euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Gure aitaren omenez

2010/11/05

Bittor Etxarri Ansa gogoan

Duela ordu batzuk hil da aita. Ostiral goizaldeko ordu txikiak dira lerro hauek idazten ari naizen unea; eguna, argitzen denean, tanatorioan emango dugu, bihar larunbat goizean ehorzteko, ondoren elizkizunak iluntzean eginez Donostiako Aieteko Gurutzeaga parrokian. Esana ziguten, azken asteotan ospitalean egonarazi duen gaitza, larria zela, baina heriotzak, hala ere, ezustean harrapatu gaitu, baita bera ere, bestela espero baikenuen gauza.

Argentinan, Mar del Platako Euskal Astean egotekoa nintzen egun hauetan. Izan ere, EuskalKultura.com 'Euskal Argentina' taldearekin eta Baionako Herria astekariarekin batera, Pello Mari Otaño bertsolari euskal-argentinarrari bere heriotzaren mendeurrenean Mar del Platako elkarretaratze horretan gaur, bihar eta etzi egitekoa zaion bertso eta kantu kantatze tankera hartu duen omenaldiko antolatzaile izan da. Neroni saltsa horretan bultzatzaile eta sustatzaile ibili ondoren, ezinbestean utzi behar izan dut lekukoa, Pierra Lako, Frantxua Juanicotena eta beste lagun batzuen eskuetan. Barkatu azken orduko ardura, eta mila esker handi bat heiei.

Aitak eta biok aurretik egina genion geure omenaldi xumea Otañori. Izan ere, Zizurkilen izan ginen joan den maiatzean --behin baino gehiagotan hilabetean zehar-- erroak Argentina aldera zabaldu zituen herriko seme kuttunari sorterriak eskainitako ekitaldietan partaide. Mendeurren honen karietara, edo pixkat lehenago, ikasi nuen nik geure izeba Maritxuk --aitaren arreba zaharrago batek-- hil arte buruz bata bestearen ondotik kantatzen zituen bertsoak, Larraldeko Magdalenarenak eta baita beste batzuk, Otañorenak zirela. Bertso gehiagorekin batera, harek bere aitari --aitona Agustini-- ikasiak zizkion, txikitan, baserriko ganbaran, iluntzean ilunpetan, artoari txu(ri)kinak kentzen ari zirela. Seme-alabak euren aitaren inguruan bildurik bertsoak protagonista ziren ilunpeko momentu haien oroitzapena familiako altxorra bezala izan dira gure etxean, aitak hamalau urte zituela galdu baitzituen oso denbora gutxiren barruan aita eta ama, bistan da geuk kontaketa hauen bidez baino ezagutu ez ditugunak.

Pentsatu nahi dut asteburu honetan, Mar del Platan, geurea ere baden Diasporako esparru horretan, aitak, osaba-izebek, aitona Agustin eta amona Joxepiñaxik --geure familiak-- bertan Otañoren bertsoak kantatuko dituzten jendeekin bat egingo dutela, bakoitza dauden edo gauden ganbaratik.



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia