euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Xiberoaren malkoak Eskiulan

0999/12/31

Bere horretan ekarri dut hona Baionako 'Herria' kazetako aste honetako nire artikulua. Joan den ostiralean Martxel Tillousen elizkizunetan parte hartu ondoren idatzia da, sentimendu eta gogoeta batzuk laburbilduz. EuskalKultura.com-eko irakurleei ere irakurgarri izango zaielakoan. Hona Aita Martxel Tillousen oroimenez.

Iragan asteko asteartean, HERRIArako testua jadanik emanik zendu zen Martxel Tillous, aita Martxel, Estatu Batuetako euskaldunen apez omonierra. Ehorzketa edo enterramentua ortziralean egin zen, Eskiula bere herri xiberotarrean, Baionako apezpikua eta beste 40tik goiti apez meza emaile, heien artean aita Martxel bezala Ameriketan omonier ibili ziren aita Jean-Pierre Cachenaut eta aita Jean Eliçagarai. Hunkigarria izan zen, Pariseko, San Frantzisko eta Ameriketako, eta Afrikako bere lagunen lekukotasunak irakurtu baitziren, eta Xiberoak bere lau kantore-ordezkari onenak igorri baitzituen --Bedaxagar, Bordachar, Arotze eta Etxekopar-- lagunari azken adioaren erraiteko. Johnny Kurutxetek igorri pertsuekin batera, zirraragarria, heiek kantaturik, Goizian argi hastian, eta Herio kantorea: "Hori bera da denen ixtoria, heriuak bardintzen handi txipiak, zeren ilüsione bet bera da, lürren gañeko gure pasajia".

Han berean, Eskiulako elizan, Martxelen ondoan ondarreko 14 urteotan bizi tarte eta pasadizoak jin zitzaizkidan bata bestearen ondotik burura. Hala nola, Martxel gidari, Herio kantu hori elgarrekin entzunez, Lürralde zïlharra diska plazaratu berria izanik, Ximista edo Pottokan, Seattleko piknik edo euskal bestarik San Frantziskorako gibelerako bidean; Montanako itzulia lehen aldikotz elgarrekin egin genuelarik; aita Karmelo Etxenagusia Bizkaiko apezpikuarekin eta aita Mikel Urresti haren lagunarekin xahar euskaldunen bisitatzen Idahoko Mountain Home-n eta Nevadako Mountain City-n; edo Kaliforniako Bakersfield-eko Goyhenetche letxeria berriaren benedikatzen; haurrekin Udalekun, Elkon, Renon edo Wyoming-eko Buffalon, Martxel txistulari berrien erakasle; edota han-hemen hameka pikniketan; edo euskal mezetan banatzeko ziren kantuen fotokopiak prestatzen, beti kantuez edertuak izan zitezen.

Galdu dugu orai bere presentzia fisikoa. Ez haatik gizon tipi-handi honek gure gogoan utzi duen eta atxikiko duen tokia. Ondarreko mementuraino, ahal izan zuen arte, bere Ameriketako parropia zabalean arizan zen. Kalifornian, azken aldikotz buruilean ikusi genuen Juniper Hills-eko Pilotarien Biltzarrean, meza-emaile eta kantuz, guziekin eleka. Gero, Euskal Herrian, arras eri. Gizon isila eta langilea zen, engaiatua, ahulen laguna, ibiltaria eta euskaltzalea. Besteer emana bizi zen. Kexu zen mapa batean Eskiula Euskal Herrian ikusten ez zuela, eta euskalduna izanik, barnean zeraman Afrika, bainan baita ere Parisen utzi lagunak eta Ameriketako euskaldunak. Hastapenean, ez zuen Ameriketara jin nahi, eta azkenean ezin zuen, maitasunez, utzi Amerika, Ameriketako jendea. Gizon eskuzabala zen, ez ohikoa. Bob Marleyren musika, eta askatasuna maite zuen. Goian bego.

 



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia