euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Oroimenean

Bernardo Yanci

Bernardo Yanci
Bernardo Yanci Elkoko euskal jaietan jotzen, Steve Mendive, orduan NABOko presidente zena laguntzaile duela (argazkia Joseba Etxarri)

2016/01/17 - Boise, Idaho, AEB

(Lesaka, Nafarroa, 1926-09-16 - Boise, ID, AEB, 2016-01-17)

Gazte zela sorterri zuen Lesaka utzi eta Estatu Batuetara emigratu zuen Bernardo Yanci musikaria, Nevada eta AEB Mendebaldeko euskal komunitateetan hagitz ezaguna zen soinujole euskaldun eta euskaltzalea gaur goizean hil da Boiseko bere etxean, gosaltzeko txorizo bat prestatzen hasi eta lurrera erori denean.

Oso pertsona ezaguna eta maitatua zen Bernardo (Beñardo) Yanci, bere bizitza amerikarra Elkon (Nevada) eman zuen pertsona, azken urteotan emazte Estefania Larrinagarekin Boisera aldatua bazen ere, euren seme-alabengandik hurbilago egotearren. Ricardo semea, eskola irakaslea, oso pertsona ezagun eta aktiboa dute Boiseko euskal komunitatearen barnean eta hala dira baita ere Stephanie eta Miren euren bi alabak.

Kaliforniara emigratua lehenik eta ondoren Nevadan finkatua zen, eta besteak beste Elkoko Star hotel historikoa ere kudeatua zuen (1959-1964). Musikari gisa, Pepe Yanci akordeoijotzaile lesakar famatuaren lehengusua izateaz harro zegoen eta harekin eman zituen izan ere lehenengo pausoak soinu handia jotzen. Bere musika Nevadako ondare zen, eta hala bildua dute urteetan zehar hainbat programa eta komunikabidek. Kaliforniako San Frantziskon NABOk omenaldia egina zion 1994an, Oesteko euskal komunitateetan musikari eta dantzarien musika-laguntzaile handi izandako Pedro-Juan Etchamendy (Chino, Kalifornia) eta Jimmy Jausororekin (Boise, Idaho) batera, gaur egun hiruak zenduak. Klasikoa ere jotzen zuen.

Azken urteotan, gustatu izan zaio Euskal Herrira bidaiatzea eta parte hatu izan du Euskal Artzainak Ameriketan elkarte nafarrak urtero nafar herri diferente batean eginiko elkarretaratzeetan.

Elizkizunak bere oroiz Boiseko Saint John katedralean izango dira ostiralean, urtarrilaren 22an, goizeko 10etan.

Gure dolumin zintzoak bere emazte Estefaniari eta seme-alaba Ricardo, Stephanie eta Mireni.


Bernardo Yanci Elkoko festetan (1987)


Bernardo Yanci Elkoko festetan jotzen (1987), Jean Iribarnerekin (Klarinetea) eta Bermeorekin, panderoan .



Oroimenean

Bidali zurea

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia