euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Nor gara

EUSKALKULTURA.COM euskal diaspora eta kulturaz espezialdutako buletin eta webgunea da, Euskal Herriaren eta munduan barreiatutako euskal komunitateen arteko zubilana egitearren Basque Heritage Elkartea izeneko irabazi-asmorik gabeko elkarteak sortu eta garatua. Diasporan jaio edota bertan lotura sendoak dauzkan jende talde txiki batek abiarazitako ekimena da, ikusirik gero eta interkonektatuagoa eta globalizatuagoa den mundu honetan euskal kulturak behar dituela eskuratu bere tresna eta lanabes propioak bere buruaren berri normaltasunez emateko eta informazio eta komunikazio alorreko ahalegin horrek behar dituela bildu, zazpi probintziek ezezik, munduan zehar gure kultura eta identitatearen aterkipean ere lanean ari diren euskal komunitateek eta Diasporako euskaldunek amankomuneko euskal ondare, kultura eta erkidegoari egiten dizkioten ekarpenak.

EUSKALKULTURA.COM ekimen independentea da eta, euskal diasporari buruzko komunikabide gisa, bere izaera eta engaiamendua bi alor hauetan kokatzen du: kazetaritza alorreko produktu ahalik eta duinena egitean, batetik, eta euskal kultura eta diasporaren aldeko konpromisoan, bestetik. Ez dauka menpekotasunik inongo alderdi edo iritzi talderekin eta bere jardunean euskal kultura eta diasporarekin zerikusia duten ekimenen berri ematen du bereizkeriarik gabe. Zerbitzu publiko irizpidez dihardu, alegia.

Finantziabidea, instituzioetatik lortzen saiatzen den dirulaguntzak ditu, publizitateagatik eskuratutako sarrerak eta suerta daitezkeen doaintzak. Honek esan nahi du helburuz, eskarmentuz eta izaeraz proiektu sendoa bada ere, ekonomikoki urtero-urtero behar duela borrokatu aurrera egin ahal izateko, sostengu segururik ez baitu. Urte hauetako egoera ekonomiko orokorrean ez ditu momentu goxoak bizi izan eta gaur egun instituzioen aldetik laguntasun minimo bat segurtatzearen alde ari da lanean, lankidetza-hitzarmenak sinatzeko helburuz, baina arrakasta handirik gabe; publizitate bidezko sostenguari dagokionez arlo horretako sarrerak areagotzen saiatzeko apustua ari da egiten, geroari --geroari ezezik orainari, eguneroari-- eutsi ahal izateko.

Egoera ekonomiko larria bizi du, beraz, eta segitzeko bokazio sendoa badu ere, itxieraren mehatxua gainean du beti, emaitzengatik eta irakurleekiko eguneroko hitzorduari burugogorki eusteak batzuetan bestela pentsarazi badezake ere. Hau da gure errealitate ekonomikoa: edozein unean ixteko zorian gaude (ikus beherago).

Bere ibilbide eta historiari dagokionez, paperezko bertsioan agertu zen lehenik. Izan ere, Euskal Kultura buletina, hastapenean Euskal Fundazioa --Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioa-- erakundeak bultzaturik, 1998an Txileko Santiagon argitaratzen hasi zen, zabalkundea Ameriketako zenbait herrialdetan zuela, batez ere Txile, Argentina eta Uruguain, baina baita ere Venezuela, Panama, Puerto Rico, Mexiko eta Estatu Batuetan. Paperean bizitza mugatua izan zuen eta internetera 2001ean jaio zen.

Geroztik munduko euskal komunitateetatik amankomuneko euskal kulturari, eta baita ere tokiko gizarte eta herrialdeei, egiten zaizkien ekarpenak bildu eta islatzearren segitzen du lanean, zinez pentsatzen baitu(gu) munduko euskaldunek eta euskal komunitateen koordenadetatik egiten diren ahaleginek tokian tokiko biztanleen garapena eta bizitza kalitateari laguntzen diotenean lortzen dutela bere zentzu osoa.

Ekimenak egoitza eta bulego bat dauka Donostian, bi pertsonako egitura profesional minimoarekin. Munduko euskal bazterretan euskalgintzan lanean diharduten kolaboratzaile bolondres finak ditu oinarri, giltzarri eta zimentarri, lankide ari garen guztiok konpartitzen ditugun zerbitzu izpiritua eta ilusio engaiatua baitira proiektuarekin aurrera segitzeko dugun akuilu eta indar nagusia. Korrespontsal bana dauzka Argentinan eta Estatu Batuetan, beti ere gogo eta konpromiso berarekin.

Ekonomikoki, ixteko kinkan gaude. Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia gure lan batzuetako babesle ditugu, baina urtetan lankide izan dugun Bizkaiko Foru Aldundiak 2015erako lankidetza 2016rako mantendu ez eta errotik kentzeko mehatxutan da eta hori ari gara negoziatzen, leku askotan Diasporako lagunen %40a bizkaitarrak baitira. Jarrera ona ikusten dugu, baina urtearen altura honetan aurrerabiderik ez dugu oraindik lortu. Hein apalagoan, publizitate jartzaile ditugu Uztaritzeko (Lapurdi) Euskal Kultur Erakundea eta Donostian egoitza duen Etxepare Euskal Institutua. Erakundeekin orokorrean, gure helburua litzateke hitzarmen markoak sinatu ahal izatea, ahal den neurrian lankidetzak eta ondorio ekonomikoak aurretik finkatu ahal izateko eta duintasun ekonomiko maila normalizatu batera iritsi ahal izateko.

Esan, azkenik, ateak zabalik dauzkan ekimena dela EUSKALKULTURA.COM. Jende askoren ahaleginari esker kaleratzen da, eta jende askoren lanaren, ilusioen eta dedikazioaren berri ematen du. Lankide izan nahi baduzu eta bizi zaren tokiko berriemaile bilakatu, edo publizitatea ipiniz edo bestela guri lagundu, edo zure inguruan gure berri eman edo beste edozein gisara gu sostengatzeko modua ikusten baduzu, esaiguzu, euskal kultura eta diasporarekin engaiatutako hainbat jendek aurreratzen dugun proiektua baita honakoa eta zinez estimatuko baitugu zure laguntza.

Joseba Etxarri
zuzendaria/director
etxarri@euskalkultura.com



© 2014 Basque Heritage Elkartea

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia