kultura ardatz hartzen duen ekitaldi erraldoi honetan eta egun hauetan Boise eta Idahoko komunikabideetan ezezik, Oeste osoko eta nazio zein nazioarteko zenbait hedabidetan ere sartu dira Jaialdi eta euskaldunak berri pozgarri gisa. Boise bertakoetan, hasteko, gehigarri bereziak eta arreta berezia eskainiz nazioarteko euskal elkarretaratze honi.
Festa giro ezinhobeaz eta egindako aurreikuspenak beteaz bukatu zen atzo Idahoko Boisen Jaialdi 2010 (I)
Igande gauez bukatu da Boisen Jaialdi 2010. Ohiko beroa lagun --edo ez gehiegizko etsai-- egunez egun elkarretaratze honetaz jasotako iritzi eta iruzkinak positiboak izan dira oso. Aurten inoiz baino jende gehiago bildu da Euskal Herritik, eta hori nabaritu izan da joan den astean zehar hiriko 'Basque Block' delakoan present egon den giro eta bizitasunean. Bertakoak ere ez dira atzean gelditu ordea. Ostegunean, programak ekitaldi bereziak baitaratzen zituen, musika eta animazioa bildurik, eta asteko azken hiru egunetan euskal giroak Boiseko hiria harrapatu zuen. Hainbati entzun izan dizkio lerro hauek idazten ari denak, 'Euskal Herriko herri bateko jaietan banengo bezala sentitzen naiz' eta antzeko esaldiak, esataria Euskal Herritik etorritako zein Ameriketako beste edozein bazterretatik etorritako euskalduna izanik.
Quebec-eko 'Ameriketako Euskal Abenturaren Parkea' bere euskal festaren 12. edizioa ari da ospatzen
Joan den ostiralean hasi eta datorren igandera arte luzatuko da, uztailaren 30etik abuztuaren 8ra arte, Quebec-eko Trois-Pistoles herrian dagoen 'Parc de l'Aventure basque en Amérique' (Ameriketako Euskal Abenturaren Parkea) delako museo biziak urtero antolatzen duen euskal jaialdi eta astearen 12. edizioa. Pilota ikastaro bat eta txapelketa, arte erakusketa, euskal sukaldaritza dastatzea, kirolen eta indar erakusketa, pintura tailerra, haurrentzako ekintaldiak eta gehiago dauzka osagai, euskal dantzak eta Ezpeletako txaranga ere protagonista izango dituen jaialdiak.
Martxelo Otamendiri AEBetan sartzen uztea eskatu diote bertako gobernuari Idahoko euskal komunitatetik
Hala esan zuten duela egun batzuk: Egunkariko zuzendari ohia eta egun Berriako zuzendaria den Martxelo Otamendi kazetariak ezingo zuen Idahoko Jaialdin egon, AEBetan sartzeko baimena bertako gobernuak ukatuta. Geroztik, Idahoko euskal komunitateko kide eta buruzagi ezagun diren Dave Bieter, Boiseko alkatea, eta Pete Cenarrusa, estatu-idazkari ohia, Otamendiren alde mintzatu zaizkio gutun batean AEBetako Espainiako enbaxadariari. Boiseko hiriari eta bertako euskaldunei lotutako ibilbidea daukan Otamendi duela gutxi errugabetu zuen Espainiako justiziak bere kazetari lanari loturik leporatzen zitzaizkion ETAko kide izateko karguetatik, Euskal Herri barne zein kanpoko hainbat kazetari-elkarteek eta giza eskubideen eta bestelako taldeek erabat zentzugabe eta oinarribakotzat jo zuten 'Egunkaria auzia' izena hartu zuen prozesuaren baitan.
Patxi Lopez lehendakariak 'Lagun Onari' eman zion Nevadako Estatuari atzo bertako unibertsitatean
Estatu Batuetara hasi berria duen bidaiako lehenengo programapeko egun osoan Nevada-Renoko Unibertsitatea (UNR) bisitatu zuen atzo Patxi Lopez lehendakariak. Goi ikastetxe horretako 'Mathewson-IGT Knowledge Center' delako eraikin adimentsuan egoitza duen Euskal Ikasketa Zentroa, UNRko presidentearekin eta bertako goi karguen gidaritzapean ikusi zuen, tartean Bill Douglass, Joseba Zulaika eta Sandy Ott irakasleekin. Horiekin batera, Blanca Urgell Kultura sailburua eta Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta euskal ordezkaritzako parte ziren beste zenbait lagun. Goizeko ekitaldi garrantzitsuenean, eraikin bereko hitzaldi aretoan, Jaurlaritzaren eta UNRen arteko hitzarmena berritzea, eta Nevadako Estatuari 'Lagun Ona' merezimendua ematea. Gobernadorea postua uzten ari delarik, Nevadako gobernadoreorde Brian Krolicki-k jaso zuen plaka eta errekonozimendua.
Uztail bereziki hotzari aurre eginez, Argentinako nafar eta euskal etxeek Sanferminak ospatu zituzten
Beroak Euskal Herriko Iruñea gogor jotzen zuen bitartean, Buenos Aires probintzian eta hiriburuan hamarkadako tenperatura baxuenak pairatu zituzten euskal argentinarrek. Hala ere, hotza ez zen oztopo bihurtu eta nafar eta euskal etxeek San Fermineko egitarauak bete zituzten. Argentinako jai eguna aprobetxatuz --Independentziaren eguna ospatzen da uztailaren 9an Hego Amerikako herrialde honetan-- erakunde batzuek egun hori aukeratu zuten euren jaia gauzatzeko. Horien artean, Buenos Aires eta Mar del Platako Nafar Etxeak. Bi instituzio hauetako kideak lagunen arteko bazkariak antolatu zituzten eguerdi hotz batean. Arrecifestarrak, ordea, bezperan elkartu ziren. Euskal etxeko tabernan menu berezi bat dastatu ahal izan zen uztailaren 8ko gauean.
Hendaiako Mutxiko Elkartea eta Irungo Txorimaloak, 'Music Made in Euskadi' Boiseko Jaialdin
Idahoko Boise hiriburua euskal musika, dantza eta aireen agertoki bilakatuko da aste honetan. Doinu, erritmo eta euskal giro hori ipintzen arituko diren talde eta norbanako gehienak Estatu Batuetakoak bertakoak izango badira ere, badira bi talde Euskal Herritik, Gipuzkoa eta Lapurdiko mugatik, bilduko direnak Jaialdi 2010era: Hendaiako Mutxiko Elkartea eta Irungo Txorimaloak Soinu Taldea. Azken hauen kasuan, ez da honakoa trikitilari eskola hau boiseratuko den lehenengo aldia, Jaialdi 2000n parte hartu baitzuten eta geroztik lotura estua baitaramate Boiserekin. Mutxiko dantza taldearen kasuan, duela bi urte Argentinako euskal diaspora ezagutu eta bertako hainbat euskal etxetan arrakastaz aritu ondoren, iparralderago jo dute oraingoan, Boiseko Jaialdiaz gain San Frantziskon ere dantzatuz.


