euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Oroimenean

Clelia 'Kela' Gorri Arrese

Clelia 'Kela' Gorri Arrese
Hilda eta Kela Gorri Arrese ahizpa pehuajotarrak

2018/05/24 - Pehuajó, Argentina

Joan den ostegunean, maiatzaren 24an, hil da Pehuajó-n 94 urte zituela Kela Gorri.

1923an Pehuajó-n euskal familia baten barnean jaioa, bere izen-deituraak Clelia Edith Gorri Arrese Arguindegui Aramburu ziren

EuskalKultura.com-ek duela hiru urte argitara emandako artikulu batetatik moldatu ditugu honako lerroak.

Errientsa, eskola-maistra izan zen eta landa eskoletan aritu zen lanean, baita hirietan ere, hala nola Trenque Lauquen-en eta Pehuajó-n.

Gazte zela hasi zen Pehuajó-ko Euskal Etxean eta bere bizitza osoan, ahal izan duen arte izan da bertako kide aktibo, bere ahizpa --2015an hila-- Hildarekin batera. EE barnean hainbat lan egindakoa, erakundeko lehendakari ere izan zen eta berari zor zaio lege nortasuna lortu izana. Euskari ere ekin zion eta Euskal Asteetako luzaroko partaide izan zen. Bi liburu argitaratu zituen: 'Euskaldunak Bai Bai' eta 'El Olentzero'.

Pehuajó-ko Euskal Etxearen izenean antolatzaile eta partaide izan zen Etxe Alaik fundatzaile izan zuen aita Txomin Jakakortexarenari bere sorterrian, Gipuzkoako Berastegin, 1999an egin zion omenaldian. Apezaren hilobiaren aurrean egindako ekitaldian, plaka ezarri zuen Argentinako euskaldunen izenean, herriko agintariak bertan zirela.

Euskal Etxeko jardunen barruan, 'Akelarre' izena hartu zuen yoga taldea sortu zuen, gaur egun aktibo segitzen duena, eta bertako buru segitu zuen 2013ra arte.

Euskal Etxeko lagunek "uste sendoko emakume” gisa aipatua, “solidarioa, zintzoa, langilea eta borrokalaria ere bada bere ideiak babesteko garaian. Oso buru argia du gainera, eta guk berarengana jo ahal dugu behar dugun bakoitzean” esan zioten EuskalKultura.com-i duela hiru urte, berari buruz galdetutakoan, Pehuajó-ko Hiriak orduan Emakumearen Egunean egin zion omenaldiaren karietara.

Baita “lagun ona, laguntzaile paregabea eta batez ere bizitza eredu”garrikoa ere.

Gaur, orduan bezala, eskerrik asko, Kela, ohore bat izan da.



Oroimenean

Bidali zurea

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia