Artxiboa Martxoa 2012

Greba, euskararen ofizialtasuna, Euskal Argentina, Iparraldeko Euskal Etxea eta bira kulturalak

Hego Euskal Herriko sindikatu guztiek deiturik greba orokor eguna da gaur osteguna martxoaren 29a Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, eta baita Espainiako estatuan ere, izan ere estatuko gobernuak onartu duen lan erreformaren kontra protestatzeko. Horregatik gaurko EuskalKultura.com-en ez da albisteen atal nagusia berrituko eta gaurko buletina soilik 'Nire talaiatik' sail honekin aterako da. Barkatu eragozpenak.

Euskal kulturaren mundua Baiona aldera begira ari da aste honetan, bertan euskararen ofizialtasunaren aldeko manifestaldi handi baterako deia egin baitute, 'Gure hizkuntza, eskubide bat, lege bat' lelopean, hainbat pertsona, talde, alderdi eta agente sozialek, tartean ideologia eta pentsamolde diferentetako hainbat hautetsi eta kargu publikok (gogora dezagun, euskarak ez duela Euskal Herri iparraldean inongo ezgutza edo estatus ofizialik eta euskaldunak, euren hizkuntza mintzatzen badute, babes eta eskubidegabeak direla, eta baztertuak direla bizitza publikotik, askotan ingelesez, espinolez edo alemanez mintzo direnak babestuago daudelarik euren hizkuntzak mintzatzeko euskaldunak euren lurrean baino). Hitzordua, martxoaren 31ean, arratsaldeko 5etan, Baionako Xaho kaian.

Larunbatean bertan, bere Urteko Biltzarra egingo du, ohi bezala Donibane Garaziko Herriko Etxean, Pierra Lako buru duen Euskal Argentina elkarteak. Biltzarraren ondotik, zintzur bustitzea izango da Herriko Etxean berean eta ondoren kide eta lagunen bazkaria Lasako Aldakurri sagarnotegian (Donibane aipatzen dugularik, gogora dezagun, bestalde, Donibane Garazik eta Kaliforniako South Francisco hiriek beste urrats bat eman dutela otsail honetan euren senidetze harremanean, aitzinetik donibandarrak sinatua zutena, berretsi baitute orain South San Franciscoko udalekoek, aurrerapausoa emanez euskal hiriaren eta Kalifornian euskaldun frango eta euskal historia frango duen San Francisco aldearen arteko harremanak ofizialki sendotze lanetan). Bazkaritik, doi-doi baina garaiz iritsiko dira partaideetako asko Baionako manifestaldira, tartean EuskalKultura.com-eko partaideak.

Euskal Argentinak --alegia Euskal Herria eta Argentinaren arteko loturak sendotu eta areagotzea helburu duen elkarteak-- martxoaren 31a, larunbata hautatu zuen bere urteko bilkura nagusia egiteko, baina ez zuen, seguruenik orduan pentsatuko euskal Argentinako beste efemeride edo data gogoangarri batekin lotuko zela asteburu berean: Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxea edo 'Centro Vasco Francés' delakoaren 117. urtebetetzearekin, igande horretan, apirilaren 1ean beteko baititu Buenos Airesko euskal etxe honek urte horiek, 1895ko apirilaren 1ean sortu zutelarik, ordurako jadanik 'Laurak Bat' eta 'Centro Navarro' etxeak zeuzkan hiriburu argentinarrean, garai hartan elkarte desberdinak zirelarik, baina guztiak lotual euskal sentimentuetan. EuskalKultura.com-ek artikulua argitaratuko du bihar urtemuga honi buruz, Iparraldeko Euskal Etxeko idazkari eta oro har euskal kultur eragile den Norma Rios-ek sinatua.

Ez dut gaurko 'talaia' sail hau bukatu nahi 2012ko bira kulturalen gaia aipatu gabe. Eusko Jaurlaritzaren programa honi buruz galdetu duguzue zuetariko batzuk, izan ere artikulua eman baikenuen argitara duela aste batzuk, esanez berehala argitaratuko zuela EAEko buletin ofizialak deialdi hau, hala adierazia baitzuen orduan Jaurlaritzak berak. Ez da honela izango, ordea, aurretik hitzartutako kasu bereziren bat salbu, deialdia bertan behera geratu baita aurtengoz. Hein batean honi loturik, baina, Etxepare Institutuak adierazi du bihar ostirala argitaratuko duela buletin ofizialak euskal kultura kanpoan hedatzeko laguntza deialdia. Etxeparek aurreko deialdiak berbegiratu eta aldaketa batzuk egin dizkio deialdiari eta bihar bertan, argitaratzearekin batera, aurkeztuko du guztia Donostian prentsaurrekoan Aizpea Goenaga Institutuko zuzendariak.

2012/03/29

bisita