Hemen zaude: Hasiera Nire talaiatik Artxiboa 2012 Maiatza 25 Finalaren eguna eta falta diren lagunak gogoan: Domingo, Teodoro, Maximo...
Dokumentu Akzioak

Nire talaiatik

Finalaren eguna eta falta diren lagunak gogoan: Domingo, Teodoro, Maximo...

Egun berezia izango da doaike jende askorentzat gaurkoa. Euskal Herrian bizi garenontzat, bertako telebistak besterik ez du izan azken egunotan Athletic eta Bartzelona futbol taldeen arteko finala baizik. Azkenean, iritsi da: gaur gauean jokatuko dute Espainiako Kopako finala Madrilen, eta euskaldun askoren gogoa bertan edo bertara begira egongo da, Euskal Herrian eta baita Diasporan ere, ezin sinestekoa baita bazter eta txoko guztietan futbolak, eta euskaldunen artean euskal taldeek, dauzkaten jarraitzaile eta segitzaile lasai zein amorratuak. Asko dira bai, Athletic-eko entrenatzaile den Bielsaren jaioterria den Rosariotik eta bertako Zazpirak Bat Euskal Etxetik hasita, elkarte horretako lehendakari den Enrique Otañok gaur bertan Deiak argitaratu duen artikulu batean agerian uzten duenez.

Gaur Maiatzaren 25a da, jai-eguna Argentinan, eta hiriburu horretako Laurak Bat Euskal Etxetik hasita, makina bat jendek baliatuko du eguna bertako jaiari Athletic-ena emendatzen saiatzeko. Madrilen gaueko 10ak direnean, arratsaldeko 5ak izango dira Argentinan, eta pantaila erraldoi batez segituko dute Laurak Bat-en partida, ahalik eta txukunen, Argentinako eta mundu osoko beste hainbat lekutatik ere beste batzuk telebista, irrati eta internet bidez egingo duten bezala. Sydneyko euskal etxeko lagunek, bertan larunbata sartua izanik segitu beharko dute, goiz jaikiz, hiri horretan goizeko seiak direla hasiko baita Madrilen partida.

Gaur ostirala, jai-eguna Argentinan; ez Estatu Batuetan, nahiz eta Estatu Batuetan ere asteburu hau hiru egunekoa izango den. Bertan, astelehena izango dute jai-eguna, Memorial Day delakoa [guztia esatearren, gure Ipar Euskal Herriko irakurleek ongi dakitenez astelehena jai da baita ere gure artean Ipar Euskal Herrian eta Frantzia estatu-mailan]. Baina Estatu Batuekin segituz, Memorial Day urtero maiatz hondar honetan den jaia izanik, hiru eguneko asteburua baliatu ohi du Kalifornian Bakersfield-eko euskal etxeak, Kern County Basque Club delakoak, bere euskal festa egiteko, izan ere Kalifornia eta Estatu Batuetako garrantzitsu, kopurutsu eta zaharrenetakoa den Bakersfield-eko 'Euskal Besta'. Elkarretaratzeak bere 40. urteurrena bizi du aurten. Kluba, berez, askoz zaharragoa da, 68 urte, 1944ean sortu baitzuten, baina festari dagokionez, urte batzuk hartu zituen maiatzeko hau festa gisa instituzionalizatzeko.

Festa eta bestak aipatu ditugula baina, gogoan hartu beharko dugu asteburu honetan, larunbatean hain zuzen, 'Kanpoan dauden Nafarren Eguna' edo gaztelaniaz Día del Navarro Ausente ospatuko dutela, aurten Ultzaman, bertara gerturatu nahi duten nafarrek eta diskideek. 24. edizioa du biharkoa eta bailarako Arraitz, Larraintzar eta Zenotz-en egingo da, goizeko hamar t'erdietatik aurrera, trikiti-musika, herri kirolak eta zenbait ekitaldiz egunean zehar.

Lerro hauek bukatzeko, eta Nafarroatik edo Euskal Herritik falta diren lagunak gogoan, Diasporan azkenaldian joan zaizkigun hiru adiskideren izenak ekarri nahi ditut hona. Estatu Batuetan, Wyoming-eko Buffalon, Domingo Martirena baigorriarra. Orain 22 urte ezagutu genuen elkar eta azkenekoz joan den udan ikusi nuen, Buffaloko bere etxera bisita egin nionean. Ordurako etxean zegoen eri, oxigenoz. Euskaldunen alde lan frango egindakoa, bera oroitzean, beti datorkit burura Gernikako Arbola kantua amaitzeko beti botatzen zuen 'Biba, biba, biba eskualdunak' sentitu hura. Idahon, Teodoro Totorica gernikarra ere joan da, besteak beste Gloria (Totoricagüena), Rose, Ted, Dolores, Tony, Carmen eta Teresaren aita. Bera ere Boiseko euskal komunitateko partaide handia, eta komunitate horretan lan handia egin duen familia sortu zuena Mari Carmen Egurrola emaztearekin batera. Azkenik, Argentinan, berriz, Coronel Dorrego herrian, Maximo Corcuera zendu da joan den astelehenean. Bertako 'Denak Elkarrekin' euskal etxeko kide, eragile eta iragan martxora arte presidente, orain bi urte bere euskal etxean bisitatu nuen eta berarekin hizketan, Diasporan hainbestetan sentitu izan dudan zirrara berezi hori sentitu nuen, Maximo eta bere lagunen artean Euskal Herria bizi zela alegia. Beude gure gogoan.

2012/05/25

bisita