euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Cathy, Beñat, Marisol, Villa Mariako Euskal Astea, Gaztemundu...

2013/03/22

Gaurko iruzkina goibel hasiko dugu. Egiari zor, Diaspora zabalean ibili ohi garenez, maiz heltzen zaizkigu kolpatzen gaituzten berri txarrak, lagun eta ezagunen heriotzei lotutako berriez ari naiz. Eta azken pare bat astetan ere halaxe gertatu da. Aste honetatik hasita, astelehenean hil zen Kalifornian Cathy Biscaichipy. Wyomingdarra zen eta Urrizaga abizenez euskaldun munduratu zen Buffalon. Garazi aldeko xuka polit hori ikasi zuen gurasoengandik eta goxotasun horretan atxikiko dugu bere irudia. Bere inguruko jende askok bezala, bagenekien minbizia zeukala, baina ez heriotzetik hain gertu, ez baitzuen adierazi nahi izan. Berriak, beraz, ezustean harrapatu du jende asko, hurbilekoak ere. Euskal Herrian zein Kaliforniako Chinon suertatu izan ginen berarekin. Euskaldun atxikia, Chinoko Euskal Etxean hamaika gauzatan lankide zen, baita elkartearen NABO ordezkari ere. Besarkada tinki bat eta doluminak seme-alaba, familia eta lagunei.

Iragan igandean, berriz, Baxenabarreko Bidarrain, Beñat Minondo hil zen, laguna eta lagunen laguna hau ere. Euskal Argentina elkarteko kide eta diruzain gisa ezagutu genuen Beñat, baina bere arrastoa handia eta zabalagoa zen, hautetsi gisa, Bidarraiko zinegotzi, langileen alde engaiatua, ingurukoen zerbitzari. 57 urte zituela zendu zen, gauez, lo zegoela. Kasu honetan ere, zinez ezustean harrapatu du bere heriotzak hainbat jende eta lagun Euskal Herrian zein Ameriketan. Rugbilari izana eta rugbizale, gizon arras alagera eta omore onekoa zen, beti laguntzeko prest. Rosarion, Argentinako Euskal Aste Nazionalean geneukan ikusia azken aldikoz, joan den azaroan, eta Euskal Argentinako urteko biltzar nagusian, apirilaren 13an, behar genuen berriz ere ikusi elkar. Asteazken honetan, Eiheralarren (Nafarroa Beherea) egindako elizkizunetan, eliza jendez mukurru zen, kanpoan ere 80-90 bat pertsona zutik funtzioa segitzen. Meza hiru apezak eman zuten, lore-sorta eta plakak hogeitik gora izan ziren, ehorzketa ere hunkigarria. Mezaren audioa hona bildu du Benoit Etcheverryk (pisua da).

Eta pare bat aste lehenago Kalifornian --elizkizunak Chinon bihar larunbata, martxoaren 23an egingo dira--, Marisol (Arrachea) Irigoyen hil zen, minbiziz, bere senar Juanito Irigoyen joan den abenduan hil ondoren. Senar-emazte politak ziren, elkar ikusten genuelarik beti solasten genuen eta alaba Isabel Irigoyen-Gavinet ere aspaldiko laguna dugu. Juxtu hil zen asteburuan, Euskal Herrian zen Fidela euren iloba eta Amaiurren egin genuen topo. Aurreko bietan bezala, kasu honetan ere, doluminak euren familiari: Isabel eta bere senar eta seme-alaba txipieri, eta baita Frank eta Fidela (Irungaray) Irigoyen-i eta euren seme-alaba Fidela eta Feliperi, Fidela nire adineko laguna.

Oso bestelako gaiak orain: aipatu, batetik, Argentinako aurtengo Euskal Aste Nazionaleko arduradunek --Villa Mariako Euzko Etxeak-- datak doitu dituztela eta, ondorioz, 2013ko Euskal Astea azaroaren 8, 9 eta 10ean izango dela. Ez da, beraz, geroago aipatuko dugun New Yorkeko Euzko Etxearen Mendeurren asteburu berean izango. Aldaketa handia da, aurreko datak urriaren 12aren ingurukoak baitziren. Emango dugu albisteen sailean ere, planak zeuzkan jendeak lehen bait lehen behar bezala jakin dezan.

Bestetik, normalean berehalako batean deituko du Eusko Jaurlaritzak 2013ko Gaztemundu programa, aurten euskal etxeetako musikariei eskainia, seguruenik adin muga kenduta (hau deialdia ateratzen denean baieztatzeke). Badirudi datak abuztuaren 31etik irailaren 14ra artekoak izango direla eta, iaz bezala, hamabost plaza deitzekotan dira. Baliteke datorren astean bertan, Aste Santu bueltan agertzea deialdia buletin ofizialean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Adierazi, bestalde, ekonomiaren haizeek trumoitsuak edo ekaitz ekarle segitzen dutela gure artean. Egoera ekonomikoa Euskal Herrian txarra da, Espainian txarragoa eta Europatik datozen berriak ere ez dira batere lasaigarriak. Euskal Etxeei dagokienez, Jaurlaritzatik, Kanpoan dauden Euskal Komunitateen Zuzendaritzatik, iragarri dute dagoeneko urte konplikatua izango dela, gerrikoa hestutu beharrekoa. Horrek oihartzun nabaria izango du, pentsa daitekeenez, euskal etxeekiko dirulaguntzen deialdian, eskabideak jasota momentu honetan erabakitze bidean den deialdi horretanxe.

Kulturan, bestela, hainbat produktu eta ekimen kolokan dabiltza. Hestualdian dago, esaterako, euskal kulturan hain erakunde pisu, historiko eta erreferentziala den Eusko Ikaskuntza. EIk ateratzen duen Euskonews aldizkari elektronikoa, esaterako, orain arte astekaria zena, hamabostean behin ateratzen hasia da eta etorkizuna argitzeke ikusten du. Kanpaina hasia dute lankidetza ekonomiko bila. Guk ere, EuskalKultura.com-en, ez dugu batere argi ikusten geroa eta borrokan ari gara segitu ahal izateko, sarean hamabi urte egon eta gero euskal kulturaren alde Diasporan daramagun lana egiten segitu ahal izateko. Datuak eskuratzen joan ahala adieraziko dizkizuegu.

Azkenik, egun hauetan Korrika ospatu duzuenei eta Aberri Eguna ospatu behar duzuenei, zorionak, bereziki aurten Mendeurrena betetzen ari den New Yorkeko Eusko Etxea-ri. Urtero Aberri Eguna elkarretaratze nagusia badu, aurten hitzordu oso berezia izango du, datorren asteko igandean, eta ohoratuko ditu, besteak beste, ehun urte hauetan lehendakari izan dituen lagun guztiak, Escolastico Uriona eta Valentin Aguirre-tik hasi --lehenengo biak hurrenez hurren-- oraingoz azken biak izan diren Itziar Albisu-Kobayashi eta, joan den urtarriletik, Aitzol Azurtzarengana iritsi arte. Zuekin gure atxikimendua, ongi pasa!



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia