euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Delphine Paris, New Yorkeko euskalduna

2013/10/31

Gaurkoan, Baionako Herria aldizkarian astero argitaratzen dudan artikulua hona ekartzea erabaki dut. Bere horretan utzi dut --euskalkian alegia-- kanbiatzeko puxkat. Enjoy egin!

New Yorken hilabete huntan gertatu pasadizoa behar dut kondatu gaur, eta Etxeorratzen Hiria deitua den huntan agitu zautana partekatu. Presuna bat behar dauzuet aurkeztu, urriaren 14an ezagutu dutana New Yorkeko karrika batean, "Columbus Day"ko kabalkadatik hotelerat gibelerat nindoala. Kabalkadan parte harturik, boneta buruan, mokanesa lepoan eta akordeona bizkarrean, autobusetik jaitsi naiz eta emazte bat zaut mintzatu, euskaraz. Solasten hasi eta duela abantxu 50 urte hiri huntan bizi den arnegitarra dela jakin dut, Ondarrola-Borderriko Delphine Paris. 81 urte ditu. Sasoinez, burua argi eta gogoa argiago ikusi dut. Erretreta harturik bizi da hemen, bakarrik, inguruan guziak amerikano, eta lagunak irlandesak, alemanak-eta; euskaldunik batere. Izan ere, erran daut, "zu zira hiri huntan 47 urtetan ezagutu dutan lehenengo euskalduna". Euskara ederrean erran du, "euskalduna bainiz, aita Luzaideko, ama Ondarrolako. Batzuk erraiten dute euskarak ez duela balio Euskal Herritik atera ezkeroz, baina hori ez da batere egia. Ene lengoaia da eta ni kontent niz euskara ukaitiaz", erran du, uros herrikide bat atxeman duelakoz beti barnean daraman Euskal Herriaz mintzatzeko.

2013 NY mendeurrena delphine paris

Hogoi urtetan atera zen Delphine Euskal Herritik. Ahizpa bazuen Londresen eta Ingalaterrako hiriburuan hamar urte eman zituen. Londresen ahizpa esposatu zelarik, anaia bazuen Estatu Batuetan eta Ameriketarat jitea deliberatu zuen. Aita egona zuen sei urtez Nevadako Renon artzain, eta baita bi oseba ere, Kalifornian, gero gibelera joanak. Delphinek nahi zuen ezagutu Amerika. "Gaztetarik ez nuen nahi laborantxan, beti nahi nuen joan norabait, eta Londren hamar urte eman ondotik, anaiari buruz jin nintzen hunat, Salt Lake City-rat. Ingelesa nekien eta berehala harrapatu nuen lana. Gero, hiru hilabeteren buruan, San Frantziskorat joan nintzen, bi urte, hotel handi batean lanean, eta azkenik handik New Yorkerat".

Hoteletan eta ospitaletan emazteen zaintzen egiten zuen lan, eta egun ere hala ari da batzuetan, bolondres, baita itzultzaile ere, euskaldunen lau lengoaiak baitakizki. Euskal Herrian dantzazale, San Frantziskon-eta gostian aritzen zen fandangotan, baina ez zuen gizoneri lotu nahi: beti ikusi izan du bere burua independente. "Uros naiz, bizi ona ukan dut eta ez naiz plainitzen ahal. Beste jende batzuek laguntzen ditut, badut 'social security' zerbait eta ontsa naiz. Ahizpak nahi luke atsulutuki joan nadin harekin bizitzera Londrerat, baina mementuko ontsa naiz hemen", kondatzen dauku.

Loriatu gira elgarrekin solasean. Bizitza interesgarria eta aberatsa du, ez menturaz dirutan, baina bai esperientzian. Izan ere, zer nahi duen eta zer ez, eta zer lehenesten duen ongi dakien presuna horietarik dela antzeman diogu. Guk duela bi aste elgar ezagutu izana mirakulua da. New Yorkeko karrika batean elgarrekin topo egitea, miliunka jende bizi den munduko handienetarik den hiri huntan, gauza ia ezinezkoa zen. Baina gertatu da. Harremanetan segituko dugu Delphinerekin. Joseph Caminok Arnegi bere herriari buruz idatzi liburua igorriko diogula agindu diogu. Eta artikulu hau. Maite ukanen ditu hain segur. Mila esker Delphine.



Komentarioak

  • Zorioneko zorixa!

    Aupa Etxarri, halakuak bizi izatiangaittik bakarrik be mereziko leuke hire lanak! Asko pozten nok.

    Oier Gorosabel Larrañaga, 2013/11/14 10:51

« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia