euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Tribuna Librea

Kaliforniako Bakersfield-etik: Manex Etchamendyk utzi gaitu

2015/01/30

Manex Etchamendyk utzi gaitu. Aspaldiko Manez, 1930eko martxoaren 14an sortua zen Ezterenzubi Mendiburuan eta 19 urtetan agorrilaren 24an etxetik partitu zen, berak ontsa maite zuen familia haundi bat gibelean trixte utzirik. Oroigarriko eguna ! Halakoak ziren garai hartako gertakariak, Euskal Herritik ainitz gazte, familietan untsa altxatuak eta gazterik lanean untsa ikasiak zirenak, bortxatuak izan ziren beren biziaren bila urrun juaitera. Heietarik ainitzak Amerika mendebaldera artzain etorri ziren. Hetarik bat zen Manez. 

Bere oseba Eñautendako hasi zen artzaingoan Arizonako basamortu idorretan, 2000 ardiko artalde batekin. Ez haatik arras bakarrik, euskaldun adinetako bat bazaukan lagun, eta bidearen erakasle. Hala ere, erraiten zuen nolako herriminak senditu zituen Arizonako desertu idor harritsuetan, ez baitzuen Ezterenzubiko mendi ederren idurikorik aurkitzen, ez eta gazte lagunik ikusten edo familiako berorik inguruan senditzen. Bainan urte zonbait goiti beheiti, arras lekukotu zen eta bere inguruko kulturari jarri, adixkideak egin, mintzairak ikasi eta abar. Geroxago, bere artaldeari lotu zen, Juanes Arriaga eta biak partzuergoan hasi ziren beren artaldearekin, berak artzain. Orduan, Arizona arras beste begi batzurekin ikusten zuten eta biak arras alegera ibiltzen ziren.

Arizonako Luisa andere gaztea ezagutu zuen Manexek eta harekin ezkondu zen. Geroztik, Luisa eta biak arras ardi industriari jarraikiak izan ziren. Arizonako artzainen batasuneko president hautatua izan zen Manex, eta Luisa sekretario. Geroztik urte andana batez artzainen batasunetako biltza rretan ibili dira ainitz lekutan. Pentsatzen dut heien biziko urte lorios ederrak bizi izan dituztela urte heietan, biziki untsa ezagutuak ziren, bazuten ainitz adixkide, biak biziki elakari goxoak eta alegerak baitziren jendeekin.

Berantago, Arizonako luzerna landak etxez bete zirenean eta neguko ardi bazkak xuhurtu, Manex eta Luisa Bakersfield-era etorri ziren beren ardiekin eta geroztik hemen arizan dira artzaintzan. Bere jitez, Manex biziki gizon alegera zen eta arralleria arras maite zuen, bere inguruan jendeak alegera ikustea harentzat plazer bat zen. Badu zonbait ixtorio kondaturik gertatu den lekuetan. Nahiz Manexek euskal kultura arras maite zuen eta euskal kantuak ere, hala ere gaztean Arizonako bazterretan beretu zuen kultura berezi hura ez du egundaino ahantzi, eta garai hartan ikasi zituen hango kantuak bihotz bihotzez xaramelatzen zituen.

Eta hara! Manexi biziko bihurgune latz bat etorri zitzaiola 2011 urtean, buruilaren 16an, berrogoita hamabi urtez bere biziko espos laguna zuena, Luisa galtzen zuen. Haurrik etzuten izan ahal beren denboran eta Manex bakarrik, arras bakarrik, gelditu zen. Uste dut geroztik Manexek biziki pena haundia atxiki duela ixil ixila bere bihotzean. Haren aurpegi alegera hartan aldaketa zonbait nabari ziren. Urtarril haste huntan Manexek begiak hetsi ditu. Bere haurride, iloba eta ilobatxoekin iragana zuen eguna arras goxoki, arratsaldean musean ere xixka bat eginik eta irri zonbeit artetan, “hordagoak” ateratzen zirelarik eta partida irabazten. Gero, bere loan joan da. Ehorzketa ederra eskainia izan zaio, meza euskaraz kantatua. Bere haurride, ahaide eta adixkide ainitz etorri zaizkio azken agur baten egitera, denek gaitzeko debozionean errespeturekin parte hartu dute zeremonia guzietan. Hil-herrietan “Artzainaren otoitza”, “Mendi gainetan”, biziki ederki kantatua izan zaio. Ikus arte Manez !

Neretzat anaia, erakaslea eta adixkidea izana haiz. Elgarrekin iragan ditugun egun goxoez oroitzean, atsegin bat senditzen diat. Egun eder ainitz bizi izan ditiagu. Hire fedea eta hik erakutsi deraukan onestasuna ez ditiat nehoiz ahantziko, ene bizian indar emaile izango baitira. Oroimen onak utzi dituk. Pentsatzen diat gure Jainkoak irri pollit batekin onetsiko hiela haren aitzinean arralleria batekin agertuko haizanean.

Ez adiorik, ikus arte Manex.



Komentarioak

  • Doluminak

    Nire doluminak, Martin. Testu polita idatzi duzu anaiari buruz, beti bezala. GB.

    Joseba (Boise, ID, AEB), 2015/02/04 14:35

Martin Etchamendy

Martin Etchamendy

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia