Dokumentu Akzioak

Nire talaiatik

Etxepare, Euskal Argentina, aita Martxel, Presencia Vasca, Gure Antzerkia eta dirulaguntzen epeez

Aste bukaera bete samarra joan den hau. Ostegunean jakin genuen urrats berria eman dela Etxepare Institutuaren abiatzean, agerkari ofizialak Miren Azkaratek sinaturiko Kultura Sailaren ebazpen bat plazaratu baitu, euskara eta euskal kultura ardatz harturik Diasporan eta atzerrian lan egiteko Donostian egoitza izanik sortua den erakunde horretan arituko diren lanpostu zerrenda argitara emanez. Anartean, Korrika Euskal Herrian barrena biraka zebilen bitartean, Herria astekarikoek larunbatean egin zuten euren urteko Biltzarra Hazparnen, Miren Azkarate Kultura sailburu bera eta Estebe Eiherabide Euskararen Erakunde Publikoko zuzendaria bertan zirela, aurtengoan astekariaren 3.000 alea plazaratzea ospatuz.

Igandean, Ipar Euskal Herria lan esparru nagusi daukan Euskal Argentina elkartearen urteroko Biltzarraren txanda ere bazen, ohi bezala Donibane Garaziko Herriko Etxean. Pierra Lako buru duen elkartearen azken partera hurbildu ginen, lehenago Kanbotik pasatu nahi baigenuen, bertako ospitale batean baita, zoritxarrez bere bizitzako azkenetan aita Martxel Tillous, hamahiru bat urtez Estatu Batuetako euskaldunen apez ibiltari eta euskaltzale, musika, kantu eta txistu irakasle izan den xiberotarra. Urte hastean bidali zien Martxelek bere azken agurra Ameriketako eta mundu osoko lagunei --Estatu Batuez gain, Pariseko Euskal Etxean eta Bolikostan ere ibili zen apez-- jakinik 2007 urte hondarrean atxeman zioten minbiziak ez duela atzerabiderik.

Argentinan, igandean bertan ospatu zituen etengabeko 19 lan-urte, Paranátik astero Urrundik Euskal Etxearen babesean aireratzen den Presencia Vasca irratsaioak. Federico Borras Alcain abokatu gaztea zuzendari eta esatari, saioa bi orduz luzatu zen atzokoan, goizeko hamabietatik eguerdia bitartean, ordu argentinarra (bost orduko aldea Euskal Herriarekin), Argentina barru eta kanpoko hainbat lagunen zorionak eta lekukotasunak bilduz. Argentinan hegoalderago, bestalde, Buenos Aires probintziako Bahia Blancan, Gure Antzerki (sic) antzerki taldekoek maiatzean hasiko dituzten ikasturte berriko eskolen berri eman digute. Haur eta helduentzat antolatzen dituzten tailerrei buruzko argibide gehiago euren webgunean lor daiteke: www.gureantzerki.blogspot.com.

Euskal Merkatari Ganberak, euren aldetik, enpresari bidaia prestatzen ari dira Peru, Ekuador, Kolonbia eta Venezuelara datorren maiatz-ekainerako. Honako datak bidali dizkigute: Limara maiatzaren 25-26an; Ekuadorreko Quiton egongo dira maiatzaren 28an eta Guayaquilen maiatzaren 29an; Kolonbiako Bogotán, ekainaren 1 eta 2an; eta Venezuelako Caracasen ekainaren 4 eta 5ean.

Ez dut gaurkoa pasatzen utzi nahi gogoratu gabe bihar, martxoaren 31ean, amaituko dela euskal etxeek 2008ko dirulaguntzen zuriketa egiteko epea, esan nahi baita ordainagiri eta paperak Eusko Jaurlaritzara iristarazteko epea (zuzenean Gazteiza, edo gobernuaren bateko edo besteko ordezkaritzetara). Aldi berean, bihar argitaratuko du agerkari ofizialak euskal etxeen 2009ko deialdi orokorra.

2009/03/30

Kubako berri eta Gorka Rosainz

Etorri berriak gara La Habanatik. Bertako euskal historian murgiltzen eta bertan dauden euskaldunekin aritu gara, errealitate euskal kubatarraren berri --iragana eta oraina-- eskuratzen. Hiriburu kubatarrean sortu zen, izan ere, 1877an, Asociacion Vasco Navarra de Beneficencia, egun behera etorria baina irlan oraindik ere indarrean segitzen duen elkartea. Mintzatu gara eurekin. Bisitatu dugu eta solastu gara baita ere --eta hitzaldiñoa eskaini genuen bertan-- La Habanako El Cerron aurrera egin nahiean ari den 'Dantzari' Ekimen herrikoiko (Proyecto Dantzari) arduradun eta partaideekin.

1954an Juanito Saizarbitoria mutrikuarrak La Habanan zabaldutako Centro Vasco jatetxea bisitatu eta bertan bazkaldu dugu, bakailaoa pil-pil erara hain zuzen, Euskal Herriko kirol herrikoiei buruzko horma margotuek inguratuta. La Habanan lankide dugun Josemi Arrugaeta santutxuarrarekin ere ibili gara, eta baita hiriburuan Athletic-eko Peña sortu berria duen Jose Luis Astigarraga azpeitiarrarekin ere. La Habanako kanposantu handian dagoen 'Euskaldunen Panteoia' ere jomuga izan dugu, eta sartu ahal izan gara garai batean 'Oihuen Jauregia' (Palacio de los gritos) izena hartu zuen munduko zesta-punta kantxarik entzutetsuenean.

Euskadi-Kuba elkarteko kooperazio lanetan dabilen jendea bisitatu dugu, baita La Habana Zaharrean euskal lankidetzaz sortu zen 'Gabriel Aresti' aroztegi-eskola ere. Mojitoez ere busti dugu zintzurra, Arechavala euskaldunak XIX mende hondarrean sortutako 'Havana Club' ronez eginiko mojitoez, jakina. Soroa ardoa ere ezagutu dugu eta euskal merkatari batzuk bertako historian utzitako arrastoez jantzi gara, besteak beste. Esklabotzak aberastu zituzten euskaldunen istorioak ere atera ditugu dantzan, dantza ere derrigorrez aipatu beharreko gauza baita Kuban, besteak beste lehen aipatu Dantzari proiektua medio. Begoñako Andra Mariari eskainitako aldarea, Hegoaldeko lau harmarriekin, ere ikusi dugu Habana Zaharreko San Frantzisko elizan. Bidaia osoan, Xabier Leteren Habanerak lagundu gaitu. Datozen egunetan argitaratuko dugu honi guztiari buruz.

Euskal Herrira itzulirik, Jaione Arrieta eta VascosMexico posta-zerrenda tarteko, Gorka Rosainz euskal mexikarra zendu dela jakin dugu. Bere euskal erroez harro zegoen mexikarra zen Gorka Rosainz, azken urteotan Euskonews-en Mexikoko euskal presentziaz eta historiaz dibulgazio artikuluak argitara emandakoa. Martxoaren lehenean hil zen. Gure harpidedun ere bazen eta izana genuen berarekin harreman epistolarra internetez. Penatu gara.

Kaliforniatik, The Last Link filmaren emanaldi berri bat antolatu dutela datorren ostegunerako, arratsaldeko sei t'erdietan Novato-ko Pierre jatetxean, euskal estiloko afaria eta filmaren proiekzioa bateratuz. Erreserbak (415) 898-4233 telefonoan. Gogoratu The Last Link-ek (Azken lokarria), Wyoming-en jaiotako Pete Camino artzain euskaldunaren istorioa kontatzen duela, laurogei urte paseak dituela Euskal Herria lehenengo aldiz bisitatzen duela.

Segituko dugu hizketan. Tartean, ez ahaztu, Baionako Herria astekariak bere hirumilagarren (3.000) zenbakia plazaratuko duela aste honetan, eta hau ez da batere txantxa euskal astekari batentzat, eta oro har argitalpen batentzat.

 

2009/03/23

Hauteskundeak: Eta orain zer?

Halaxe galdetu dute joan den igandetik aurrera gure erredakziora deitu edota e-mailak bidali dituzten zenbait jendek. Patxi Lopezek ordezkatuko du Ibarretxe? Hala bada, euskal etxeek segituko dute? Zein aldaketa etorriko da lehendakari berri bat sartzen bada, horrek aldaketarik ekarri behar badu? Aurten izango al da Gaztemundu? Laguntza deialdiek segituko dute? Hauek dira Diasporako lagunen buruetan bueltaka dabiltzan galderetako batzuk, edo guri behintzat egin zaizkigunak. Hona beraz geure iritzia edo ikuspena galdetutakoaz.

Jakina denez, hauteskundeak egin dira iragan igandean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Eusko Legebiltzarrerako parlamentariak hautatzeko. Gernikako Estatutuak dioenez, Eusko Legebiltzarra 75 parlamentarik osatzen dute, 25 lehen aipatu hiru probintzietako bakoitzeko. Bozka zuzen eta sekretu bidez hautatzen dira, eta eurak, hautetsiak eta aldarrikatuak izan ondoren hautatuko dute Legebiltzarrean exekutiboko burua, esan nahi baita Lehendakaria, lehenengo bozketetan erabateko gehiengoz, eta hori lortzen ez bada, gehiengo erlatiboz.

Normalean, eta hauteskundeetan inork lortzen ez badu erabateko gehiengoa, akordioak egiteko unea heltzen da. Helburua, Kameraren erdia gehi bat lortzea da, erabateko gehiengoa (38) alegia, lehenik Lehendakaria izendatzeko eta, gero, legealdian gobernu-politikak aurrera atera ahal izateko, buxeta eta aurrekontuak onartzeko, alegia.

DIASPORAREN BOZKEN BALIOA

Joan den igandean, bozkek eta gainerako baldintzek ez dute gauza sobera erraztu. Emaitzak, jakina denez, hauek izan dira: EAJ-PNV, 30; PSE-EE, 24; PP, 13; Aralar, 4; EA, 2; EB, 1; eta UPyD, 1. [Datu hauek datorren ostiralean alda daitezke, Diasporako bozkak zenbatzen direnean, eta EAk eserleku bat gal dezake Araban, Rafa Larreinarena, PSE-EEren alde; hau, ordea, ez da ostiralera arte jakingo. Normalean Diasporako datuek ez dute aldatzen emaitza orokorra, baina oraingo honetan, argi dagoenez, alda dezakete] Irabazle, beraz, Ibarretxe (EAJ-PNV), baina gehiengo absolutua eskuratu gabe. Normalean berari legokioke gobernua osatzeko manatua, kontutan harturik, gainera, bostpasei eserlekuko tartea atera diola hurrengo hautagaiari, Lopezi (PSE-EE).

EAJk irabazki eta bere aliatuak jaitsi. Gertatu da, ordea, aldi berean, PNV mantendu eta gora egin badu ere, orain arte EAJ-PNVrekin agintean zegoen hiruko gobernuko beste beste bi alderdiak, EA eta Ezker Batua, amildegian barrena jausi direla eta oso emaitza txarrak atera dituztela [2 EAk, 1 EBk; orain arte zeuzkaten EAk 7 (PNVrekin batera aurkeztuta), EBk 3] eta ez diotela gehiegi laguntzen Ibarretxeri beharrezkoa duen erabateko gehiengoa lortzeko lanetan. Ezta Aralarrek lortu dituen 4 botoak gehituta ere. Horiek guztiak batuta ere, boto bat falta zaio.

Aldiz, PSE-EEk emaitza onak lortu baditu ere, 18 eserlekutik 24ra pasatuz, urrun geratu da EAJk lortu dituen 30etatik. Baina bere botoak PPkoekin (13 eserleku, lehen 15) eta Rosa Diezen 'Union, Progreso y Democracia' alderdiaren bakarrarekin batuz 38ko zenbaki magikoa lortzen dute, eta gehiengo absolutua.

GOBERNU 'KONSTITUZIONALISTA'?

Arazoak (ez gaindiezinak): PSE, PP eta UPyDkoekin biltzen bada Patxi Lopez lehendakari jartzeko, frente estatalista, espainolista edo konstituzionalista (bakoitzak hauta dezala nahi duen hitza) osatuko luke, eta juxtu kanpainan behin eta berriro aritu da Lopez frentismoaren kontra; bestetik, erraz lortuko ditu PP eta UPyDren botoak inbestidurarako, baina gero?, ze programa adostu dezakete (gobernu barne edo kanpotik) estatuko gainerako lekuetan aurkari diren eta elkarri mokoka ari diren hiru alderdi badira? Gogora dezagun UPyDk, esaterako, Kontzertu Ekonomikoa kentzea proposatzen duela bere programan; Aldi berean, Ibarretxe Jaurlaritzatik kenduaz EAJren PSOErekiko harremanak Madrilen berehala hoztuko lirateke, eta Zapatero ez dabil aliatu sobran Madrilen gehiengo absolutuak lortzeko, izan ere 2008ko aurrekontuak EAJ eta BNGri esker atera zituen urrunago joan gabe; ber denboran, aditu guztiek diote gauden krisialdi honetatik ateratzeko gobernu sendoak behar badirela, ez oinarri ahula eta bere baitan lehergarria izan dezaketen exektiboak, besteak beste, PPren botoen menpe egonez, PPk izango bailuke gobernu hori nahi duenean jausiarazteko giltza (PPk edo Rosa Diezek); honi guztiari gehitu behar zaio EAJk eta PSEk akordioak dauzkatela, adibidez, Arabako Foru Aldundian eta Gasteizko Udalan eta honek harreman horiek gaiztotuko lituzkeela; EAJk, berez, oso gaizki hartuko luke Lehendakaritza galtzea, alderdi bozkatuena izanik (baina beste batek esango lukeen bezala, hau politika da).

Beste aukera bat EAJ-PSE gobernu bat osatzea izango litzateke. Nor buru? Zapatero, PSEk 1987an lehendakaritza EAJri erregalatu ostean, ez legoke, nonbait, berriz ere gauza bera egitearen alde. Ez eta Jauregui, Benegas... EAJk dio, berriz, hauteskunde hauek eurak irabazi dituztela, eta alde dexentez, eta eurei dagokiela Lehendakaritza; eta PSEk erantzuten dio eurak dagoeneko segurtatua daukatela Lopez lehendakari, PP eta UPyDen musutrukeko bozkekin...

Konklusio gisa, goiz da oraindik ere gobernu berriari buruz ezer aurreratzeko, negoziazio-egun, aste eta seguruenik hilabeteak gelditzen baitira.

ONDORIOAK EUSKAL ETXEENTZAT

Lehendakari aldaketak zer nolako ondorioak ekarriko lituzkeen Diasporan eta euskal etxeen munduan?

Gauzak aurreratzea da hau. Oraingoz talde bera dago jardunean eta aipatu goi mailako negoziazio horiek batera edo bestera amaitzen ez diren bitartean ez dago zer gertatuko den esaterik. Bistan da, Lehendakaritza aldatuko balitz, Kanpo Harremanetarako taldea ere aldatuko litzateke. Dena den, oraingoz, aurtengo planak aurrera doaz eta, galdera-ikur horiekin, baina 2009ko Gaztemundu uztaileko datetan egiteko asmoak bere horretan segitzen du; eta Euskal Etxeen deialdi orokorra eta premiazko laguntzen deialdia ere hilabete honen amaieran edo hurrengoaren hasieran argitaratzea espero da.

Lotura interesgarriak

www.lehendakaritza.ejgv.euskadi.net/r48-11192/eu

Eusko Jaurlaritzako Diasporarako egungo lantaldea

2009/03/03

Urtea lanean hasita

Urteroko lehenengo aste eta hilabeteak lasaiak-edo izan ohi dira Diasporan. Itxuraz behintzat. Batetik, Amerika hego puntako herrialdeak uda bete-betean daudelako, opor giroa nagusi, jendea Euskal Herrian abuztuan egon daitekeen bezala. Argentina, Uruguai edo Txileko Euskal Etxeetako askok, esaterako, ateak edo ekimenak ixten dituzte, ondoren, otsailean edo martxoan, urteari eta urteko ohiko programa guztiei indarberriturik heltzeko.

Ipar hemisferioan, aldiz, beroa ezezik, hotza eta negua da orain nagusi. Estatu Batuetan, Eguberriak ospatu ondoren lasai antzean ibili ohi dira, hiruhilabeteko berri bati ekinez. Zenbait Euskal Etxek Zuzendaritza Batzordeak berritzeko bilerak egiteko baliatzen dute urte hasiera. San Frantziskokoek, berriz, otsailaren erdialdean egiten dute urtero euren Basque Culture Center eraiki eta sortu zeneko urteurren festa. Joan ala ez joan, hori izaten da AEB Mendebaldeko askorentzat lehenengo hitzordua.

Aurten, ordea, AEBetako NABOko eta Argentinako FEVAko ordezkariak Buenos Aires probintzia hegoaldeko Mar del Platan bildu dira aurrerantzean harremanak sakondu eta elkarrekin lotuago eta hestuago lan egiteko. Mar de Platako bilerek gai eta proposamen asko mahaigaineratu zituzten, eta horietako zenbaiti baiezkoa eman zitzaien, datozen hilabete eta urteetan gauzatze-bidean jartzeko.

Baina Argentinako euskaldunekin ezezik, Kanada eta Mexikokoekin ere gertuago aritzeko mugimenduak egin dituzte NABOtik. Bilerak egin ziren horretarako akitu berria den urtean, Mexikoko kasuan, eta Kanadakoan Vancouver, British Columbiako Euskal Etxea NABOko partaide da dagoeneko, gainerako euskal etxeen baldintza berdinetan, joan den abuztu hondarreko Chinoko NABO Biltzarretik.

Mexikon, urtarrileko azken asteburuan hautatu du hiriburuko Euskal Etxeak lehendakari eta buruzagitza berria. Jende gaztea sartu da eta itxaropenak bizirik daude 2007an ehun urte bete zituen euskal elkarte honi behar eta merezi duen bultzada ekartzearren. Jai eta festei dagokienez, urtero legez, aktibo oso bukatu zuten urtea Mexikon, Eguberriak euskal eta mexikar gisa ospatu ondoren (posadak-eta tartean), Olentzero eta Errege Eguna ere ospatu baitzuten Euskal Etxean, ondoren San Sebastiango danborradari eusteko, eta hilabetea bukatzeko elkartearen Biltzar Nagusia egiteko.

Uruguain, aurten urte hasiera berezia izan dute. Batetik eta lehenengoz, bertan egin baita Udako Euskara Barnetegia, Uruguaiko eta Argentinako euskara ikasle/irakasleak bilduz, eta horiekin  batera Brasil, Txile, Peru eta Kolonbiakoak, HABEk FIVU, FEVA eta aipatu herrialdeetako euskal etxeekin daramatzan programen barruan. Joan den astebururaino izan da. Bestetik, Uruguaiko Euskal Etxeen Federazioan, FIVUn, gauzak prest daude, urtero bezala otsail erdialdean garatuko duen haur udalekua hasteko, Rio de La Plata ertzean, Artigasen.

Pentsatu baino gehiago luzatzen ari naiz, eta oraindik munduko pusketa handia gelditzen zaigu aipatzeko. Esan dezagun, beraz, urteko lehenengo asteek lanean harrapatu dutela hainbat euskal etxeetako jendea. Iaz, urratsak eman zituzten Europako euskal etxeetako ordezkariek Europa barruko elkarteen elkarrekiko harremanak azkartzeko. Bestalde, urtea ekimenetan blai bukatu eta hasi dute, esaterako, Erromako Euskara Elkarteko kideek zein Bartzelonako Euskal Etxekoek. Baina ez zaizkie atzean gelditu Madrilgo Euskal Etxekoak, eta lanean segitzen dute Londresen, zer esanik ez Parisen, Bordelen-eta...

Venezuelan lan ugari daukate iragan aberats bati segida oparoa eman nahian, eta Kolonbian planak eta ekimenak zabaltzeari ekin diote. Txinan, iazko abenduaren 30ean lortu zuen Shanghaiko Euskal Etxeak Eusko Jaurlaritzaren ofizialtasuna. Kuban, Perun, Alemanian, Australian, El Salvadorren, Puerto Ricon, Andorran, Brasilen, Paraguain, Suitzan, Dominikar Errepublikan... ere lanean ari dira. Aurtengoan, iparreko haizeek uzten badigute, gehiagotan iritsi nahiko genuke orrialde hauetan horietako bakoitzarengana.

2009/02/03

Heriotza ere bizitzako parte, jaioko dira berriak

Hamaika izan ohi dira gure esparru nagusi diren Euskal Diaspora eta Kultura (edo Euskal Kultura eta Diaspora) arloetan astero edo aldioro komentagarri gertatzen diren gaiak. Gu, bistan da, horietako batzuen berri jakitera iristen gara soilik, geure indarrak eta ahalak mugatuak direlako. Aurreko batean gogoratzen genuen bezala Diaspora bizi-bizia delarik, heriotzak ere leku berezkoa dauka bertan. Hona hemen azken egunotan handik eta hemendik helarazi zaizkigun pare bat berri, bizia/heriotzarekin zerikusia daukatenak.

Miamitik, Estatu Batuetatik, World Jai-Alaiko pilotari ospetsua izan zen Armando Gonzalez-en heriotz tragikoa eta Floridako euskal komunitatean --bereziki pilotari lotutakoan-- eragin duen kolpea aipatzen digute. Floridako Jai-Alaiaren urrezko denboretan oso pertsona ezaguna izan zen Gonzalez, 1968-81 artean, orduko pilotari kubatar-amerikar bakarra. Bere etxean sortutako sute baten ondorioz hil da Miamiko Habana Txikian abenduaren 27an, bere emazte Daisy Jimenezekin batera, bere amaginarreba ere oso larriki zaurituta. Miami Jai-Alaiko bere euskal lagun pilotariek lore-sorta bat eskaini zioten eta present egon ziren beilategian eta ehorzketan.

Heriotza ere, baina bestelakoa, itxiera bat, izan da Mexiko Hiriburuan gertatu dena, abenduaren 21ean. Egun horretan itxi zituen ateak Mexiko DFko Euskal Etxeko Loyola jatetxeak. Itxi arte urtetan bertako kontzesioduna izandako Enrique Asensiori eskertze, besarkatze eta txalotze mezuak iritsi zaizkio, besteak beste VascosMexico izeneko foro euskal-mexikarrean. Oso pertsona estimatua eta oso lan estimatua egindakoa da bere bizia Euskal Etxeari lotua eman duen jende askorentzat.

Kolore beltzeko beste berri bat, Madrilen euskal txistulari eta txistularien maisu izandako Juan Jose Ugalderena, urte hasieran gertatua. Jaiotzez gasteiztarra, gazterik joan zen Madrila eta makina bat ekitaldi edertu dituen txistulari banda sortu zuen, 1950. hamarkadan jotzen hasi zenetik. Euskal Etxeko hasierako kide, bere talde ezagunak, ikasle izan zituen Josean Razkin, Sabin Olaskoaga zena, Luis Manuel Pe-Mentxaka eta bera zeuzkan partaide. Mendizale amorratua zen. Heriotzak tupustean harrapatu zuen, urtero bezala Madrilgo Jesus Haurraren Ospitaleko kabalkadara txistua jotzera joateko prestatzen ari zela urtarrilaren 5ean, Errege Eguneko bezperan.

Hil diren guztien berri ezin eman hemen, Jean Berhan San Frantziskon, Noeline (Esponda) Sun eta lehenago Gaxuxa Amestoy Buffalo Wyomingen... Hamaika dira Estatu Batuetan, Argentinan, Mexikon, Uruguain, Venezuelan, Frantzian, Espainian, Txilen, Kanadan, Australian...

Biziaren gazi-gozoa Buenos Airesetik datorkigu. Bertan jaio baitzen urtarrilaren 10ean Maialen Alava Aranguren neskatoa, haurño polit-polit bat, ama Marina Aranguren, euskal-argentinarra, euskara irakaslea argentinar hiriburuko Euskaltzaleak gaueskolan; aita, berriz, Aitor Alava, dantzaria, berez Amurrio ondoko Zuhatzakoa (Araba) eta azken urteotan Buenos Airesen bizi dena, euskal dantza irakasle Argentina eta Uruguaiko hainbat euskal etxetan. Maleruski, aspaldi eri zen Aitorren aita, Maialen sortu biharamunean hil zen Euskal Herrian. Penaren eta doluaren gainetik biziak aurrera darrai, eta Maialen tipiak itsasoz bi aldeetako gauza onenak bilduko dituen ibilbideari ekin dio --seguru--, guraso eta aiton-amonen bidetik, euskaldun eta argentinar.

Bestalde, gaurkoz azkena baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, joan den asteburu honetan Zuzendaritza eta lehendakari berriak hautatu dira munduko zenbait euskal etxeetan. Honela izan ohi da urtero sasoin honetan, esaterako Boisen, Mexikon, Madrilen... eta, besteak beste, Renon. Estatu Batuetako Renon, Kate Camino hautatu dute presidente berria --zorionak (?), Kate-- urte berezi honetan. Lan frango egin beharko du arnegitar arrazako Kate euskalamerikarrak, bera buru duen Renoko Zazpiak Bat Euskal Etxeak antolatu behar baitu aurten, bera bulegoko buru den Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-ekin batera, aurtengo NABO Convention, batetik, eta horrekin batera eta aste berean, uztailean --aurten 50 urte beteko baitira Reno-Sparks-eko lehenengo Euskal Jai Nazionala egin zela--, Sinposio edo Biltzar bat Estatu Batuetako eta Diasporako euskalgintzaren geroaz.

2009/01/26

Biziak bizi bizi segitzen du

Bizia da bizia, eta azkar mugitzen da, baita Diasporan ere. Bere baitan egunero hiltzen da jendea, ume berriak sortzen dira, ekimen eta aktibitate berriak bultzatzen eta beste batzuk akitzen eta bukatzen. Estatu Batuetan, Buffalo Wyoming-etik aipatzen digute 90 urte bete --eta ospatu-- berri dituela Pete Caminok. Gogoratu, Pete Buffalon sortutako arnegitarra (Nafarroa Beherea) dela, arnegitarrak baitziren Ameriketan euskaldun zela irakatsi zioten bere gurasoak. Duela urte guti bisitatu zuen Petek lehen aldikoz Euskal Herria, eta euskaraz mintzatu ahal izan zen Arnegin sortutako bere ahaide eta lagunekin. Bisita hori film batera ere bildu zuten amerikano batzuk, The Last Link (Azken lokarria) izenarekin.
 
Urte berria hasirik, urtarrilaren 2an gertatu eta jakin genuen Mixu Mixelena kantariaren heriotza, tupustean, Baionan Aviron Bayonnais eta Castres taldeen arteko rugby partidan, bihotzekoak jo ondoren. 38 urte zituen eta itzuli berria zen Mixu Argentinatik, Maialen Errotabehere eta Xabaltx-ekin (MMX proiektuarekin) emanaldi batzuk emanik euskal etxeetan. Lagun asko utzi zituen Argentinako euskal giroetan eta bere heriotzaren berriak oihartzun berezia izan du Buenos Aires inguruan. Loturak ugaltzen eta sakontzen doaz Euskal Herriaren eta Diasporaren artean eta egun, berriak gertatu ahala jakiten direlarik, ohargarria da bizia eta geroa ere elkarrekin eta ontzi berean, ahalegin bereko partaide dugula hango eta hemengo euskaldunok, partikularzki euskaltzaleok. Besarkada bero bat Mixuren emazte eta haurrei.
 
Mundu tipiarena eta loturak sendotzearena ez dira hitzak bakarrik. Urteko lehenengo egunetan bilduak dira Argentinako Mar del Platan Estatu Batuetako (AEB) eta Argentinako euskal etxeetako buruzagiak. Bidaia egina dute horretarako, euren partaide argentinarrekin egoteko, Estatu Batuetako NABO erakundeko hiru ordezkarik, hala nola Mary Gaztambide, John Ysursa eta Izaskun Kortazarrek. Mary Gaztambide NABOko lehendakaria da, sortzez estatubatuarra eta Utah-ko Salt Lake Cityn bizi dena. John Ysursa estatubatuarra da baita ere, Kaliforniako Chinon bizi dena. NABOko sustatzailea (sic) da bera, koordinatzailea. Izaskun Kortazar, azkenik, Euskal Herrian sortua da eta Idahon bizi den emakume gaztea. Bera okupatzen da Estatu Batuetako euskara eskolez. Elkarren berri hobea izatea, elkarrengandik ikastea eta Argentina eta AEBetako euskal ekimenak hobekiago koordinatzatzea da bilkura hauen helburu, Eusko Jaurlaritza tarteko.
 
Txoko honetako gaurkoa bukatzeko, zer hobe lagun baten alaba sortu dela eta Nevadako Elkon euskaldun txiki bat gehiago badela jakinaraztea baizik. Alaba izan berria du Elkon, urtarrilaren 5ean, Amaya Ormaza euskaldun amerikanoak. Sofia ipini diote tipiari izena eta ama eta alaba ongi dira. Pozik legoke Amayaren aita, Pete Ormaza, 2006 urte hasieran zendua, bere biloba berria ikusten. Zorionak Sofia berari, bi urte t'erdiko bere ahizpa Katharine Isabel-i, eta Ormaza eta Winer familiei. Ea 18 urteren buruan Sofia tipiak bere ama bezala egin eta Euskal Herrira hurreratzen den urtebeterako eta atxikitzen duen Ameriketan nahiz Euskal Herrian euskaldun egiten gaituen kultura eta sentimendua!
 
PS: Gogoratzea, azkenik, datorren martxoaren lehenean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan botoa eman dezaketen Diasporako euskaldunei, gaur dela azkeneko eguna hauteskunde erroldan egon daitezkeen akatsak salatzeko eguna. Hiru probintzia hauetan dauden 1.776.006 hautesleen ondoan, 43.660 dira ofizialki estatutik kanpo bizi eta bozka dezaketen herritarrak.
2009/01/19

Diasporako Abenduko kontuak

Abendua hilabete berezia izan ohi da Diasporan. Euskal Etxe askotan urte azkeneko festak egiten dituzte, ia guztiak aurreratuak. Alegia, urte azkena behar baino bizpahiru aste lehenago ospatzen dute, bazkide eta lagunek egiazko urte azkena euren etxeetan, opor lekuan edo beste tokiren batean pasatu ahal izan dezaten. Lankideekin urteko azken lan-bazkari edo afaria egiten den bezala, baina euskal girokoa, euskal etxeko lagunek inguratuta. Euskal etxe gutxitan ospatzen da Eguberria Eguberri egunez eta Urte Amaiera edo Urtats abenduaren 31ean edo urtarrilaren 1ean.

Abenduko festa hauetan, gero eta gehiago, Olentzero agertzen da --tokian tokiko tradizioko pertsonaiekin batera (Santa Claus, San Nikolas, Hiru Erregeak...)-- baina, nonbait, pipa hortzetan duenak Euskal Herriko haurrengana iritsi aurretik bisitatzen du Diaspora. Argentina, Uruguai, Txile eta hego hemisferioko herrialdeetan, abenduko festek, urte azkena eta Eguberria ospatzeaz aparte, ikasturte bukaera ospatzeko ere balio dute, ikasturteak bertan urte naturalak baitira, eta eskolak urte hasieran (martxo aldera) hasi eta abenduan bukatzen baitira. Euskal Etxeetako klase eta eskolak --eta bereziki euskara eskolak-- normalean abenduaren hiruan --Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat-- ahitzen edo bukatzen dira, edo egun horretan egiten dute euren azken ekitaldi edo festa, diplomak banatuz eta ikasturte amaiera markatuz.

Toki gutxi batzuetan --gehienbat Madril, Bartzelona eta Espainiako estatuko euskal etxe batzuetan-- San Tomas ere ospatzen da abenduan, aurten, igandea tokatu denez, 21ean berean. Hala egin zuten joan den asteburuan, ohiko txistorrak jan eta ardoa edanez, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Euskal Herriko beste herri batzuetako usadioei segituz. Aste honetan, aldiz, San Tomas iragarlearen ondotik, Eguberriak edo jai giroak markatzen du programa.

Kalifornia aldean, haurrek giza jaiotza egin izan dute San Frantzisko, Bakersfield eta Chino bezalako herri eta euskal etxeetan. Aita Tillous-i zuberotarrari beti gustatu izan zaion ohitura izan da. Batek baino gehiagok eukiko du gogoan iaz eritasun larria atxeman zioten aita Martxel Tillous, gizon kementsua.

Oro har, Euskal Etxe gehienetan opor giroa da nagusi, abenduan, bereziki hego hemisferiokoetan, Euskal Herrian eta ipar hemisferioan joan den igandean neguan sartu ziren bezalaxe, Argentina bezalako herrialde batean, berriz, udan sartu baitziren eta, urtero bezala, Eguberriak udako oporrekin batuko baitituzte askok, haurrek partikularzki, baina ez bakarrik haurrek.

Aurten, Ipar Ameriketan, hotzak, elurrak eta neguko eguraldiek gogor jo dituzte zenbait bazter. Galdegin dezatela Salt Laken, Elkon edo Renon. Giro horretan biziko dituzte egunok bertako euskaldunek. Boisen, Sheepherder's Ball dantzaldi famatu eta tradizionala egin dute, eta Biotzetik abesbatzak bere euskal kantu kontzertua ere eman zuen St. John Katedralean. Olentzerok, nola ez, bertako ikastolako umeak eta oro har euskal komunitatekoak bisitatu ditu. Lan bera egokitu zaio Idahon ezezik, Nevadan, Kalifornian... eta hegoaldeko muga zeharkatuta, Mexikon, Mexiko hiriburuko Euskal Etxeak antolatzen dituen posada tipikoak dastatzeko aukera emanez agian. Olentzerok, Errege Magoen laguntza biltzen du Mexikon.

Eguberriko euskal ohiturak bizirik diraute, bakoitza bere gisara moldatua, Venezuelan, Perun, Paraguai... edota Australian. Bai, Australian ere, Olentzero eguraldi ezinhobea lagun azaltzen baita urtero Sydneyko euskal etxeko haurrentzat. Guztietan, eguzki edo elur, uda edo negu, ipar edo hego, haurrek ilusio eta esperantza ahozabal berarekin errezibitzen dituzte Olentzero, Eguberria eta sasoi honetako giro berezia.

2008/12/23

Karmelo Etxenagusiaren kontuetatik Venezuelako euskal zinera

Goizeko hamaikak aldean jakin dugu Karmelo Etxenagusia apezpikua hil dela. Egia esateko, Estatu Batuetan ezagutu genuen ongien orduan Bilboko apezpiku laguntzailea zen iurretarra, euskal amerikar komunitateak bisitatzeko 1998an aita Mikel Urresti lagun zuela egin zuen bidaian, tarteka cicerone lana ere egin baikenuen eurentzat Oesteko errepide luzeetan, aita Martxel Tillous apez zuberotarrak gonbidatuta bertara hurreratu zirenean. Hura gidari, milaka kilometro egin zituzten, bi astetan, Utah, Idaho, Oregon, Nevada eta Kaliforniako komunitateetan eta, itzulitakoan, zalantzarik gabe zioen euskal apezpikuak Bizkaian urte betean baino euskara gehiago mintzatu zuela Estatu Batuetan egindako egun gutxietan.

Geroztik, bueltatu zen berriro ere Estatu Batuetara, eta entzun ere egin zituen bertako fededunek aldi oro, behin eta berriro, Bizkaiko Elizbarrutiak --edo euskal elizbarrutietako edozeinek-- apez, kapelau edo omonier euskaldun bat bidal zezan eskatuz egiten zizkioten eskabide sendo bezain desesperatuak. Jakina baita zenbait hamarkadetan Baionako Elizbarrutiak apez bat eduki izan duela propio Estatu Batuetako Oestean, bertako euskal komunitatearen zerbitzuan.

Klarki ikusten zuten euskaldun amerikano haiek aita Martxel Tillous Estatu Batuetako euskaldunen azkeneko omonierra izango zela. Aita Karmelok, ordea, ezin nahi zuten erantzunik eman, Euskal Herrian bertan abadeak erabateko eskasian daudenean aukerarik ez baitzuen inor Estatu Batuetara bidaltzen pentsatzen hasteko. Beharra ikusten zuen, baina nahia eta ahala ez zetozen bat.

Gizon honen oroitzapena lerrootara ekarri nahi nuen. Pertsona polita zen eta mementu goxoak partekatu genituen Boisen, Boisetik Elkorako bidean (Nevadan), Renon, San Franciscon eta Bakersfield-en (Kalifornian). Nire gogoan segitzen dute.

Aste honetan, haatik, badirudi Estatu Batuetako hauteskundeek agintzen dutela. Ez gara horretan luzatuko. Presidentea hautatzeko hauteskundeez gain estatu mailako beste hainbat hauteskunde eta bozketa egion dira asteartean. Nevadan, esaterako, hautatutakoen artean, Eureka aldean, Pete Goicoechea nahi dugu aipatu, laugarrenez eskuratu baitu Estatuko Ordezkari-Ganberako jargia edo eserlekua. Arrantxaria da Goicoechea eta errepublikanoa. Zeinu politikoa aldatuz asteartean gehiengo demokrata lortu zuen Asanblean lan egin beharko du bere barrutian zuen aurkari demokratari 3-1 proportzioan irabazi dion 59 urteko Amerika sakoneko euskaldun honek.

Jauzia Venezuelara. Joan den astean ez genuen egin, beraz, iragan igandean Caracaseko Eusko Etxean egin zen hileroko ohiko mezan gogoratutakoan aipatuko ditugu orain: Jose Goitia Mendieta, Edurne Landa de Asua, Maria Begoña Linaza (Celayaren alarguna) eta Serafin de Derteano Basterra.

Venezuelan bertan, bestalde, arrakastaz ari da garatzen joan den astelehenetik aurrera 'Zine Vasco'. Agendan topatuko dituzue saioen xehetasun eta jakingarriak. Dena den, webgune txukun eta dexente osatu bat ere sareratu dute, hauxe: http://zinevasco.blogspot.com.

2008/11/06

Ongi etorri berezia Diasporan euskaldundu eta 'gutartzen' direnei

Bukatu berria da, joan den ostiralean, AEBetako Bakersfield-en, bertako California State University-koek (CSUB) antolatu duten Biltzarra edo Mintegia, euskaldunek Ipar Amerika Mendebaldean utzitako arrastoaren zenbait alderdi aztertu dituena. Lehenengo eta behin zorionak eman behar dizkiegu antolatzaileei, eta bereziki aipatuko nuke hor Steve Gamboa doktore euskal-amerikarra egiten ari den ahalegina, emeki-emeki unibertsitate horretan Euskal Ikasketa Programa bat sortzeko bidean.

Bide beretik, eta AEB osoko kideak biltzeko asmotan, hitzordu berri bat gauzatu zuten joan den ostiralean aipatu Mintegiaren barnean Partzuergoa, edo Estatu Batuetako Unibertsitateen Basque Consortium-a aitzinarazi nahi duten unibertsitate-irakasleek, eta egun Idahoko Boise State University; Nevadako University of Nevada, Reno; eta Kaliforniako University of California, Santa Barbara eta California State University, Bakersfield unibertsitateak biltzen dituena. Animo eta aurrera.

Argentinan, bitartean, sartuta gaude bertako Euskal Astean --Semana Nacional Vasco Argentina--, Estatu Batuetako NABO Convention-ekin batera urtero munduko euskaldunen hitzordu nagusiena dena. Ez ahaztu Argentina dela munduan euskal etxe gehien dituen herrialdea, ehun euskal etxeetatik urrun ez dabilela, eta bigarrena, Estatu Batuak, berrogei bat euskal etxerekin. Argentinarekin batera, aste honetan Txileko euskaldunek ere euren Euskal Asteari ekingo diote. Txilek bi euskal etxe biltzen ditu, Santiagon eta Viña-Valparaison, nahiz ere toki gehiagotan badauzkan euskal komunitateak.

Baina Argentinan geunden. [arnasa hartu hemen, datorren esaldia luzea baita] Joan den astean Sanz presidente nafarraren bira argentinarra amaitu bazen, gehienbat Rosario eta Mendozara, horietako lehenengoan Rosarioko Nafar Etxeak antolatu zuen 22 azpikoen pilota txapelketako finaletan egoteko eta bigarrengoan Mendozako Nafar Etxearen 25. urteurreneko ekitaldietan parte hartzeko, tartean Santa Fe eta Mendozako gobernadoreak agurtuz eta kooperazio nafarraren hartzaile diren zenbait ekimen bisitatuz La Navarra-koek zabaldu duten bodega baten inaugurazioan aritzearekin batera [hartu berriz arnasa], aste honetan Ibarretxe lehendakariari dagokio Ameriketako lurretara bidaiatzea.

Santo Domingora doa lehenik, bihar, harreman bereziak baitaude Eusko Jaurlaritzaren eta Errepublika Dominikarraren artean. Leonel Fernandez presidentearekin elkarrizketatu eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearekin batera latinoamerikar unibertsitateen kongresu batean parte hartu ostean, Buenos Airesera abiatu eta iritsiko da 30ean Ibarretxe, izan ere Argentinako Euskal Asteko zenbait ekitalditan aritzeko. Ekitaldi politikoena, ostegun goizean heldu da, Buenos Aires probintziako Diputatuen Ganberaren egoitzan egingo den euskal alderdien 'Elkarrizketa politikorako mahaia'ren itxieran hitz egingo baitu.

Bestela, ohiko bilera eta ekitaldiak egingo ditu, bertako autoritateekin eta euskal komunitatearekin. Ez bilera gehiegi, larunbat goizerako bueltako hegazkinean egongo baita Ibarretxe. Mediku bisita izango da berea. Baina Argentinako euskaldunekin izango dituen harremanetan, nik ekitaldi bat azpimarratuko nuke: Diploma-emate ekitaldia Argentinan euskara ikasten jardun eta probak gainditu dituzten ikasleei, batzuk EGA lortzeraino, tartean zergatik ez esan, EuskalKultura.com-eko korrespontsala den Sabrina Otegui pergaminotarrari. [Zorionak, Sabrina, badakigu bide luzea egin duzula, eta ongi etorri euskaldun eroon mundura. Ez zalantzarik izan harro gaudela zuretaz]

Egia esan, oso ondo iruditzen zaigu diploma-emate hori behar bezala hornitu eta dagokion garrantziaz jantzi izana. Euskal komunitateetan --eta euskal komunitateetatik kanpo-- euskaradun izateko ahaleginean gure hizkuntzak bere duen unibertsoan sartzeko ahaleginean ari direnei, merezi duten arreta eta errekonozimendua zor diegu Euskal Herriko euskaldunek, eta zentzuzkoa da diploma hori geure izenean Ibarretxek ematea. Zorionak ikastaro eta programa horiek posible egin dituztenei, eta partikularzki, zorionak eta besarkada bero bat ikastarook baliatu dituztenei. Gu aberatsago gara zuekin.

2008/10/27

Txapela buruan ibili munduan

Egia esan, bixi-bixi dator aste honetan ere zazpi probintzietatik kanpo jaio edo bizi diren euskaldunek euskal ondareari egin dioten edo egiten ari zaizkion ekarri edo kontribuzioa.

Ez da oraindik bukatua, batetik, Uruguaiko euskaldunek joan den astean Montevideoko Liburutegi Nazionalean "Euskal Immigrazio, Historia eta Kultura V. Mintegia" izenpean hiru egunez egin zuten Biltzarraren oihartzuna, hainbat euskaldun eta euskal uruguaitarren lan on eta baliosa azterturik hiriburu hortako Haize Hegoa Euskal Etxea antolatzaile. Hori pasa den astetik datorrena, aste honetan Estatu Batuetako euskaldunek lekukoa hartu eta aztertuko baitute Unibertsitate mailanm euskal presentzia eta ekarria Ipar Ameriketan.

Kaliforniako Bakersfield-en izanen da hori --ikus hemen--, asteazkenetik ostiraleraino, urriaren 22-23 eta 24an alegia. Basques in the West izango da Biltzarraren gaia, 'Euskal Herria Mugaz Gaindi V. Mintegia' izenpean, California State University-k  (CSUB) Bakersfield-en duen egoitzan, Unibertsitate bereko Steven Gamboa doktorea, sunbildarren semea bera, koordinatzaile.

William A. Douglass antropologo ospetsuak zabalduko du elkarretaratzea eta Euskal Herriko eta Ameriketako adituak mintzatuko dira, tartean Joseba Agirreazkuenaga, Oscar Alvarez, Argitxu Camus-Etchecopar, Marijo Olaziregi, Xabier Irujo, John Ysursa, David Río, Joxe Mallea eta John Bieter. Amaiera saioa, Bakersfield-eko Noriega Hotel euskal ostatu historikoan egingo dute, Jeronima Echeverria aditu kaliforniarra buru, Oesteko euskal ostatuen gainean.

Baina euskal agenteak munduko leku gehiagotan ari dira egunotan euskal lanak erakusten. Bukatu berria da Frankfurten Liburu Azoka, Europan erreferentzia, eta han aurkeztuak izan dira zenbait idazle euskaldunen liburuak alemanera itzuliak. Hor ziren Aingeru Epaltza eta Jokin Muñoz idazke nafarren eta Anjel Lertxundi gipuzkoarraren eleberriak, euskaraz idatziak eta orain, irakurle alemanek alemanez irakurri ahal izango dituztenak.

Bordelen ere izanak dira iragan asteburuan Itxaro Borda, Bernardo Atxaga eta Mariasun Landa idazleak euskal literaturaren ordezkari, Bordeleko Lettres du Monde jaialdian lehenik eta 'Eskualdunen Biltzarra'n ere, Akitaniako hiriburuko euskal etxe honetako 'Euskal Udazkena Bordelen' kultur antolamenduan.

Bestenaz, datozen egunotan mintzatuko gara Argentina eta Txileko Euskal Asteez. Urtero bi erresuma hauetan egiten diren euskal ekitaldi nagusienak dira Asteok, euskaldunen bilgarri eta euskal kulturaren inarrosle. Hori dute/beharko lukete helburu. Programa aberatsa bilduko dute aurten ere, besteak beste Oskorri taldea bietan izango delarik, bata bestearen ondotik Argentinako La Platan eta Txileko Santiagon datorren asteko larunbat eta igandez.

Gaurkoa behar bezala bukatzeko, atzera Estatu Batuetara eta zorionak eman nahi dizkiegu joan den igandean San Frantziskon esposatu diren Joseph Almirantearena eta Arantxa Machin-i, kaliforniarrak biak, Chinokoa Joseph eta San Frantziskokoa Arantxa. Bi euskal komunitateetako lagun andana bildu zen ezteietara. Zorionak. South San Franciscon biziko dira, Euskal Etxetik ez urrun.

2008/10/21

bisita