Hemen zaude: Hasiera Nire talaiatik
Dokumentu Akzioak

Nire talaiatik

Ongi etorri, Bego

Hemen gaude berriz ere. Egia esan, buletina atera ez dugun tarte hau --abuztuaren 10etik honakoa-- Donostiako bulegoa aldatzeko baliatu dugu. Datozen egunotan adieraziko dizuegu zein den gure telefono berria (bietariko bat, beste zenbakiari eutsi egingo baitiogu). Hori, telefonoz deitu nahi badiguzue, emailak-eta ez baitugu aldatu.

Berri on bat ere, barrukoa, eta berezia, badugu, gurera itzuli baita, bi alaba zoragarri izan ondoren eta zegozkion eta amatasunak eskatu dizkion epeak pasatu ostean, Bego, Bego Miñaur, EuskalKultura.com-en bost bat urte eginak zituen lankidea, kazetaria bera, eta lan egiteko sasoiko, emeia, kuraia, indarra eta gogoa erabarrituta. Ongi etorri etxera Bego, eta benetan pozten gara zu berriro ere gurekin egoteaz.

Bestela, joango gara aipatzen eta komentatzen hasi berria dugun kurtso honetan (Ipar Hemisferioan hasia da kurtsoa, Hegokoan kurtso berberak segitzen baitu) Diasporari dagozkion hainbat gai.

Iragan asteburuan Kolonbiako Bogotan, bertako Euskal Asteari eman zioten hasiera, eta Chino-Los Angelesen, berriz, amaiera Munduko Mus Txapelketari (euskal etxeen artekoari), Euskadiko bikotea garaile (Angel Rivero eta Juan Antonio Vicente, ikus hemen sailkapena). Bitartean, Madrilen bertako Euskal Astearen antolaketa dezente aurreratua dago, hilabete hondarrean egingo baita Madrilgo Euskal Astea; Argentinan ere gauza bera, baina urri azkena-azaro hasieran egiteko. Hor etorriko dira baita ere Txileko Euskal Astea eta beste hainbat ekimen, baina horiek izango dugu segidako mezuetan aipatzeko aukera.

Gaurkoa laburra izan da. Segi bizkor, irakurle.

2010/09/06

Datorren asteartean itxiko dugu

Aste gutxi batzuetarako baino ez. Joan den urtean egin bezala, aurten ere EuskalKultura.com-ek aste batzuetan itxiko ditu bere ateak abuztuan, urte osoan hemen lanean ari garenok atseden pittin bat hartu eta, gure Donostiako bulego eta erredakzioaren kasuan bederen, barne lan batzuk egin eta behin-behineko leku-aldaketa bat gauzatu ahal izan ditzagun.

Ohi bezala arituko gara lanean, egunero argitaratzen, datorren asteartea, abuztuaren 10era arte. Egun horretan emango dugu argitara hilabete honetako gure azken buletina, ondoren, irailaren 7an, asteartea, berriro ere buletina argitaratzeari ekiteko.

Garrantzitsua: notaren bat edo informazioren bat bidali nahi badiguzu, egin ezazu lehen bait lehen, asteartea baino lehen argitaratzen ez ditugun informazioek irailera arte itxaron behar izango baitute.

Asteartera arte gelditzen diren egunetan Boiseko Jaialdi 2010ari buruzko berri eta argazki-saila bukatzeko geratzen zaizkigun atalak emango ditugu argitara, baita zintzilik edo dilindan gelditu zaizkigun bestelako albisteak ere, nahiz eta badakigun litekeena dela gauzak argitaratu gabe geratzea. Ahalik eta ongien egingo dugu, baina data mugarik ipintzen ez badugu iaz bezala gertatuko zaigu, joan den urtean abuztuaren 1ean oporretara gindoazela iragarri eta egunero gauzak publikatzeko zain zeudelakoan, abuztuaren 21ean ixten bukatu genuen. Bitarteko gehiago dugunean, hobeto egingo dugu.

Ipar Hemisferioko gure irakurleei, udako opor onak izan ditzatela opa diegu; eta Hegokoei, gauza bera, baina negukoei dagokienean. Zernahi gisaz, geure desio eta agiantzarik onenak guztiei, baita oporrik hartzeko aukerarik izan ez dutenei ere. Irailaren 7an itzuliko gara.

2010/08/06

80 haur ari dira 2010eko Renoko Udalekun

Nevadako Renotik ari naiz idazten honako sarrera. Jakina denez, ekainaren 20-21etik hasita, NABOk urtero antolatzen duen Udaleku ari da egiten hemen egunotan, Estatu Batuetako Oesteko zenbait herri eta estatutatik etorritako 80 haur partaide, 10-15 urte bitartekoak eurak.

Urtero errepikatzen den gauza da. Lehenengo aldiz datozen haurrak, hasiera egunetan, "euskaldunen Udaleku delako hori" zertaz doan ikusi arte pixkat uzkur --baldin eta hemen izatea euren gurasoen erabakia izan bada-- baina berehala egokitu eta sartzen dira giroan. Udalekun aurretik ere parte hartu dutenak, eurek eskatuta eta motibatuta etortzen dira, benetan disfrutatu eta denbora goxoa pasatzen baitute, Estatu Batuetako beste hainbat tokitako euren 'euskal laguntxoekin'.

Hau idazten ari naizenean, Udalekuaren hamargarren egunean gaude jada eta nabaria da haurrak izugarri ongi ari direla pasatzen; eta ongi pasatze horretan, eguneroko ekimenetan, euren euskal jatorriari buruz eta euskal kulturari buruz hainbat gauza ari direla ikasten.

Ostiralean egingo dute azken performance edo emanaldia, eta ilusioz ari dira prestatzen egun horretan bila etorriko zaizkien guraso edo familiakoen aurrean, azken emanaldi horren barnean, antzeztu edo gauzatuko dituzten esketx, kantu, joaldi edo dena-delako erakustaldiak. Azken emanaldiak ipintzen dio, izan ere, amaiera Udalekuri. Ondoren datoz Udalekuko lagunei agur esan behar izaterakoan isuriko diren malkoak, ia bi astez elkarrekin bizi izanak lotura estuak eta adiskidantza askotan indartsuak oso sortzen baititu haurren artean. Elkarren e-mailak trukatu dituztelarik, urtean zehar segituko dute harremanetan, beste euskal festaren bat edo datorren urteko Udaleku etorri arte.

Beste urte batez, Udalekuren helburua beteko da: haurrek ilusioz ekin baitiote aurten ere eurak protagonista diren euskal ekimen honi. 'Euskal ekimena', 'haurrak' eta 'ilusioa eta ongi pasatzea', hiru osagai elkarrengana bilduak. Hori da Udaleku. Euskaldunen artean ongi pasatzen dela eta errepikatzea merezi duen esperientzia dela ikasten duten ekimena. Iniziazioa askorentzat. AEBetako euskal komunitateko buruzagien harrobia, biharko egunari begira gaur prestatua.

2010/07/01

Etxepare Institutuak badu zuzendaria: Aizpea Goenaga

Joan den astea Diasporarentzako garrantzi handia izan dezakeen berri batekin itxi genuen. Ostiralean, lehenengoz legealdi honetan, Etxepare Institutuko Patronatoa bildu zen, Patxi Lopez lehendakaria buru, eta bertan jakinarazi zen mundu zabaleko euskara eta euskal kultura alorrean zeregin eta langintza inportantea izatera deitua dagoen Etxepare Institutu honetako lehenengo zuzendariaren izena. Luzaroan itxaron izandako izendapena, izan ere gaur goizean bertan Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak egingo duen bileran ofizialki izendatzea espero dena.

Aizpea Goenaga aktore, gidoilari, zuzendari eta artista donostiarra dugu ardura hori hartuko duen pertsona. Izendapenarekin, behingoz egiazki abiatzekotan ipiniko da hamaika aldiz aipatutako erakunde honen, baina orain arte izaera erabat fantasma eta holografikoa baino izan ez duen Etxepare Institutuaren ibilbidea; beroketak egiten ipiniko da, irteera-puntuan, oraingoan bai lasterketa edo ibilbidea hasiko duelakoan.

Zuzendaria izendatu izanak solaskidea, gaiaz ardura zuzena duen eta Etxepare molde, gako edo hizkuntzan ganoraz mintzatzen has daitekeen norbait agertokian sartu dela esan nahi du. Orain arte aurrekontua hor zegoen, lokala prestatzen ari ziren, pertsonala bidean omen zetorren... Arazoz eta trabaz betetako bidea ez dugu aipatuko, zuzendaria izendatzearekin tunela argiz hornitzen baita eta Institutuaren izaera birtual eta balizkoa, lehen aipatu dugun holograma, egitate bihurtzen hasten; nahiz eta kasu honetan Etxepareren izaerak birtuala eta digitala ere izan beharko duen, mundu zabalari begira ezarri zaizkion lanak ongi betetzekotan bederen.

Jakina denez, Institutuak orain arte Jaurlaritzako zenbait sail eta erakundetan sakabanatutako lanak hartuko ditu bere gain, tartean euskara eskolak, unibertsitateetako euskara eta euskal kultura irakurlegoak, euskal zinema asteak eta oro har Euskaditik kanpoko euskal kultur ekimena. Transizio denbora baten ondoren Etxeparek koordinatuko ditu, horretan pertsonal propioa hartzeko uneak aro berri bat ekarriko duelarik. Ez dago adierazi beharrik, ordea, munduan euskara eta euskal kultura kokatzeko, sustatzeko eta zabaltzeko orduan euskal etxeek eta euskal gizataldeek zeresan handia daukatela, urtetan baitabiltza langintza horretan.

Gure ustez, munduko euskal kultur errealitatearen ezagutza, errealitate horren une oroko argazki egokia izatea, eta bizia eta mugikorra den eta --ez dezagun ahaztu-- boluntarioki eta gehienbat ilusioa eta atxikimendua edo komentzimendua motore izanik dabilen eta funtzionatzen duen euskal kultur mundua hurbiletik ezagutu, elkar-eragin eta segitzea funtsezkoak dira honetan aritzeko. Informazioa oinarrizko tresna da edozein politika egiteko, eta bistan da baita honetan ere.

Eta hortik idazten ari gara gu. Esperantzaz agurtu nahi dugu Aizpea Goenagaren izendapena. Zeregin garrantzitsua dauka aurrean, oso ardura handikoa gure ustetan. Erronka den zeregina, baina baita aukera handia ere. Sormenari bidea zabaltzen diona, ia zerotik eraikitzea baita; gauzak hasieratik ongi egiteko aukera ematen duena. Orain ipiniko diren egitura, diseinua eta gauzak egiteko moldeak, lortzen den lan egiteko giroak eta proiektatzeko gauza den feeling eta irudiak, euskal kulturaren irudia eta lanaren eraginkortasun bera baldintzatuko dute.

Informazio alorrari dagokionez, langintza honetan aspaldidanik geure ondar-alea ipitzen ari garenokin kontatzea espero dugu. Euskal Etxeek eta munduko euskaldunek badute hor zer esanik. Itxaropenak eta espektatibak zabalik daude eta hau da unea diseinatzeko, irudimenari ateak irekitzeko, emendatzeko, koordinatzeko, sostengatzeko, errazteko, aukerak zabaltzeko, partekatzeko eta integratzeko euskarak eta euskal kulturak munduak dauzkaten lagun eta lankide ugariak. Ongi etorri, Aizpea, badakizu non gauzkazun.

2010/06/01

FEVAko hauteskundeez eta gai gehiagoz

[Bistan da, irakurle, maiztasun aldetik ez nabilela oso fin blog edo zutabe honi dagokionez, baina aldi berean zalantzarik ez da segitzen dudala lanean egunero-egunero, astero-astero eta hilabeteak etorri ahala buletin eta webgune hau albistez etengabe eguneratzen. Ahal duguna egitea esaten zaio honi, norberaren indarrek ematen dutena egitea, ez baita gauza batere erraza aski baliabiderik gabe segitzea berez erakunde batek, euskal etxeen federazio batek edo antzeko proiektu indartsuago batek egin beharko lukeen lan hau. Hala ere, segitzen dugu oraingoz honetan, baina gehiago 'euskal kaskagogorkeriaz' --'vasco porfiado' esaten dute Ameriketako herrialde batzuetan-- eta logika guztiei muzin eginez, beste edozein arrazoigatik baino. Ikusi beharko laguntza gabezia handi honetan noiz arte irauten dugun, laguntza behar baitugu]

Jai egun batean ari zara hau irakurtzen, irakurle, Hego Euskal Herriari dagokionean behintzat, eta ni oraintxe bertan Donostian nauzu. San Jose eguna da gaur, batzuentzat 'aitaren eguna' baita ere.

Bitartean, Argentinan, FEVAren egungo Zuzendaritza Batzordeak bere azkeneko bilkura egingo du gaur arratsaldean Buenos Airesen, bihar goizean hauteskundeak baitira eta karia horretara federazioa osatzen duten euskal etxeean Ohiko Batzar Nagusia deituta baitago. Azkeneko urte honetako txosten ekonomikoa-eta onartu ondoren --hala badagokio behintzat--, lehendakari, idazkari eta diruzain karguak hautatuko dituzte euskal etxeen ordezkariek, batzordekide eta beste zenbait kargurekin batera.

Jakina denez, zerrenda bakarra aurkeztu azkenik eta, beraz, ezer arrarorik gertatu ezean, hor buru den Ricardo Basterra aterako da lehendakari. Orrialde hauetan (ikus linka), atzo bertan egin genion elkarrizketa egun FEVAko diruzain eta Pampako Santa Rosako Zelaiko Euskal Etxeko lehendakari den Basterrari. Bere zerrendan, idazkari kargurako orain ere idazkari den Arrecifesko Marta Abarrategui-k segitzen du, eta idazkari, ostera, Juningo Euskal Etxeko Hugo Andiazabal sartzen da. Bilerak, bestalde, bi bisitari berezi izango ditu eguerdi aldean: Euskadiko ordezkari Elvira Kortajarena, Buenos Airesen bizi dena, eta Europatik bisitan den Guillermo Echenique, Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia.

Echenique bizpahiru asteko bidaian dabil Ameriketan, eta dagoeneko ibilia da Txilen-eta, kasu honetan herrialde andetar horretako ordezkari berri den Ana Urchueguia-rekin, harekin batera euskal etxeak eta buruzagi txiletarrak bisitatzen, ia 25 urtez Lasarteko alkate izan den donostiar hau otsailaren 23an izendatu bazuen ere Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak, ez baitzen joan den astelehenera arte bertaratu lan-esparru izango duen eremura. Echenique Brasilera doa astelehenean eta bat egingo du Sao Paulon Lopez lehendakariarekin, lehendakariak egun horretan hasiko baitu Ameriketako herrialde batera --ordezkaritza ekonomiko zabal bateko buru-- egingo duen lehendabiziko bidaia ofiziala.

Bidaia horren baitan, Lopez lehendakariak Sao Paulo hiri eta estatuko, eta oro har Brasilgo, euskal gizataldea errezibituko du astelehen arratsaldean hiri erdiguneko hotel batean. Bertatik bazabiltza eta interesa baduzu, garaiz zabiltza oraindik.

Gauza goibel eta tristeagotara igaroz, Argentinan Lorene Baqueriza Gamboaren izena ekarri beharrean gaude, joan den larunbatean hil baita urtebete minbiziak jota ibili ondoren, 38 urte zituela.  Lorene Julio Baqueriza (FEVAko lehendakariorde ohia, Tandilgo Euskal Etxeko lehendakari ohia eta Argentinako Eusko Ekintzakoa ere) eta Txiki Gamboaren (FEVAko batzordekide izana eta Emakume Abertzale Batzako lehendakari ohia) alaba zaharrena zen. Senarra eta hiru seme-alaba uzten ditu: Christian, Nekane eta Aitor. Besarkada bero bat guztiei, bereziki Itziar Gamboa eta Julio Baquerizari.

Buenos Aires probintziatik atera gabe, Fermina Mariezcurrena lagunak idazten digu, Ayacuchotik, berak hain fin eta indar handiz kudeatzen duen Euskal Odola Euskal Etxean hil zaien Santos Diez de Ulzurron-en heriotzaren berri emanez. Lankide bizi eta gizon ona omen zuten. Berarentzat ere gure oroitzapena.

Bestela, Diasporan zehar garatzen ari diren ekimenen artean, azpimarratzekoa dugu Bartzelonan atzo hasi berria den Literaldia jaialdia, hilabete bat baino gehiagoz Bartzelona eta Kataluniara euskal literaturaren berri eramango duen jaialdi anitza, Bartzelonako Euskal Etxea antolatzaile. Egiari zor, urtean zehar makina bat saio eta programa interesgarri gauzatzen ditu Bartzelonako Euskal Etxeak, eta hau horietarik da. Seigarren urtez ari da aurten. Ea munduko beste euskal etxeren batek ideia hartu eta antzeko zerbait beste nonbait moldatzeko moduan dauden, ekimen polit eta interesgarria baita, euskal idazleak, poetak, musikariak-eta modu aktibo, eraginkor eta ekarpentsuan hainbat ekitalditara ekarriz. Lan onma, zalantzarik gabe, hiriburu kataluniarretik garatzen dutena.

Horren abiatzearekin ia bat eginez, Erromak ere euskal asteburu kulturala programatu du bihar eta etziko, larunbat eta igande, abangoardista eta alternatiboa, bertako Associazione Culturale Euskara-ren eskutik, tartean erromataratutako kezka artistiko handiko Alex Mendizabal musikari eta artista.

Eta egin berriak diren ekitaldien artean, ezin aipatu gabe utzi joan den larunbatean San Frantziskon, bertako Basque Club-aren 50. urteurrena zela-eta antolatutako bertso-jaialdia, Maialen Lujanbio Euskal Herriko txapelduna eta aurretik txapela buruan izandako Andoni Egaña Europako gonbidatu berezi, baina Estatu Batuetako lau bertsolari ere partaide, bertako plazetan ibili ohi diren Johnny Kurutxet eta Gratien Alfaro (San Frantziskokoak), Jesus Goñi (Reno, Nevadakoa) eta Martin Goikoetxea (Rock Springs, Wyoming-ekoa). Gai-jartzaile lana egoki bere zuen San Frantzisko bertako Franxoa Bidaurretak esnazuarrak. Argazkiak hemen ikus ditzakezu, Philippe Acheritogaray-k eginiko lanari esker.

Erositako prezioan esango dugu New Yorkeko Euskadiko Ordezkaritzatik --ordezkaririk gabe segitzen duela esango dugu, inork zalantza egiten bazuen ere-- abisua pasa digutela esanez abian direla berehala euskara klaseak Sagar Handiko Cervantes Institutuan, Ordezkaritzarekin egindako tratu bat medio. Manhatten emango dira, 30 orduz, ostiraletan arratsaldeko seietatik iluntzeko bederatziak arte, apirilaren 9tik ekainaren 18ra bitartean. Prezioa, 525 dolar. Garesti samarra iruditzen zait, baina edonola ere interesatuek xehetasun gehiago (212) 308 7720 telefonoan eska dezakete, luzerak 109/ 110/ 112. Beherapenen bat ba omen dago.

Eta gaurkoa bukatzeko, Buenos Airesko Euskaltzaleak elkarteak oharra zabaldu du bere kide eta lagunak, eta publiko euskaltzalea oro har, gaur Mexiko 1880 kaleko bere egoitzan egingo den tabernara gonbidatuz. Gauza "lagun arteko momentu goxo bat" igarotzea da, giro euskaltzalean, eta nahi duenak, euskara praktikatzea. Txindoki taberna zabalik egongo da bederatzi t'erdietatik aurrera. Afari herrikoian, ez dira tortila pintxoak (3,5 peso) faltako eta jaki nagusia marmitakoa (10 peso) izango da. Sarrera libre da, baina aldez aurretik adieraztea eskatzen da (011 4383 1529 zenbakira), kopuruak ezin baitituzte bestela ongi kalkulatu.

2010/03/19

Ellis Island-eko euskal erakusketa

Asteburu polita eta gogoangarria, zirraragarria ere esango nuke, izan da azkeneko hau, otsailaren 6-7koa, New Yorkeko euskaldunentzat. Larunbatean, eta New York hiri aurreko Ellis Island-en, XIX. eta XX. mendeetako hainbat urtez Europatik Estatu Batuetara legepean etorri ziren 12 milioi immigranteren sarreragune izan zen Ellis Island-en [egun urtero molioika turistek bisitatzen duten lekuan], Euskal Erakusketa zabaldu zen, euskaldunei eta euskaldunen migrazioari buruzko erakusketa, bisitari guztientzat zabalik.

Zer pentsatuko zuten garai batean beharrak eraginda bertatik pasatu ziren euskaldun haiek eurei buruz, eurak mintzagai harturik, eurentzat galbahe, egoera zail eta tragu txar izan zen leku hartan, hainbat urte geroago beste euskaldun talde batek, igoal euren ondorengoak tartean, inaugurazio bat egin behar zuela jakin izan balute; euskal dantzariak dantzari, euskal kantariak kantari, eta, esaterako Gernikako Arbolaren doinua Amaia Arberas soprano donostiarrak piano eta celo batek lagundurik ozen, sendo eta hunkigarri kantatu behar zuela, euren bertatik pasatzea Estatu Batuetako euskal komunitatearentzat izan zen ezinbesteko bizitze-pauso hura ohoratuz ekitaldi handi bat egin behar zuela jakin izan balute?

Asteburuari buruzko kronika izango dugu bihar EuskalKultura.com-en, geu ere bertan izan ginen egun 'historiko' honetan.

2010/02/08

Udalekua, Luzarraga, Danborrada, Ellis Island eta San Frantziskoko bertsoaldia Maialen eta Andonirekin

Kaixo, irakurle. Osteguna, Errege egunaren biharamuna da gaur. Atzo jai eguna izan zen Hego Euskal Herrian, eta bertako haurretako askok, Olentzerok, Santa Claus, San Nikolas, Papa Noel edo dena delakoak ekarritako jostailuekin jolasteko azken eguna izan zuten, gaur eskolara itzultzeko eguna izan baitute. Ez Diasporako beste hainbat haurrek, Hego Hemisferioko herrietan ikasturtea urte naturalarekin amaitu baitzuten abenduan, eta opor --udako opor-- bete-betetan sartu baitira.

Argentinan, esaterako. Eta uda udalekuen garaia izanik, joan den astelehenean hasi zuten 'Argentinako lehenengo udalekua' deitu dutena Chascomus herrira zazpi euskal etxe diferentetatik bildutako berrogeita hamar haurrek. Ondoko Uruguain, ohi bezala, otsail hasieran egingo dute eurena, Rio de la Plata ertzeko Artigas Kanpamentuan, FIVUk (Euskal Uruguaitar Erakundeen Federazioa) antolaturik (iazko argazkiak, hemen).

Errege Magoen festa aipatzen genuen, eta ez da hori munduko euskal etxeetan gehiegi ospatzen den festa. Mexiko hiriburuko Euskal Etxea izango da hor salbuespen, urtero-urtero azaltzen baitira hiru maiestateak DFko Euskal Etxera (aurten datorren larunbatean egingo dute, arratsaldeko zazpietatik aurrera), oparien festa horretan protagonismoa Olentzerorekin banatuz.

Urtea behar bezala amaitzeko, Arrecifes-ko 'Euskaldunak Denak Bat' Euskal Etxekoek euren webgunea inauguratu zuten eta, hotz polarrak, euriek edo eguraldi onek astinduta, urte gorabeheratsuari batera edo bestera ipini diogu amaiera munduko euskaldunek. Bartzelonako Euskal Etxekoek arnasa hartzeko aukera eman gabe ia, etenik gabe segitu dute emanaldiak, kontzertuak eta gainerakoak antolatzen. Datorren astean, urtarrilaren 16an, euren Txokoaren urteurrena ospatuko dute, bazkari barazkijale eta bazkalondo girotu batekin.

Baina gauzak kronologikoki aipatzearren, esan dezagun, gauden aste hau berezia dela euskal aldizkarietan dekanoa den Herriarentzat, astero-astero Baionatik Euskal Herrira eta mundura plazaratzen den euskarazko astekari honentzat. Formatua txikitu eta aste honetatik, freskuago eta erakargarriago agertuko da, orrialde kopurua bikoiztuz eta kolore gehiago sartuz. Zorionak hemendik, euskalgintzan eta kazetaritzan lankide ditugun Herriakoei.

Bestela, gaur berri txarra izan dugu Txiletik, bertan atxilotuta segituko baitu Asel Luzarraga euskal idazleak, bertako Berme Epaimahaiko epaile Alejandra Garciak atzo bertan hala erabakita. Berria are txarragoa da, kontutan izanik epaileak hiru hilabeteko epea eman diola fiskalari ikerketa ixteko eta hori gertatu bitartean Luzarragak Temuco-n giltzapean segitu beharko duela. Jarraituko dute, beraz, doaike, Euskal Herrian zein Diasporan aska dezaten eskatuz hasi diren kanpaina eta mugimenduek, tartean Txilen, Argentinan eta Uruguain, errugabea dela zinez sinetsita.

Gaur bertan, bestalde, AEBetako Boisen, bertako Euskal Museo eta Kulturetxeak prestatutako Hidden in Plain Sight: The Basques (Begibistan ezkutatuta: Euskaldunak) izeneko erakusketaren lehenengo erakuste edo preview bat egingo da, arratsaldeko seietatik aurrera. Jakina denez, eta aurreko batean orrialdeotan azaldu genuenez, erakusketa garrantzitsu hau Boisen landu dute, eta New Yorkeko Ellis Island-en inauguratuko dute otsailaren 6ean, Euskal Herriko eta Ameriketako ordezkariak bilduko dituen ekitaldi eta programa batez. Hiru hilabetez egongo da han ikusgai. Gogoratu egun 104 urte dituen Lucy Aboitiz Garatea lekeitiarra, 1920ean 15 urte zituela Ellis Island-etik AEBetan sartu eta geroztik Idahon bizi izan den euskaldunaren bideo batek egiten duela erakusketaren aurkezpena. Aukera izanez gero, merezi du. Uztailean, jaialdirako, Boisera eramango da ikusgai.

Horren aurretik, ordea, hilabete honetan San Sebastian festa eta danborrada egunak ditugu. Hasteko, Donostian, eta gure bulego nagusia Donostian dagoenez, geu ere danborjole ibiliko gara. Izan ere --eta oraingoan esan eta egin egingo dugu-- biharko EuskalKultura.com buletina eta gero, ez gara San Sebastian biharamunera arte, urtarrilaren 21era arte itzuliko, buletinari eta berriak ipintzeari dagokionez. 11etik 21era arte, beraz, ez da buletinik izango. Bihartik aurrera hartuko ditugun berriak, 21etik aurrera argitaratuko ditugu, beraz.

San Sebastian eguna eta danborrada ospatzen munduko zenbait euskal izango ditugu festakide. Jaia aurreratuz, Argentinako Necocheakoak, aurten euren danborrada dotorea aurreko larunbatera, urtarrilaren 16ra ekarriz. Ez zaizkie atzean geldituko Mexikoko Euskal Etxeko danbor eta barrilak, ez eta Bartzelonako Euskal Etxekoak edota Madrilgoak edo New Yorkekoak. Zeuk ere zeure euskal etxean ospatzen baduzu eta hala adierazi nahi badiguzu, ez gehiago pentsatu eta eman iezaguzu horren berri.

Esan, bukatzeko aurtengo lehenengo sarrera hau, mintzatuko garela horretaz, baina data zehatza gero eta hurbilago dagoenez, San Frantziskoko Euskal Etxeak --San Francisco Basque Club-- mende erdi bat betetzen ari dela aurten, eta hori ospatzeko, besteak beste, Euskal Herriko bertso txapeldun eta txapeldun ohi Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña, bertako bertsolariekin batera parte hartuko duten ekitaldi bat antolatu duela martxoaren 13rako. Euskal Herritik edo beste nonbaitetik hara joateko, orain da unea hegazki tiketak erosteko, merkeagoak baitira aldez aurretik eta sasoin honetan erosita. Esan, esan dugu, orain bakoitzaren nahi eta ahalen arabera doa gauza.

Ikusten duzunez, irakurle, beti dugu zerbait esateko, baina ez gara beti iristen, heltzen zaigun informazioa gero eta gehiago baita eta bitartekoak gero eta gutxiago. Zutabe hau idazteak, beste gauza batzuk ez idaztea esan nahi du... Baina aitzeki gutxiago. Ea pare bat aste barru buletinarekin itzultzen garenean gauzak hobetzeko aukera daukagun. Mila esker zure arretagatik, irakurle lagun, eta berehala arte.

 

2010/01/07

Caracasen Eusko Etxea sortu eta gailurrera eraman zuen belaunaldia omenduko dute

Omenaldia egingo zaie asteburu honetan Caracasen 1939an, duela 70 urte, bertara errefuxiatu eta emeki emeki Euskadi txiki bat eraikitzeko oinarriak ipini zituen belaunaldiari, Diaspora osoko euskal komunitate aktibo eta eragileenetako bat sortu arte.

Bere buruari, bere historiari egingo dio asteburu honetan omenaldia Caracasko Eusko Etxeak. Belaunaldi aitzindari haren seme-alaba direnek euren gurasoei luzatuko diote esker on publikoa. Eusko Etxeak, Venezuelako euskal komunitatearen izenean egingo du; Iruñetik propio joandako Ortzadar taldeko dantzariek, Euskal Herriko eta gazte diren heinean egingo dute; eta, azkenik, Chacaoko Udalak, lagun eta komunitate venezuelarraren izenean.

Gogor borrokatutako gizaldia izan ziren, dezente pasatutakoa. Eta Venezuelan berriz ere erakutsi behar izan zuten zerez eginak zeuden, eta hala egin zuten; gauza izan ziren aurrera egiteko, euren baloreen eta kemenaren sendotasuna frogatzeko, euren barne-indarra eta ekimena baliatzeko eta familia sortzeko, enpresak hasteko, erkidegoa eraikitzeko, heientzat eta ondokoentzat mundu berri bat eta aukera berriak sortzeko, euren sorterritik hainbat mila kilometrotara.

Euskal Herria eta Espainia Francoren diktadurak astintzen zituela, Caracasko Eusko Etxea eta Venezuelako euskal komunitatea oro har euskal kultura alorrean ekimen ugari eta bizitza bizia garatu zituen esparru bilakatu zen. Pertsona zintzoen izaera edo portaera omen da esker onekoa izatea, eta horixe bera da, bada, bihar, errefuxiatu etorri zen belaunaldia hurbiletik ezagutzen duen jendeak adierazi eta emango duena: esker ona, besarkada, txalo beroa. Pentsa dezagun gerokoak diren bestelako egoerak ez dutela baldintzatuko hau guztia eta izaera eta ezaugarri guztietako euskaldunek, lehentasunak noiz eta non behar diren ezarri jakinik, bat egingo dutela lagun artean antolatutako ekitaldi hauekin.

'Izan zirelako gara, izan garelako izango dira' dio euskal adagio ezagunak. Agian segituko du kateak eta Venezuelan ere euskal kolektibitatea gauza izango da ezadostasunak eta ezinikusiak baztertu, eta lehentasun ezarriko duela iragan aberatsari etorkizun aberatsa emateko erronka.

Lerro hauetatik 'mila esker' edo 'eskerrik asko' handi bat dioen mezua nahi dut bidali Caracas aldera, gisa bereko beste hamaikatxo mezurekin bat egin eta besarkada bihur dadin. Lagun euskal-venezuelar batek idatzi dit esanez bera omenaldira bertaratu eta parte hartuko duela, omenaldi berezia egin nahi baitio duela urte batzuk hil zen bere aitari, hura untzi aitzindari izan ziren haietako batean sartu baitzen Venezuelara. Mila esker --aitari edo amari esanda, edo aitatxi edo amatxiri...-- asteburu osoan behin eta berriro errepikatuko diren hitzak izango dira.

2009/11/27

Harat hunat Argentinan zehar, Bahia Blancako Euskal Asteko berriak

Gure irakurleetako batzuk gogora ekarri didatenez, joan den hilabete hasieran eman nuen argitara azkeneko 'Nire Talaiatik' sail hau eta, geroztik, Bahia Blancako Euskal Astean parte hartu zuten gure irakurle argentinarrek EuskalKultura.com bertan egon zela baiezta badezakete ere --Buenos Airesko gure korrespontsal Sabrina Otegi eta ni neroni ordezkari--, egia da zintzilik daukagula, argitaratzeke, euskal-argentinar ekitaldi garrantzitsu horretako berri, eta dilindan daukagula baita ere 'Nire talaiatik' saila normaltasun bidean sartzea, alegia, berriz ere asteroko dinamikari eustea.

Atzerapen hauen arrazoia, bata bestearen ondotik etorri diren zailtasun txiki batzuen konbinazioan datza, horri erantsita ni Bahia Blancako Euskal Astetik aurrera Argentinan barrena nabilela --oraintxe bertan Pehuajó-tik ari naiz idazten, Buenos Airestik 360 bat kilometro Mendebaldera-- hamar egunetan Rio Negro, La Pampa eta Buenos Aires probintzietako hamar euskal etxe bisitatu eta hamar hitzaldi emateko plangintza trinko baten barruan, orain artean 3.000 kilometro eginik, lo gutxi eginda eta buletina hala ere egunero plazaratuz, ondorioz denbora gutxirekin nire gain hartu nuen Euskal Asteko kronika handiko materiala eta irudiak behar bezala taxutu eta editatzeko, nahiz eta une honetan kronika hori argitatzeke baina egina dagoela esan dezakedan, prest, izan ere, datorren astelehenean, atalka --ehundik gora irudi eta bideo biltzen baititu--, argitaratzen hasteko.

Egiari zor, gauzak bestela prestatuak eta antolatuak genituen, baina honela atera dira. Nik neronek batzuetan ahaztu egiten dut nire indarrak eta baliabideak mugatuak direla eta bestela nahi izanda ere egunak 24 ordu dituela eta ez naizela batere hamalau, Bilbotik gertu bizi izanda ere.

Arestian esan bezala, Pehuajó-tik ari naiz idazten. Atzo Trenque Launquen-etik hona iritsi, hemengo 'Etxe Alai' euskal etxea bisitatu, euskal gizataldeko kide batzuekin bildu eta hitzaldia eman nuen euskal egoitzan. Gaur arratsaldean, berriz, Buenos Aires hiriburura bidaiatuko naiz autoz, eta bihar eguerdian, azkenik, hegazkina behar dut hartu, larunbat eguerdiostean Euskal Herrira iristeko.

Lerro hauek baliatu nahi ditut esker biziak emateko azken egunotan harrera ezinhobea eta zinez abegikorra egin didaten lagun eta euskal etxeei, Viedma eta Patagones-en (Rio Negro probintzian), Coronel Dorrego, Tres Arroyos eta Coronel Pringles-en (Buenos Aires probintzian), General Acha, Macachín eta Santa Rosa-n (La Pampa probintzian) eta General Villegas, Trenque Lauquen eta Pehuajó-n (Buenos Aires probintzian ostera ere). Mila esker bizi-bizi.

Hurrengo hitzordua, irakurle, bazter honetanxe, datorren astean.

2009/11/12

Bilerak, elkarretaratzeak, euskal asteak eta abian den kanpoko euskal mundua

Mundu aberatsa da kanpoko Euskal Herriarena eta hamaika dira egunero, astero eta hilabetero kanpoko euskaldunak protagonista gertatzen diren gauzak. Horregatik --oraingoan bezala-- zutabe hau idatzi gabe denbora bat pasatzen bada, gaiak pilatu egiten dira eta, okerrago dena, karia hortara hainbat gauza aipatu gabe geratzen dira, nahiz eta azken hau edonola ere beti gertatuko den gauza izan.

Bukatu berria den irailean gertatu dira, besteak beste, Mikel Atxaga kazetari eta lagunaren heriotza, Euskal Herrian, eta ia harenarekin batera aita Patxi Aldasororena Kaliforniako San Diegoaldean. Bien elizkizunetan egon ginen, Urnietan lehenik, Mikelen sorterrian, eta geroago --Kalifornian egin zituztenen ondotik-- aita Patxirenak Gipuzkoako Mutiloan, bere sorterrian.

Aita Patxi euskal artzainen apez izan zen Estatu Batuetan, Idahon (1954-1959), eta Estatu Batuetan artzain izandakoek, bizpahiru bilkura eta elkarretaratze egin dituzte irailean. Lehena, Nafarroako Erroibarrekoak, Nevadako Gardnervillen, Jose Luis Urrutia mezkiriztarra antolatzaile; gero, hurrengo asteburuan, Nafarroako Auritzen izan zuten bilera amerikanoak, bostehun jende baino gehiago bilduz; eta, azkenik, bi asteren ondotik, azkeneko asteburu honetan, Baigorrin bildu dira amerikanoak eta euren familiak, gehienbat Iparraldeko jendea bilduz urtero urriaren lehenengo asteburuan gauzatzen den hitzordu honetan, aurtengoan berrehundik gora lagun bildurik.

Bilkuren arloan ere, joan den asteburuan, baina larunbatez, Europako eta Ameriketako Gatxitegi/Gachiteguy familiakoak bildu dira Euskal Herrian. Europan ezezik, familia gutxienez Argentinan eta Estatu Batuetan daukate barreiatua. Sendi honetako kide da aita Adrian Gachiteguy beneditar aldudarra, 88 urte, egun Belokeko (Lapurdi) monastegian bizi dena. Aita Patxi Aldasoro Estatu Batuetan artzain euskaldunen apez ibili zen garaian, hura ere bertatik ibili eta bertan jasotako kontuekin Les Basques dans l'Ouest Americain (Mendebalde Amerikarreko Euskaldunak) liburua 1955ean plazaratu zuen. Joan den astean Estatu Batuetatik etorri zaizkion ahaideen artean, Patricia Ayerza, Oregoneko Portland-eko Euskal Etxea fundatu zuena, aspaldiko laguna. Gaur egun, ez dabil oso --batere-- aktibo euskalduntasun antolatuan, baina nork daki berriz ere ez ote dion ekingo Oregoneko hiri horretako euskaldunak batzeari.

Tarte honetan baita ere, osorik egin dute Kolonbiako Euskal Etxekoek euren urteroko Euskal Astea, aurten seigarrena, aurreko urteetakoak baina apalagoa, baina ekimenari eutsiz. Argentina eta Txileko Nafar Etxeek, berriz, egoera ekonomikoa dela-eta, eta Nafarroako Gobernuarekin adostuta, bertan behera utzi dute urtero egiten duten elkarretaratzea, beste gauza  batzuk jo baitituzte hau baino lehentasunago. Argentinan bertan, ekainean egitekoa bazen ere, orduan A gripearen neurriek aginduta atzeratu zen Neguko Barnetegia --Munduan Euskaraz programa barnean astebete irauten duena-- azkeneko aste honetan egin dute, arrakastaz eta ikasle/irakasleek indarrak berrituta, datozen sei lan-hilabeteei eusteko. Ameriketako zazpi herrialdetatik, Estatu Batuetatik Patagoniaraino, bildu dituzte partaideak.

Gauza askoz ere gehiago gertatu dira, baina gaurkoz hementxe utziko dugu.

Esango dut bukatzeko, eta hainbat jende esperoan daukan gaia denez, azkenean oraintxe, aste honetan, ordu gutxi barru, plazaratuko dela Euskal Etxeentzako 2009ko dirulaguntzen ebazpena. Ea zenbakiek sorpresa handirik ez dakarten. Argitaratu bezain pronto emango dugu albiste gisa horren berri.

[Oharra: arazoak izaten ari gara bideoak igo eta lotzeko eta pare bat ekitalditakoak ditugu zain, tartean Auritzeko artzain amerikanoen egunekoak eta joan den igandean Baigorrin hartutakorik ere. Ea arazoa non dagoen lehen bait lehen harrapatu eta berehala argitaratzen ditugun]

2009/10/06

Joseba Etxarri

Iritzi-zutabe honetatik euskal diasporaren egungotasunari buruzko komentarioak idazten ditu astean behin-edo Joseba Etxarri kazetari eta idazleak. EuskalKultura.com-eko zuzendaria da bera, Diasporako hainbat ekimenetan antolatzaile eta partaide aritua, bertan bizitua eta duela hogei urtetik gora euskal diaspora gaietan espezialdua.
Azken erantzunak
Ez dago erantzunik