euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Itzuli gara berriro ere... segitzeko ustez

2012/01/23

Hemen gaude berriro ere. Urtero bezala, 2012 honetako lehenengo egunak ere barne-lanei ekaini dizkiegu eta ez dugu buletina sareratu San Sebastian eguna pasatu arte, iaz egin genuen bezalaxe. Pasatu genuen horren abixua, baina ohi denez, jaso ditugu e-mailak eta iruzkinak harrituta buletina ez zaielako iritsi, baita euskal etxeren batetik ere. Beste lagun batzuen kasuan, hasieran susmo txarra hartu baina berehala ohartu dira oraingoz behintzat ez dagoela berri txarrik eta segitzen dugula geunden lekuan. Baina ez da sentsazio txarra ikustea faltan botatzen zaituztela (edo gabesten zaituztela?).

Urtea, esan bezala, barneko lanak egiten hasi dugu eta baliatu dugu, besteak beste, 2012rako paperak, aurreikuspenak eta nondik-norakoak --tartean ekonomikoak-- finkatzeko. Egiari zor, urtea ez dator batere ona eta guk geuk ez ditugu batere segurtatuak baliabideak proiektu honekin jarraitu ahal izateko. Urtarrilean egiten ari garen bezalaxe, otsail amaiera arteko epea eman diogu geure buruari lehenengo haize txar hauek norabidez aldatu edo mugiarazteko bederen. Iaz hamar urte eginik, hamaikagarrenaren bila goaz, kinka larriak besterik esaten ez badu. Dena delakoarekin, jakinaraziko dizuegu gure aurrera egiteko usteak ustel gertatzen badira.

Urte hasiera txarra, baita heriotzei dagokienez ere. Urtarrilaren 3an Iñaki Irazusta zendu zen tupustean eta auto istripuz Bahia Blanca aldean, Argentinan. Bihoakie hemendik bere senide eta lagunei besarkada bero bat. Eta baita ere Justo Irazabal 'el cura vasco' bezala ezagutua zen apaiz pehuajotarra faltan botako dutenei; edo atzo igandez Arrecifesen hil den Alberto Echaniz-en ingurukoei; edo Misiones probintziako Corpusen hil den Maria Diturbideri. Leku horietatik guztietatik idatzi digute herioren bisitaren berri emateko. Buenos Airestik, Iparraldeko Euskal Etxeko Norma Riosek hitz batzuk eskaini dizkigu baita ere Mixu Mitxelenaren heriotzaren urtemuga oroitzeko, Euskal Herrian hil baitzen kantaria Argentinatik MMXen bira bat egin ondoren itzuli berritan.

Orrialde goibel hau ixteko, Txillardegiren izena ekarriko dugu, Jose Luis Alvarez Enparantza, donostiar polifazetikoa, euskaltzale galanta, hainbat euskal alorretan ekarria utzitakoa eta Diasporarekin harremana izan zuena, Europan, baina baita Ameriketan ere. Oroitzapen bat joandakoentzat, eta indar-emaile izan ditzagula geuk aurrera egin ahal izateko bizitzan.

Bestela, gogora ekar dezakegu joan den asteburutik egiten ari direla Argentinako Tandil herrian Hego Ameriketako Udako barnetegia, zenbait herrialdetako euskara ikasle/irakasleekin. Donostian danborren burrunba beheititua dagoen honetan, Necochean prest daude datorren asteburuan danbor eta barrilei eragiteko, bertako urteroko ohiko danborradan.

Urtarrileko lehenengo asteburuan, Argentinako Udalekua amaitu zen Chascomusen. Zorionak antolatzaile eta parte hartzaileei. Aldameneko Uruguain, FIVUk antolatzen duen Udaleku pixkat berandatuko da aurten, apirilerako iragarri baitute, uda amaitu eta negua hasi berria denean.

Eta ospakizunen alorrean, aurten 100 urte beteko dituzte Uruguain, Euskal Erria euskal etxeak; Argentinan, Rosarioko Zazpirak Bat-ek; eta Txilen, Santiagoko Euzko Etxeak. Zorionak hirurei.

Segituko dugu solasean.



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia