euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Oroimenean

Joseph Camino

Joseph Camino
Joseph Camino, eskuinetik bigarrena, AEBetako Caminotarrekin Buffalon, 2002an. Bere aitzinean anaia Denis eta iloba Kate; bere ezkerrean, iloba John. eta eskuin, Moleres apezpikua (argazkia EuskalKultura.com)

2015/07/04 - Kanbo, Lapurdi

2015eko uztailaren 4an hil da 88 urte zituela Joseph Camino, arnegitar apeza, Baionako Elizbarrutiko bikario general ohia, ohorezko euskaltzaina eta pertsona arras ezagutua Iparraldeko euskalgintzan eta euskal eliz-giroetan. 

Euskaltzale handia, liburuak idatziak zeuzkan euskaraz eta frantsesez eta euskararen eta euskal kulturaren laguna izan zen, baita elizaren barnean ere eta euskarazko meza eta testuen laguntzaile. Ohorezko euskaltzain, beti atxiki zuen harreman on berezia Diasporako bere familiarekin, eta Ameriketara egin zituen bidaietako batean orduan Baionako apezpiku zen Moleresekin joan zen, Kaliforniatik aita Martxel Tillousek egin gomita onarturik, Diasporako euskaldunen bisitatzeko.

Azkeneko hilabetetan eritasunarekin borrokan ibilia, fisikoki ahuldua zen beti gogo azkarreko gizona. Bere heriotzak anitz jende penatu du, eta tupustean hil bada ere, Ameriketatik ere etorri zaio ahaiderik asteazken honetan Kanboko elizan 15:00etan egingo diren elizkizunetara.

Doluminak Euskal Herriko eta Ameriketako bere familiari, bereziki bere iloba maite Kate Caminori.

EGUNERATUA 2015-07-09: Joseph Caminorenb aldeko elizkizunak Kanboko elizan egin dira uztailaren 8an, asteazkenez. Eliza goitik behera jendez mukurru zen eta kanpoan ezarri behar izan dira bozgorailuak meza karrikatik segitu behar izan dutenentzat. 80 apezek eman dute meza, horien buru Baionako elizbarrutiko egungo apezpiku Marc Aillet, eta honen aitzinekoa, Pierre Moleres. Izan ere Moleresek eman du predikua, frantsesez eta zati handi batean euskaraz, bera Euskal Herritik kanpo sortua izanagatik Baionan apezpiku zelarik euskaraz moldatzen ikasi baitzuen. Estatu Batuetako familiaren izenean, bere iloba maite Kate Camino etorri zaio Renotik, Kanboko elizkizunetara eta Arnegi-Argaraia familiaren sortetxera.

-------------------------
Hona aste honetako Baionako Herria astekariak Joseph Caminoz ehorzketaren asteako alean argitaratuko duena:
 

Josep Camino

Berria burrustan hedatu da, untsa berri latza, iragan asteburu hortan, Josep Camino apeza zendu da Baionako ospitalean. 88 urte zituen. Haren ehorzketak asteazkenean dira, Kanboko elizan.

Josep Camino Arnegin sortu zen 1927an, hamabi haurrideko familia batean. Ibilbide guziz aberatsa eraman du, alde bat Elizaren eta euskararen zerbitzuko.

Errotik euskaltzalea ginuen Josep Camino. Apeztu baino urtea lehenago jadanik, 1960an sortu zuen Bonifazio de Beizama kaputxinoarekin PAN PIN, lehenbiziko komikia haurrentzat, zortzi orrialderekin hilabetean behin agertu zena, Zeruko Argia aldizkariaren eranskin bezala, eta 1968 arte iraun zuena. Funtsean apezteko urtean berean euskaltzain urgazle izendatua izan zen.

Apeztu eta Baiona San Andresen hasi zen bikario, 1964an Erretor izendatua izanik Baigorrirat, han egon bost urtez. Jada apeztu bezain sarri haurren omonier emana zuten, 1969-tik aitzina Hazparneko misiolari animatzaile aritu zen 1976-a arte. Diozesako beilen zuzendari kargua ere ukanki, kausitu zuen behin lur sainduetarako beila bat antolatzea euskaraz egin zena buruan buru. 1976-1986, dotzena bat urtez erretor egon zen Hazparnen eta Baionako katedralean.

Hortik landa animazioa lehen : 1987an apezgaitegiko zuzendari (hiru urtez) eta diozesako bikario nagusi hamabi urtez. Apezek erretreta hartzeko tenorean, 75 urtetan, nahi ukan zuen oraino eta hein bat azkar zagoeno Elizaren zerbitzuko segitu eta apez-lagun igo rria izan zen Getariara, hamar urtez han egonen da astean behin meza bat euskaraz bul tzatuz. Ez hain aspaldi, Kanboko Arditeirat erretiratua zen...

Ez baitzituen ahantziak, ez Pan-Pin aldizkaria ez eta euskaltzain urgazlegoa, 1969an kartsuki bultzatu zituen Euskal Herriko eliz-kantoreak, HERRIA astekariari betidanik atxikia, luzaz partaide izan zen “Jainkoa, bizia, jendea” sailean. 1995ean sustatu zuen Lapurdi Irratia, bai sortzean eta geroztik molde jarraikian. Beste bi lan ekarri dizkio euskarari : 2002an, diozesako sinodoaren kari “Euskararen lekua elizan” titulupeko topaketak bultzatu zituen.

Ohorezko euskaltzainen erronkan sartu-eta 2004an, liburu eder bat idatzi zuen “Herria maitez, Eliza maitez” titulupean, 2008an agertua dena. Liburu bat biziki argia, aberatsa eta hunkigarria, lekukotasun paregabea.

Azken hilabete hautan euskaraz idatzia du Louis- Edouard Cestac Baiones dohatsuaren bizia. Apez kartsu eta euskaltzale suhar, alde bat lan eta lan bermatua da Josep Camino, bestalde biziki jendekina eta gizon laketa.

Euskal Herri guziaren esker beroenak hartze ditu segur, gogoan dugula “Herria maitez, Eliza maitez” liburuaren aitzin-solasean Jean Haritschelhar zenak idazten zuena: “Apez batentzat Herria eta Eliza elgarrekin doaz baten eta bertzearen zerbitzari delakotz, ez bakarrik euskaldun fededunen zerbitzari bainan bertze guzien entzule eta anai. Herria maitez, Eliza maitez, ez ote du apezak, bai eta ere edozoin giristinok, bere eginbidea betetzen...” Eginbide hori ederki beterik joan zauku Josep Camino...



Oroimenean

Bidali zurea

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia