euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Bilbao New Yorkera eta Amuma Texasen bisitari

2008/10/07

New Yorken, Etxeorratzen Hiriko Eusko Etxean guztia prest dago gaur gauez Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidentea errezibitzeko. Edo alderantziz da? Legebiltzarburuak harrera ekitaldi eta afari batera gonbidatu baitu Sagar Handiko eta inguruetako euskal komunitatea, Eusko Etxearen egoitzan. New Yorken urte mordoa daraman Iñaki Lete sukaldariak bere enkarguz prestatua, 1913an sortu zen elkarte honetako bazkide eta lagunak bilduko dira harrera-ekitaldi afaridun honetara, Bilbaok solastu eta bertakoen kezka eta iritzi/arrengurak ezagutu nahi baititu.

Eckford Street-eko egoitzan beha, zain, goaitatzen izango ditu Bilbaok Itziar Albisu Kobayashi andoaindarra, Eusko Etxeko lehendakaria [munduko Euskal Etxeetan lehendakari deitzen zaie beti bertako presidenteei], eta Julian Abio [i-u-lian ei-biou ahoskatuta], haurra zela, 1964an, gurasoekin New Yorkera emigratu zuen bakiotarra, hiri honetan hazi eta hezia, Eusko Etxearen gerizpean. Neurriko koadrila bilduko da. Esan beharra dago oro har, euskal komunitate zaharra dela New Yorkeko Eusko Etxearen inguruan biltzen dena, eta egiteko lan daukatela urtero hiriburura biltzen diren ehundaka edo milaka Euskal Herriko euskaldunak kontaktatu eta bertara biltzea. Hobe esan, erronka lukete hori. Eta egia esatearren, urte gutxiren buruan lortzen ez badute New Yorkeko euskal komunitate 'historikoa' eta New Yorkera ikastera edo bolada bat pasatzera iritsitako euskaldunek osatzen duten multzoak elkarri lotu eta proiektu amankomunei ekitea, jai daukate, egunak 'zenbatuta' izango ditu egun Estatu Batuetako euskal etxeetan dekanoa den honek.

Zoritxarrez, Eusko Etxeko gaurko elkarretaratzeak ez du, nonbait, Anna Mari Aguirreren presentzia bilduko. Oso gaixo dagoela esan digute. Irene (NY, 1923-1999) eta Andoni Aguirreren (Manila, 1921-NY, 1997) alaba da Anna Mari. Irene, hemezortzi urte zituela, Jose Antonio Aguirre lehendakariaren idazkari pertsonala izan zen hura hirian bizi zela. Eusko Etxeko kide historikoak biak, jaiotzez eta paperez estatubatuar, bihotzez zein hizkuntzaz euskaldunak. Euskal sentimentu hori alaba Anna Mariri pasatu zioten, New Yorkeko Eusko Etxearen magalean hazia bera, dantzari, dantza-maistra eta bere euskal erroekin erabat engaiatua.

Besteak beste, Society of Basque Studies in America (SBSA) delako erakundean bere gurasoek pizturik utzi zuten suzia atxiki izan du Anna Marik, beti ere proiektuz, kuraiez eta ekimenez gogor dabilen bere izeko Emilia Doyaga --amaren lehengusua, newyorktarra eta Eusko Etxeko kide historikoa hau ere eta SBSAko sortzaile eta sustatzaile nagusia-- bidaikide eta indarremale izanik. Urtetan sartu samarra dagoen Emilia egongo da seguruenik Izaskun Bilbaori harrera ematen. Bihoakie iloba-izekori besarkada beroa, agiantzarik onenarekin batera, Anna Mariri bereziki egun hauetan.

Gaurkoa bukatzeko, Estatu Batuetako Ekialdeko kosta utzi eta Mendebaldera goaz. Western inguru peto-petoan, Euskal Herriko musika bandek euskal herrietako berbena eta dantzaldietan jotzen duten musika mota bera, Oesteko moldean, jotzen du bertan Amuma says no (Amonak ezetz dio, nahi du esan euskalenglish-ez) talde boisetarrak. Euskaraz kantatzen dute Estatu Batuetako euskal jaialdietan eta bandetako ohiko instrumentuez gain --bateria, baxua, gitarra, saxoa...-- trikitia ere badaukate, Dan Ansotegui boisetarrak joa. Eta soinu txikia aitzeki edo estakuru harturik, datorren asteburuan egingo den Akordeoiaren Jaialdira gonbidatu dituzte, milaka kilometro hegoalderago dagoen Texas-eko San Antoniora.

Ez da izango eskusoinuaren nazioarteko hitzordu honek euskal-amerikar partaideak biltzen dituen lehenengo aldia, aurretik ere jarduna baita bertan bere bandarekin Mercedes Mendive Elkoko nevadatarra. 'Journey to Euskadi' izeneko CDa dauka merkatuan Mercedesek, egun Elkon barik Floridan bizi bada ere, Euskal Herrian jaiotako Fernando bere senar pilotari profesionalarekin ezkondu zenetik. Orain, Texas-eko musikaren jaialdi honetara joatearekin batera, euren lehenengo CDa plazaratu dute 'Amuma Says No'-koek ere, erabat 'Made in USA' eta aldi berean euskalduna. Datozen egunotan aipatuko dugu orrialdeotan.



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia