euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

FEVAko hauteskundeez eta gai gehiagoz

2010/03/19

[Bistan da, irakurle, maiztasun aldetik ez nabilela oso fin blog edo zutabe honi dagokionez, baina aldi berean zalantzarik ez da segitzen dudala lanean egunero-egunero, astero-astero eta hilabeteak etorri ahala buletin eta webgune hau albistez etengabe eguneratzen. Ahal duguna egitea esaten zaio honi, norberaren indarrek ematen dutena egitea, ez baita gauza batere erraza aski baliabiderik gabe segitzea berez erakunde batek, euskal etxeen federazio batek edo antzeko proiektu indartsuago batek egin beharko lukeen lan hau. Hala ere, segitzen dugu oraingoz honetan, baina gehiago 'euskal kaskagogorkeriaz' --'vasco porfiado' esaten dute Ameriketako herrialde batzuetan-- eta logika guztiei muzin eginez, beste edozein arrazoigatik baino. Ikusi beharko laguntza gabezia handi honetan noiz arte irauten dugun, laguntza behar baitugu]

Jai egun batean ari zara hau irakurtzen, irakurle, Hego Euskal Herriari dagokionean behintzat, eta ni oraintxe bertan Donostian nauzu. San Jose eguna da gaur, batzuentzat 'aitaren eguna' baita ere.

Bitartean, Argentinan, FEVAren egungo Zuzendaritza Batzordeak bere azkeneko bilkura egingo du gaur arratsaldean Buenos Airesen, bihar goizean hauteskundeak baitira eta karia horretara federazioa osatzen duten euskal etxeean Ohiko Batzar Nagusia deituta baitago. Azkeneko urte honetako txosten ekonomikoa-eta onartu ondoren --hala badagokio behintzat--, lehendakari, idazkari eta diruzain karguak hautatuko dituzte euskal etxeen ordezkariek, batzordekide eta beste zenbait kargurekin batera.

Jakina denez, zerrenda bakarra aurkeztu azkenik eta, beraz, ezer arrarorik gertatu ezean, hor buru den Ricardo Basterra aterako da lehendakari. Orrialde hauetan (ikus linka), atzo bertan egin genion elkarrizketa egun FEVAko diruzain eta Pampako Santa Rosako Zelaiko Euskal Etxeko lehendakari den Basterrari. Bere zerrendan, idazkari kargurako orain ere idazkari den Arrecifesko Marta Abarrategui-k segitzen du, eta idazkari, ostera, Juningo Euskal Etxeko Hugo Andiazabal sartzen da. Bilerak, bestalde, bi bisitari berezi izango ditu eguerdi aldean: Euskadiko ordezkari Elvira Kortajarena, Buenos Airesen bizi dena, eta Europatik bisitan den Guillermo Echenique, Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia.

Echenique bizpahiru asteko bidaian dabil Ameriketan, eta dagoeneko ibilia da Txilen-eta, kasu honetan herrialde andetar horretako ordezkari berri den Ana Urchueguia-rekin, harekin batera euskal etxeak eta buruzagi txiletarrak bisitatzen, ia 25 urtez Lasarteko alkate izan den donostiar hau otsailaren 23an izendatu bazuen ere Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak, ez baitzen joan den astelehenera arte bertaratu lan-esparru izango duen eremura. Echenique Brasilera doa astelehenean eta bat egingo du Sao Paulon Lopez lehendakariarekin, lehendakariak egun horretan hasiko baitu Ameriketako herrialde batera --ordezkaritza ekonomiko zabal bateko buru-- egingo duen lehendabiziko bidaia ofiziala.

Bidaia horren baitan, Lopez lehendakariak Sao Paulo hiri eta estatuko, eta oro har Brasilgo, euskal gizataldea errezibituko du astelehen arratsaldean hiri erdiguneko hotel batean. Bertatik bazabiltza eta interesa baduzu, garaiz zabiltza oraindik.

Gauza goibel eta tristeagotara igaroz, Argentinan Lorene Baqueriza Gamboaren izena ekarri beharrean gaude, joan den larunbatean hil baita urtebete minbiziak jota ibili ondoren, 38 urte zituela.  Lorene Julio Baqueriza (FEVAko lehendakariorde ohia, Tandilgo Euskal Etxeko lehendakari ohia eta Argentinako Eusko Ekintzakoa ere) eta Txiki Gamboaren (FEVAko batzordekide izana eta Emakume Abertzale Batzako lehendakari ohia) alaba zaharrena zen. Senarra eta hiru seme-alaba uzten ditu: Christian, Nekane eta Aitor. Besarkada bero bat guztiei, bereziki Itziar Gamboa eta Julio Baquerizari.

Buenos Aires probintziatik atera gabe, Fermina Mariezcurrena lagunak idazten digu, Ayacuchotik, berak hain fin eta indar handiz kudeatzen duen Euskal Odola Euskal Etxean hil zaien Santos Diez de Ulzurron-en heriotzaren berri emanez. Lankide bizi eta gizon ona omen zuten. Berarentzat ere gure oroitzapena.

Bestela, Diasporan zehar garatzen ari diren ekimenen artean, azpimarratzekoa dugu Bartzelonan atzo hasi berria den Literaldia jaialdia, hilabete bat baino gehiagoz Bartzelona eta Kataluniara euskal literaturaren berri eramango duen jaialdi anitza, Bartzelonako Euskal Etxea antolatzaile. Egiari zor, urtean zehar makina bat saio eta programa interesgarri gauzatzen ditu Bartzelonako Euskal Etxeak, eta hau horietarik da. Seigarren urtez ari da aurten. Ea munduko beste euskal etxeren batek ideia hartu eta antzeko zerbait beste nonbait moldatzeko moduan dauden, ekimen polit eta interesgarria baita, euskal idazleak, poetak, musikariak-eta modu aktibo, eraginkor eta ekarpentsuan hainbat ekitalditara ekarriz. Lan onma, zalantzarik gabe, hiriburu kataluniarretik garatzen dutena.

Horren abiatzearekin ia bat eginez, Erromak ere euskal asteburu kulturala programatu du bihar eta etziko, larunbat eta igande, abangoardista eta alternatiboa, bertako Associazione Culturale Euskara-ren eskutik, tartean erromataratutako kezka artistiko handiko Alex Mendizabal musikari eta artista.

Eta egin berriak diren ekitaldien artean, ezin aipatu gabe utzi joan den larunbatean San Frantziskon, bertako Basque Club-aren 50. urteurrena zela-eta antolatutako bertso-jaialdia, Maialen Lujanbio Euskal Herriko txapelduna eta aurretik txapela buruan izandako Andoni Egaña Europako gonbidatu berezi, baina Estatu Batuetako lau bertsolari ere partaide, bertako plazetan ibili ohi diren Johnny Kurutxet eta Gratien Alfaro (San Frantziskokoak), Jesus Goñi (Reno, Nevadakoa) eta Martin Goikoetxea (Rock Springs, Wyoming-ekoa). Gai-jartzaile lana egoki bere zuen San Frantzisko bertako Franxoa Bidaurretak esnazuarrak. Argazkiak hemen ikus ditzakezu, Philippe Acheritogaray-k eginiko lanari esker.

Erositako prezioan esango dugu New Yorkeko Euskadiko Ordezkaritzatik --ordezkaririk gabe segitzen duela esango dugu, inork zalantza egiten bazuen ere-- abisua pasa digutela esanez abian direla berehala euskara klaseak Sagar Handiko Cervantes Institutuan, Ordezkaritzarekin egindako tratu bat medio. Manhatten emango dira, 30 orduz, ostiraletan arratsaldeko seietatik iluntzeko bederatziak arte, apirilaren 9tik ekainaren 18ra bitartean. Prezioa, 525 dolar. Garesti samarra iruditzen zait, baina edonola ere interesatuek xehetasun gehiago (212) 308 7720 telefonoan eska dezakete, luzerak 109/ 110/ 112. Beherapenen bat ba omen dago.

Eta gaurkoa bukatzeko, Buenos Airesko Euskaltzaleak elkarteak oharra zabaldu du bere kide eta lagunak, eta publiko euskaltzalea oro har, gaur Mexiko 1880 kaleko bere egoitzan egingo den tabernara gonbidatuz. Gauza "lagun arteko momentu goxo bat" igarotzea da, giro euskaltzalean, eta nahi duenak, euskara praktikatzea. Txindoki taberna zabalik egongo da bederatzi t'erdietatik aurrera. Afari herrikoian, ez dira tortila pintxoak (3,5 peso) faltako eta jaki nagusia marmitakoa (10 peso) izango da. Sarrera libre da, baina aldez aurretik adieraztea eskatzen da (011 4383 1529 zenbakira), kopuruak ezin baitituzte bestela ongi kalkulatu.



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia