Artxiboa Martxoa 2011

Japoniako lurrikara eta bisita Venezuelako euskaldunen artera

Lurrikara eta itsasikara japoniarrak, eta gaiari buruz iristen hasi ziren lehenengo berriek, bidaian harrapatu ninduten, Ameriketarako bidean. Euskal Herritik ateratzen ari nintzela lehenengo albisteek, eta ozeanoa zeharkatzeko hegazkinean nengoela aurreneko berri gero eta larriagoek eta prentsa mugimenduek. Geroztik atzo ostiraleko egun osoa hegazkinean sartuta eman nuen eta Caracastik ari naiz idazten une honetan, Venezuelan emango baititut datozen egunak, hemengo euskal etxe eta euskal komunitateetakoekin harreman estuan.

Egoera honetan, juxtu izan dugu Japoniako berri zatikatu batzuk lortzeko aukera. Japonian zuzenean eta zeharka hitz egin eta kontaktatutako euskaldunek eurak ondo daudela esan digute, sustoak eta anekdotak kenduta. [Tokyoko Euskal Etxeko Paulo, Sho edo beste inork irakurtzen baditu lerro hauek, idatz iezadazue mesedez e-mail honetara. Aldez aurretik, arigatô gozaimasu eta besarkada bero bat][ikus hemen]

Bitartean, hemen, Caracasen, hitzaldi bat emango dut bihar bertako El Paraisoko Eusko Etxean. Seguruenik zeozer irakatsi edo erakutsi baino, gehiago egingo dut ikasi, Venezuela eta Caracasko Eusko Etxea eta euskal komunitateak itzal handi eta propioz sortu eta ekarpen aktiboa eta baliosa oso egin duten euskal etxe eta jendeak izan baitira XX. mendean zehar, frankismo garaipean partikularzki.

2011/03/12

Carlos Orue hil da, lagun euskal australiar bat

Albisteak atzo kolpatu ninduen. Benekien behar zuela gertatu, duela pare bat aste mintzatu bainintzen Carlos berarekin telefonoz eta batere ongi ez zegoela banekien, banekien denbora kontua zela, eta pentsatu ere pentsatu nuen datorren azaroko euskal gizataldeen mundu biltzarrean (pentsatuz, oinarririk gabe, oraindik bizirik egongo zela) omenaldi moduko bat egiterik izango genuela. Martxoaren lehenean hil da ordea, azken hilabeteak batere samurrak izan ez direla.

Carlos Orue zornotzarra zen eta 1981etik Sydneyn bizi zen. Izan ere, hainbat euskal etxeetatik euskal gizataldeen mundu biltzarretara etorri izan diren kide eta ordezkarientzat, 'australianoa' zen, 'euskal australianoa', askotan australiar motako kapela berezia buruan zeramala etorri ohi zen-eta biltzarretara, beti ere Australiako euskaldunen ordezkari, izan ere 16 urtez, 2009ko otsailera arte izan baitzen Sydneyko 'Gure Txoko'ko lehendakari.

[Azkeneko Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarrean Carlosi kendu genizkion hitzak]

Miren emaztea bezala pertsona zinez eskuzabala eta euskaltzalea, benetan izan da 'euskal enbaxadari' Australian, fisikoki zein telefonoz eta internetez lagundu eta harrera eman baitie Sydneyra iritsi zaizkion hamaika euskalduni.

Besarkadarik bero eta tinkiena Mireni, eta euren seme Karlosi. Eskerrik asko eta badakizue non segitzen duzuen izaten lagun bat. Aupa Carlos.

2011/03/03

bisita