euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Huntaz eta hartaz eta galderaren bati arrapostu

2013/08/06

Abuztuan gaude, jende askorentzat hilabete bitxia ipar hemisferioan, uda petoa baita, jende asko oporretan edo erdi-oporretan, lanean geratzen direnak sarritan arnas erdiz lanean, eta Estatu Batuak bezalako lekuetan, esaterako, euskal piknik sasoina. Euskal Herriko herrietako festen parekoak dira AEBetan euskal piknikak. Horien artean, badira lokalagoak direnak, edo handixeagoak edo berexiagoak, horien artean doaike datorren larunbatean Nevadako Gardnervillen egingo dena; bertako piknikarekin batera NABO Euskal Kantari Eguna ere bateratuko baitu aurten (hala egiten du bi urtean behin) Gardnervilleko Mendiko Euskaldun Clubak, Estatu Batuetako euskal kantuzale eta bertsozaleen bilgune bilakatuz, Mattin Etchamendy ezterenzubiarra agertoki gainera igoko diren zahar eta gazte, banakako eta taldekako herrikar kantuzaleen gidari.

Irakurle batzuk 'Nire Talaiatik' sail honen maiztasunak dauzkan gorabeherez galdetu didate. Egiari zor, azken aldi gero eta luzeagoan gero eta zailagoa ari da bilakatzen, ez Talaiak idaztea, EuskalKultura.com proiektu eta apostu/postura/pario osoarekin aurrera egitea baizik. Ahal dugun bitartean hemen segituko dugu, azken 12 urteetan egin dugun bezalaxe, baina egoera konplikatua dago. Urte hasiera bakoitza amildegira salto egitea bezala da, gastuen zutabea beti finko eta segitzeko gehiago ezin jaitsian, eta sarrerena galdera-ikur handi bat bihurtuta. Eta egungo mozketek, mozketen gainean dihardute, gu amildegiratzen. Irailean Jaurlaritzako ekipo berriarekin bilduko gara eta badirudi orain artean antzeko ikusmolde batzuk dauzkagula, baina ikusi beharko gauzak praktikan nola mugitzen diren. Beste administrazio batzuk ere agindu dizkigute gauzak, baina gauzatu artean dilindan segitzen dugu, dagoeneko 2013 urtearen erdia pasexea daukagun honetan.

Uztaila Argentina iparraldeko Misiones probintzian, Iguazu-ko urjauzietatik gertu dagoen Corpus Christi-ko Eusko Etxeak antolatu zuen astebeteko Euskal Argentinar Festa Handiarekin bukatu genuen. Besteak beste, egitarauko egun bat bertako leinu indigenek pairatzen duten egoerari buruzko laburmetraia bat errodatzeari eskaini zioten. Laburmetraia hemen dago ikusgai. Eta making of-a hemen. Uztailean baita ere, euren urteroko festa egin zuten Quebec-eko Trois-Pistoles herrian Parc de l'Aventure basque en Amerique erakustokikoek. Hemisferio berean, bertatik ez urrunegi, abuztuan egingo dute eurena St Pierre eta Miquelon-goek, badakizu, Frantziaren baitan dagoen euskal historia luzeko artxipelago horretakoek, ikurriña euren banderako parte egin zutenek.

Buenos Airestik, Iparraldeko Euskal Etxeko Norma Riosek gogora ekartzen digu indarrean daukatela 'Euskaldun bati gertatutakoa' ipuin lehiaketa, originalak entregatzeko epea urriaren 15a izanik. Eta Boisetik, Henar Chicoren bloga medio jakin dugu Bilboko Aste Nagusiak webgunea abiatu duela munduan dauden astenagusizaleei Bilboko ekitaldiekin bat egiteko aukera emateko.

Boisetik atera gabe bertako Biotzetik euskal abesbatzako lagunek iragarri digute abuztuaren 30-irailaren 1ean Kaliforniako San Diegon izango direla, San Diego Festival of Sail itsas jaialdian parte hartzeko, eta bereziki euskal marinel kantak kantatuko dituztela, babesa emanez Christine Echeverria Bender idazleak "Abroad Cabrillo's Galeon" izenpean argitaratu duen bere azken nobelaren aurkezpenari. Hirugarren belaunaldiko euskal-estatubatuarra, Christine Bender idahotarra nobela historikoan espezialdua da eta hau du arrakastaz argitaratzen duen laugarren nobela, euskal protagonistak ere tarteko. Aleak izenpetuko ditu 30ean San Diegon, inguruko beste hainbat hiri eta herrik bezala euskal iragan aberatsa duen San Diegon hain zuzen, haste-hastetik eta itsasotik lehenengo mendebaldetarrak kostalde horretara iritsi zirenetik euskaldunen markaduna den hiria.

Gogoratu, abuztuan ez dugula buletina plazaratuko eta hurrengoa, irailaren 2an, astelehena, izango dela. Izan uda on, hego hemisferiotik irakurtzen gaituzuna bazara, eta negu on, hegotik. Gero arte!

[tarte honetan informaziorik bidali nahi badiguzu, egin lasai, irailetik aurrera argitaratuko dugu; agenda abuztuan ere berritzen segituko dugu]



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia