Artxiboa Urria 2008

Ongi etorri berezia Diasporan euskaldundu eta 'gutartzen' direnei

Bukatu berria da, joan den ostiralean, AEBetako Bakersfield-en, bertako California State University-koek (CSUB) antolatu duten Biltzarra edo Mintegia, euskaldunek Ipar Amerika Mendebaldean utzitako arrastoaren zenbait alderdi aztertu dituena. Lehenengo eta behin zorionak eman behar dizkiegu antolatzaileei, eta bereziki aipatuko nuke hor Steve Gamboa doktore euskal-amerikarra egiten ari den ahalegina, emeki-emeki unibertsitate horretan Euskal Ikasketa Programa bat sortzeko bidean.

Bide beretik, eta AEB osoko kideak biltzeko asmotan, hitzordu berri bat gauzatu zuten joan den ostiralean aipatu Mintegiaren barnean Partzuergoa, edo Estatu Batuetako Unibertsitateen Basque Consortium-a aitzinarazi nahi duten unibertsitate-irakasleek, eta egun Idahoko Boise State University; Nevadako University of Nevada, Reno; eta Kaliforniako University of California, Santa Barbara eta California State University, Bakersfield unibertsitateak biltzen dituena. Animo eta aurrera.

Argentinan, bitartean, sartuta gaude bertako Euskal Astean --Semana Nacional Vasco Argentina--, Estatu Batuetako NABO Convention-ekin batera urtero munduko euskaldunen hitzordu nagusiena dena. Ez ahaztu Argentina dela munduan euskal etxe gehien dituen herrialdea, ehun euskal etxeetatik urrun ez dabilela, eta bigarrena, Estatu Batuak, berrogei bat euskal etxerekin. Argentinarekin batera, aste honetan Txileko euskaldunek ere euren Euskal Asteari ekingo diote. Txilek bi euskal etxe biltzen ditu, Santiagon eta Viña-Valparaison, nahiz ere toki gehiagotan badauzkan euskal komunitateak.

Baina Argentinan geunden. [arnasa hartu hemen, datorren esaldia luzea baita] Joan den astean Sanz presidente nafarraren bira argentinarra amaitu bazen, gehienbat Rosario eta Mendozara, horietako lehenengoan Rosarioko Nafar Etxeak antolatu zuen 22 azpikoen pilota txapelketako finaletan egoteko eta bigarrengoan Mendozako Nafar Etxearen 25. urteurreneko ekitaldietan parte hartzeko, tartean Santa Fe eta Mendozako gobernadoreak agurtuz eta kooperazio nafarraren hartzaile diren zenbait ekimen bisitatuz La Navarra-koek zabaldu duten bodega baten inaugurazioan aritzearekin batera [hartu berriz arnasa], aste honetan Ibarretxe lehendakariari dagokio Ameriketako lurretara bidaiatzea.

Santo Domingora doa lehenik, bihar, harreman bereziak baitaude Eusko Jaurlaritzaren eta Errepublika Dominikarraren artean. Leonel Fernandez presidentearekin elkarrizketatu eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearekin batera latinoamerikar unibertsitateen kongresu batean parte hartu ostean, Buenos Airesera abiatu eta iritsiko da 30ean Ibarretxe, izan ere Argentinako Euskal Asteko zenbait ekitalditan aritzeko. Ekitaldi politikoena, ostegun goizean heldu da, Buenos Aires probintziako Diputatuen Ganberaren egoitzan egingo den euskal alderdien 'Elkarrizketa politikorako mahaia'ren itxieran hitz egingo baitu.

Bestela, ohiko bilera eta ekitaldiak egingo ditu, bertako autoritateekin eta euskal komunitatearekin. Ez bilera gehiegi, larunbat goizerako bueltako hegazkinean egongo baita Ibarretxe. Mediku bisita izango da berea. Baina Argentinako euskaldunekin izango dituen harremanetan, nik ekitaldi bat azpimarratuko nuke: Diploma-emate ekitaldia Argentinan euskara ikasten jardun eta probak gainditu dituzten ikasleei, batzuk EGA lortzeraino, tartean zergatik ez esan, EuskalKultura.com-eko korrespontsala den Sabrina Otegui pergaminotarrari. [Zorionak, Sabrina, badakigu bide luzea egin duzula, eta ongi etorri euskaldun eroon mundura. Ez zalantzarik izan harro gaudela zuretaz]

Egia esan, oso ondo iruditzen zaigu diploma-emate hori behar bezala hornitu eta dagokion garrantziaz jantzi izana. Euskal komunitateetan --eta euskal komunitateetatik kanpo-- euskaradun izateko ahaleginean gure hizkuntzak bere duen unibertsoan sartzeko ahaleginean ari direnei, merezi duten arreta eta errekonozimendua zor diegu Euskal Herriko euskaldunek, eta zentzuzkoa da diploma hori geure izenean Ibarretxek ematea. Zorionak ikastaro eta programa horiek posible egin dituztenei, eta partikularzki, zorionak eta besarkada bero bat ikastarook baliatu dituztenei. Gu aberatsago gara zuekin.

2008/10/27

Txapela buruan ibili munduan

Egia esan, bixi-bixi dator aste honetan ere zazpi probintzietatik kanpo jaio edo bizi diren euskaldunek euskal ondareari egin dioten edo egiten ari zaizkion ekarri edo kontribuzioa.

Ez da oraindik bukatua, batetik, Uruguaiko euskaldunek joan den astean Montevideoko Liburutegi Nazionalean "Euskal Immigrazio, Historia eta Kultura V. Mintegia" izenpean hiru egunez egin zuten Biltzarraren oihartzuna, hainbat euskaldun eta euskal uruguaitarren lan on eta baliosa azterturik hiriburu hortako Haize Hegoa Euskal Etxea antolatzaile. Hori pasa den astetik datorrena, aste honetan Estatu Batuetako euskaldunek lekukoa hartu eta aztertuko baitute Unibertsitate mailanm euskal presentzia eta ekarria Ipar Ameriketan.

Kaliforniako Bakersfield-en izanen da hori --ikus hemen--, asteazkenetik ostiraleraino, urriaren 22-23 eta 24an alegia. Basques in the West izango da Biltzarraren gaia, 'Euskal Herria Mugaz Gaindi V. Mintegia' izenpean, California State University-k  (CSUB) Bakersfield-en duen egoitzan, Unibertsitate bereko Steven Gamboa doktorea, sunbildarren semea bera, koordinatzaile.

William A. Douglass antropologo ospetsuak zabalduko du elkarretaratzea eta Euskal Herriko eta Ameriketako adituak mintzatuko dira, tartean Joseba Agirreazkuenaga, Oscar Alvarez, Argitxu Camus-Etchecopar, Marijo Olaziregi, Xabier Irujo, John Ysursa, David Río, Joxe Mallea eta John Bieter. Amaiera saioa, Bakersfield-eko Noriega Hotel euskal ostatu historikoan egingo dute, Jeronima Echeverria aditu kaliforniarra buru, Oesteko euskal ostatuen gainean.

Baina euskal agenteak munduko leku gehiagotan ari dira egunotan euskal lanak erakusten. Bukatu berria da Frankfurten Liburu Azoka, Europan erreferentzia, eta han aurkeztuak izan dira zenbait idazle euskaldunen liburuak alemanera itzuliak. Hor ziren Aingeru Epaltza eta Jokin Muñoz idazke nafarren eta Anjel Lertxundi gipuzkoarraren eleberriak, euskaraz idatziak eta orain, irakurle alemanek alemanez irakurri ahal izango dituztenak.

Bordelen ere izanak dira iragan asteburuan Itxaro Borda, Bernardo Atxaga eta Mariasun Landa idazleak euskal literaturaren ordezkari, Bordeleko Lettres du Monde jaialdian lehenik eta 'Eskualdunen Biltzarra'n ere, Akitaniako hiriburuko euskal etxe honetako 'Euskal Udazkena Bordelen' kultur antolamenduan.

Bestenaz, datozen egunotan mintzatuko gara Argentina eta Txileko Euskal Asteez. Urtero bi erresuma hauetan egiten diren euskal ekitaldi nagusienak dira Asteok, euskaldunen bilgarri eta euskal kulturaren inarrosle. Hori dute/beharko lukete helburu. Programa aberatsa bilduko dute aurten ere, besteak beste Oskorri taldea bietan izango delarik, bata bestearen ondotik Argentinako La Platan eta Txileko Santiagon datorren asteko larunbat eta igandez.

Gaurkoa behar bezala bukatzeko, atzera Estatu Batuetara eta zorionak eman nahi dizkiegu joan den igandean San Frantziskon esposatu diren Joseph Almirantearena eta Arantxa Machin-i, kaliforniarrak biak, Chinokoa Joseph eta San Frantziskokoa Arantxa. Bi euskal komunitateetako lagun andana bildu zen ezteietara. Zorionak. South San Franciscon biziko dira, Euskal Etxetik ez urrun.

2008/10/21

Euskaldunik gabeko euskal festak

Joan den astelehenean, adin handiko jende kopuru polita bildu zuen ekitaldi berezi bat egin zuten Eskoziako herri batean, Angusen, 1937an ingurura heldu ziren 24 euskal haurrak eta bertatik Nazioarteko Brigadetan 'Espainiko Gerla'ra Errepublikaren alde borrokatzera joan ziren bolondresen oroigarri. Plaka bat desestali zuten haur haiek bizi izan ziren etxean.

Gaurko zutabera, ordea, bestelako gai bat ekarri nahi nuen. Aurreko astean, Estatu Batuetan, Kaliforniako Calaveras konderrian, Calaveras County Basque Festival delakoa egin zuten, bertako zaharretxe baterako dirua biltzeko. Euskal jaialdi bat beraz, Basque, 'euskal' deiturarekin. Bertatik oso urrun ez dagoen Nevadako Carson Cityn ere, urtero egiten dute halako zerbait. Kasu honetan eskola katoliko bat da, eta itsatsita duen parrokia katolikoarentzako sosa biltzeko egiten du bere euskal jaia irailero.

Euskaldunik gabeko edo ia euskaldunik gabeko 'euskal' jaiak dira. Calaverasekoan, nahiz eta bertako herritarren artean euskal jatorrizko bat edo beste badagoen --ez askorik, Garamendi Kaliforniako gobernadoreordearen famili arrantxoa bertan badago ere--, eta nahiz eta ekitaldian ikurriña marraztuta zeraman pastel bat partekatu eta Oesteko euskal pikniketan zerbitzatzen duten estiloko haragia eta janaria zerbitzatu, ez zegoen bertan euskaldunik, ez antolatzaileen, ezta bertaratu zirenen artean ere. Ekitaldiari 'euskal' deitura jazten ziona, antolatzaile amerikarrek erabilitako euskal koloreak, ikurrak, moldeak eta izena zen.

Batzuk harritu egiten dira, baina italiarrik gabeko pizzerien edota irlandarrik gabeko Irish Pub-en kasu bera da. Saltzeko eta jendea erakartzeko balio badu, irlandarrik gabeko Irish Party bat antolatzea bezain zilegi da euskaldunik gabeko 'Euskal festa'. Gaia ekarri baizik ez nuen egin nahi.

2008/10/17

Munduko Euskal Herria etengabe lanean: ba al dugu euren ekarpenaren berri?

Beste asteburu bat geratu da atzean --Argentinan ezik, gaur jai eguna baita herrialde austral horretan--, Diasporari dagokionez ekitaldiz betea, beste askotan bezala.

Ekitaldi horietako batzuk aipatzen genituen joan den ostiralean, hala nola Argentinako hainbat herritan Gizatalde edo Kolektibitateen Azokak, Mar de Platako 'Denak Bat'en San Migelak, Chascomuseko XVIII. Euskal Festa, Maral euskal argentinar taldearen emanaldia San Pedron..., Mexikon Urdanetaren bosgarren mendeurrena dela-eta eginiko senidetze ekitaldiak, eta Estatu Batuetako NABOren 'Euskal Kantari Eguna' zein 'Amuma Says No' talde euskal-boisetarraren aurkezpena Texas-en, CD berria --'Frontoitik kalera' (sic) euskaraz eta Made in USA-- besapean.

Gure agendak bildu zituen baita ere Venezuelan Caracaseko Euskal Etxean Begoñako Amari eta Txikiteroei eskainitako eguna, eta Frantzian, Bordeleko Euskal Etxeak Bestalariak eta Kantuka abesbatzekin antolatutako kontzertua, eta Kanadan, Vancouver-eko Zazpiak Bat elkarteak Maddi Oihenart kantariari eginiko harrera eta harek emaniko kontzertua, eta Uruguaiko Juan L. Lacaze herrikoek euren euskalduntasunari eusteko euskal etxea berrantolatze lanen barnean deitutako elkarretaratzea, eta Bogotan, Kolonbiako Liburutegi Nazionaleko Germán Arciniegas Aretoan eginiko Kimuak 2007 saileko euskal laburmetraien proiekzioa, eta Donostian, Pello Aranburu Espainiako hiriburuko Euskal Etxeko lehendakari ohi eta lagunaren alde eginiko elizkizunak.

Hori guztia joan berria den asteburuan.

Aste berri honetan, bihar hasiko da Montevideon, bertako Haize Hegoa Euskal Etxean antolatuta, Uruguaiko 'Euskal Immigrazio, Historia eta Kultura VII. Mintegia', urtero bezala bertako euskaldunek lan handiz baina ilusio eta engaimendu handiagoz antolatua, eta Estatu Batuetako Washington eta Florida estatuetan, Dave Boling idazleak 'Guernica' izeneko bere eleberria aurkezten segituko du, Anne Etchegoyen kantaria Argentinako Paraná hirian kantatzen ari den bitartean, General Villegas-eko Euskal Etxeak antolatuta Alfredo Urquiza aktoreak  'Ameriketako emakumeen poesia'ri buruzko ikuskizuna eskaintzen duela.

Eta, oraindik datorren astetik atera gabe, larunbatean testu irakurraldia egingo dute Bordeleko Euskal Etxean Bernardo Atxaga eta Itxaro Bordak, Kepa Junkeraren musika lagun dutela. Eta igandean Pariseko euskaldunek musika, dantza eta gastronomia bildu dituen elkarretaratze bat egingo dute, eta...

...abar eta abar, asko baitira agendatik kanpo gelditu zaizkigun ekimenak. Balio bezate hauek adibide gisa.

Hau dena Diasporan gertatzen da. Munduan euskal giro edo koordenadetan. Kulturari, euskal kulturari, batean edo bestean jaiotako euskaldunek amankomunean daukagun unibertso horri eginiko ekarpen.

Gure erronka, han-hemenka egiten diren ahalegin horien guztien berri bildu eta ematea. Merezi dutelako, merezi dugulako, merezi duelako. Ba al dugu benetan munduko euskaldunek altxor amankomunera egin duten/egiten duten ekarpenaren berri?

2008/10/13

Anna Mari, Hispanitatea, EiTB, Urdaneta eta Euskal Kantari Eguna

Berri pozgarriak datozkigu New Yorketik, Anna Mari Aguirre, bertako Eusko Etxeari zinez lotutako laguna, ongi atera baita asteazkenean egin dioten ebakuntzatik eta garaiz harrapatu omen diote antzeman eta orain kendu dioten tumorea. Atsedena hartu beharko du eta frogak egin beharko dizkiote oraindik guztia segurtatzeko, baina bera eta ingurukoak askoz lasaiago daude. Besarkada bero-bero bat, Anna Mari!

Argentinaraino joanez, hainbat dira bertan, asteburu luze hau probestu edo baliatuko duten euskal etxeak,  datorren astelehena jai eguna edo 'feriado' izanik --igandean Hispanitatea delako--, ahal duenak lasai hartzeko eta oporraldi llabur bat egiteko erabiliko baititu egunok. Batzuei, ordea, euskal stand-aren atzean egotea suertatuko zaie. Halaxe adierazten digute, esaterako, San Pedroko 'Ongi Etorri' euskal etxekoek eta General Rodriguez-eko 'Eusko Aterpea'koek. Hala fortunatu zaienei, arrakasta desio diegu, ongi pasa eta helburuak bete ditzaten.

Bitartean, Euskal Herrian, Euskal Irrati Telebista (EiTB) bere hirugarren kanalea, euskaraz, aurkezten ari da gaur ostiralez, webgune berrituarekin (www.eitb.com) eta ikasturte berriko programazioarekin batera. Horretarako, ateak zabaldu dizkio fisikoki publikoari eta gaur milaka bisitari ari da biltzen Bilboko bere instalazioetara, telebista eta irratiak barrutik nola egiten diren segitzearren. Ezin izan dugu ikusi zer nolako tratamentua ematen zaion webgunean Diasporari, baina aurrerapausoak ematea ongi legoke. Kate berriari dagokionez, TDT bidez dator eta beraz emisio berriok hasteak ez du eraginik --ez aldeko ez kontrakorik-- izango Ameriketan Canal Vasco ikusten dutenengan, ETB3-ko Iñako Gurrutxaga Eduki Arduradunak azaldu digunez.

Beste jauzi geografiko bat eginik, aurretik ere esan eta gaur bertan argitara eman dugun artikulu batek islatzen duenez, Mexikoko lurretan dabil Urdaneta Urteko ekitaldien barruan Ordiziako (Gipuzkoa) alkate Jose Migel Santamaria, besteak beste Urdaneta medio senidetzen Urdaneta hiria (Filipinetan), Acapulco (Mexikon), Callao (Perun) eta Ordizia bera, Euskal Herrian. Aukera polita, eta ongi baliatua posibilitate ederrak ekar ditzakeena. Gogora dezagun Andres Urdaneta itsasgizon ordiziarra (1508-1568)  pertsonaia ez hain ezaguna izanik Euskal Herrian, pertsonaia oso garrantzitsutzat jotzen dutela filipinarrek euren historian. Ez da ez, egunero gertatzen estatuburu bat Euskal Herrira bisitan hurreratzea, nora eta Ordiziara, Filipinetako Gloria Macapagalek egin zuen bezala joan den azaroan, espres 'Urdaneta Urte'ko ekitaldi programaren inaugurazioan parte hartzeko. Egia esan, azkartzen eta sendotzen ari dira euskal harreman historikoak Filipinekin azkeneko bolada honetan zenbait alorretan.

Eta gaurkoa bukatzeko, ez dezagun ahantz Estatu Batuetako euskaldunek bihar ospatuko dutela, Kaliforniako Rocklin-eko Euskal Elkartekoen euskal jaiarekin batera, bere urteroko 'Kantari Eguna' (sic). Iparreko Ibarra --hala baitu izena bertako euskal etxeak-- jai egun polita prestatu du, goizetik hasita, kantu sailak hasiera bazkalostean izango badu ere, saioak afari herrikoia eta Jean Flesherren berbena euskal-amerikarrarekin bukatzeko. Eurak eta guztiek izan dezatela asteburu on, tartean Begoña izena dutenek, bihar euren eguna baita. Zorionak, beraz, Begoña guztiei, bereziki Bego Miñaur EuskalKultura.com-eko lankide finari.

2008/10/10

Bilbao New Yorkera eta Amuma Texasen bisitari

New Yorken, Etxeorratzen Hiriko Eusko Etxean guztia prest dago gaur gauez Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidentea errezibitzeko. Edo alderantziz da? Legebiltzarburuak harrera ekitaldi eta afari batera gonbidatu baitu Sagar Handiko eta inguruetako euskal komunitatea, Eusko Etxearen egoitzan. New Yorken urte mordoa daraman Iñaki Lete sukaldariak bere enkarguz prestatua, 1913an sortu zen elkarte honetako bazkide eta lagunak bilduko dira harrera-ekitaldi afaridun honetara, Bilbaok solastu eta bertakoen kezka eta iritzi/arrengurak ezagutu nahi baititu.

Eckford Street-eko egoitzan beha, zain, goaitatzen izango ditu Bilbaok Itziar Albisu Kobayashi andoaindarra, Eusko Etxeko lehendakaria [munduko Euskal Etxeetan lehendakari deitzen zaie beti bertako presidenteei], eta Julian Abio [i-u-lian ei-biou ahoskatuta], haurra zela, 1964an, gurasoekin New Yorkera emigratu zuen bakiotarra, hiri honetan hazi eta hezia, Eusko Etxearen gerizpean. Neurriko koadrila bilduko da. Esan beharra dago oro har, euskal komunitate zaharra dela New Yorkeko Eusko Etxearen inguruan biltzen dena, eta egiteko lan daukatela urtero hiriburura biltzen diren ehundaka edo milaka Euskal Herriko euskaldunak kontaktatu eta bertara biltzea. Hobe esan, erronka lukete hori. Eta egia esatearren, urte gutxiren buruan lortzen ez badute New Yorkeko euskal komunitate 'historikoa' eta New Yorkera ikastera edo bolada bat pasatzera iritsitako euskaldunek osatzen duten multzoak elkarri lotu eta proiektu amankomunei ekitea, jai daukate, egunak 'zenbatuta' izango ditu egun Estatu Batuetako euskal etxeetan dekanoa den honek.

Zoritxarrez, Eusko Etxeko gaurko elkarretaratzeak ez du, nonbait, Anna Mari Aguirreren presentzia bilduko. Oso gaixo dagoela esan digute. Irene (NY, 1923-1999) eta Andoni Aguirreren (Manila, 1921-NY, 1997) alaba da Anna Mari. Irene, hemezortzi urte zituela, Jose Antonio Aguirre lehendakariaren idazkari pertsonala izan zen hura hirian bizi zela. Eusko Etxeko kide historikoak biak, jaiotzez eta paperez estatubatuar, bihotzez zein hizkuntzaz euskaldunak. Euskal sentimentu hori alaba Anna Mariri pasatu zioten, New Yorkeko Eusko Etxearen magalean hazia bera, dantzari, dantza-maistra eta bere euskal erroekin erabat engaiatua.

Besteak beste, Society of Basque Studies in America (SBSA) delako erakundean bere gurasoek pizturik utzi zuten suzia atxiki izan du Anna Marik, beti ere proiektuz, kuraiez eta ekimenez gogor dabilen bere izeko Emilia Doyaga --amaren lehengusua, newyorktarra eta Eusko Etxeko kide historikoa hau ere eta SBSAko sortzaile eta sustatzaile nagusia-- bidaikide eta indarremale izanik. Urtetan sartu samarra dagoen Emilia egongo da seguruenik Izaskun Bilbaori harrera ematen. Bihoakie iloba-izekori besarkada beroa, agiantzarik onenarekin batera, Anna Mariri bereziki egun hauetan.

Gaurkoa bukatzeko, Estatu Batuetako Ekialdeko kosta utzi eta Mendebaldera goaz. Western inguru peto-petoan, Euskal Herriko musika bandek euskal herrietako berbena eta dantzaldietan jotzen duten musika mota bera, Oesteko moldean, jotzen du bertan Amuma says no (Amonak ezetz dio, nahi du esan euskalenglish-ez) talde boisetarrak. Euskaraz kantatzen dute Estatu Batuetako euskal jaialdietan eta bandetako ohiko instrumentuez gain --bateria, baxua, gitarra, saxoa...-- trikitia ere badaukate, Dan Ansotegui boisetarrak joa. Eta soinu txikia aitzeki edo estakuru harturik, datorren asteburuan egingo den Akordeoiaren Jaialdira gonbidatu dituzte, milaka kilometro hegoalderago dagoen Texas-eko San Antoniora.

Ez da izango eskusoinuaren nazioarteko hitzordu honek euskal-amerikar partaideak biltzen dituen lehenengo aldia, aurretik ere jarduna baita bertan bere bandarekin Mercedes Mendive Elkoko nevadatarra. 'Journey to Euskadi' izeneko CDa dauka merkatuan Mercedesek, egun Elkon barik Floridan bizi bada ere, Euskal Herrian jaiotako Fernando bere senar pilotari profesionalarekin ezkondu zenetik. Orain, Texas-eko musikaren jaialdi honetara joatearekin batera, euren lehenengo CDa plazaratu dute 'Amuma Says No'-koek ere, erabat 'Made in USA' eta aldi berean euskalduna. Datozen egunotan aipatuko dugu orrialdeotan.

2008/10/07

Bizitzaren zikloa eta AEB-Australian barrena bidaiari

Diasporaren eta Euskal Etxeen inguruan ere, gainerako testuinguruetan bezala, bizitza bizitza da eta horrek bizitzaren zikloa behin eta berriro errepikatzen dela nahi du esan: jendea hil eta jendea jaiotzen dela, alegia.

Begibistan den hori esan ondotik, aste honetan izan diren bi heriotz ekarriko ditut lerrootara: Venezuelan erbestea pasaturik Donostian hil den Jokin Intza --datorren igandean Caracasen egingo den hileroko meza bere oroimenez eta Pello Irujo eta Javier Ugalderen oroimenez egingo da, goizeko hamaiketan.

Eta Pello Aranburu, Madrilgo euskalduna, hiriburu espainiarreko Euskal Etxearen historian eragile izan den donostiarra. Bere oroimeneko elizkizunak ere datorren igande honetan egingo dira Madrilen, Euskaldunen Elizan ('Iglesia de los Vascos', Principe kalea 31) eta ondoko ostiralean, urriaren 10ean, Donostian, iluntzeko zazpi t'erdietan, Alde Zaharreko San Bizente parrokian.

Baina jendea hil eta jendea jaiotzen dela esan dut. Eta horren isla izan daiteke gure Argazkien Galerian gaur argitaratu ditugun AEBetako Coloradoko Euskal Etxeko argazkiak. Gaztetxoak eta jaioberriren bat ere bildu ziren bertako euskal komunitateak famili giroan urtero egiten duen Mendiko jaira. Eta, bizitzarekin segituz, adaxka berrien bizitasunaren sinbolo boteretsu izango da bihar larunbata Argentinan, Llavallol-eko Euskal Echea (sic) eskolan --ehun urtetik gorako erakundea berau-- egingo den festa erraldoia, milaka gaztetxo argentinar partaide, euskal jantziz, euskal dantzari, euskal eta argentinar osagaiak uztartuz.

Bestela, Tolosatik (Gipuzkoa) datorkigu proposamena 2009-10 ikasurterako, Estatu Batuetako eta Australiako euskaldunei zuzendua. Lau kide dituen familia bat da (senar-emazteak, 19 hilabeteko haur batekin eta orain jaiotzekoa den beste batekin) eta datorren kurtso horri AEBetan eta Australian bidaiari pasatu nahiko lukete. Honela diote:

"Gure helburua lehenik New York hirira joatea da, eta bertan 10 bat egun pasa ondoren 5 hilabetez ezagutu nahiko genuke USA eta Kanada. Australiaren kasuan gauza bera, Sydneyra joan hegazkinez eta beste 5 hilabete pasa herrialdea ezagutzen". Ikastola batean irakasle den aita honek proposatzen duten tratua: "Nik nire Euskal Herriko etxea eta autokarabana eskaintzen dut eta trukean gauza bera eskatzen dut".

Bere datuak:

Angel Cuerdo Galarraga
San Frantzisko 3, 3.a
Tolosa, Gipuzkoa
Tel:  00 34 653 013996 
e-maila:
acuerdo@jakintza.net

2008/10/03

bisita