euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Abendu hasiera honetan

2010/12/06

Jai eguna da gaur, astelehena, abenduaren 6a, Hego Euskal Herrian, asteazkenean berriz ere jai eguna den bezalaxe. Egiari zor, gurean ezezik Espainiako estatu osoan dira jai bi egun hauek, abenduaren 6a Konstituzioaren Eguna baita, eta abenduaren 8a, Ama Birjina Sortzez Garbiaren --Inmaculada-- eguna. Aurtengoan bezala biak astegun suertatzen direnean, ahal duena bi jai egunen arteko egun horretan 'zubi' egiten saiatzen da, hainbat egun opor egun metatuz. Are gehiago Nafarroaren kasuan, bertan abenduaren 3a ere, Xabierko Frantzisko eguna, jai baita, Nafarroaren Egun ofiziala.

Azalpen hau guztia Euskal Herritik kanpoko irakurleentzat doa gehienbat. Esan dezagun baita ere, normalean egun hauetan egiten dela Euskal Herriko euskal disko eta liburu azokarik garrantzitsuena, Durangokoa, aurten iragan larunbatean hasirik eta datorren asteazkeneraino.

Baina gorago zeharka aipatu dugun bezala --eta berrietan ugari islatu dugun legez-- abenduko lehenengo egun hauek [Durangoko Liburu Azokaz aparte] badaukate egun markatu eta gailendu bat, 3an mundu osoan eta Diasporan gehienbat ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunarekin (ENE). Euskal Etxerik dagoen ia herrialde guztietan ospatzen da, Australiatik Italiaraino, Argentina eta Txiletik Kanadaraino eta Mexikotik Ingalaterraraino.

Ingalaterra esan dut, baina bertan atzo egiteko aurreikusia zegoen inaugurazioa nahikeria edo asmo soil geratu da, jakina baita joan den ostiral eta asteburuan Espainiako aire kontrolatzaileek greba moduko bat egin dutela tupustean, batere abisatu gabe, eta hainbat jenderen planengan eragina izan duela jarrera eta egoera horrek, baita euskal diasporaren gure alor honetan ere.

Pare bat kasu aipatzearren, eta hona lotura Ingalaterrarekin, Londresko Euskal Elkarteak iragarria zuen argazki erakusketaren inaugurazioa bertan behera utzi behar izan da, eta printzipioz datorren larunbatera, abenduaren 11era, pasatu, Olentzero Londresera iritsiko den egunarekin (eta harrera ekitaldiarekin) bat eginez, argazkilariak eta materialak lurrean gelditu baitira Londresera abiatu ezinik. Greba estali beraren eraginez, bertan behera utzi du Txile eta Argentinara hastekoa zeukan bidaia Nafarroako presidente Miguel Sanzek. Abenduaren 5etik 10era zuen egitekoa, besteak beste Santiago, Txilen; eta Buenos Aires eta Rosario, Argentinan, bisitatzeko.

Baina euskal kultur mundua asteburuan gogor kolpatzen zuen albistea Xabier Leteren heriotza izan da. Bere bizitzan heriotza poesia eta kantagai, gogoetagai, hainbestetan hartu zuen gizasemeak bere kezka eta galde guztiekin eman du urrats hori. Ugari zeuzkan lagunek 'gabetsiko' dute, eta hala zabaldu dira azken orduetan agiriak berri txarraren oihartzunak Durangon nabarmendu direlarik. Ez zen bere kanturik adierazgarriena, baina bai seguruenik ezagunena eta zabalduena eta atzo eta gaur bere 'Xalbadorren heriotzean' kantua hainbat aldiz entzun da, azken agurra emanez euskal poeta eta kantari gogoangarri honi. Elizkizunak, asteartean Urnietako parrokian.



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia