euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Bideoak

"36 Hours in Bilbao": Bilbon Guggenheim-ez aparte askoz gehiago dagoela dio New York Times-ek

2015/05/20

Bideoa argitaratu du New York Times egunkariak maiatzaren 20ean "36 Hours in Bilbao" (36 ordu Bilbon) izenburupean, bere Bidaien atalean, hiria gomendatuz eta Guggenheim Museoaz aparte dauzkan beste hamaika leku eta aukera erakargarri aurkeztuz. 5 minutu eta 38 segundo irauten ditu eta bertako gastronomia, bere bazterrei darien historia eta beste hainbat xehetasunen bozgarailu azaltzen da, hasteko bideoko irudien bidez bisitatzen hasi nahi dutenentzat. Irakuri bideoarekin batera Bilbori buruz argitara eman duen artikulua.

Bideoa ikusi


Bakailaoa pil-pil erara prestatzen erakusten du Washington DCtik Josu Zubikarai sukaldari itziartarrak

2015/05/08

Hogei urtetatik gora da ezagutu genuela Josu Zubikarai sukaldari itziartarra Lezama apezak Washingtonen zeukan La Taberna del Alabardero jatetxean. Bizitzak itzuli asko eman ditu geroztik eta oraingoan Arlington aldean, Spanish marka daraman beste jatetxe bateko sukaldariburu topatu dugu. Ser du izena jatetxeak eta Washington DC Eater argitalpenak hiriburuko lehenengo bost jatetxe azpimarragarrienen artean kokatu du 2015eko maiatz honetan. Bideoan, bakailaoa pil-pil erara nola prestatu azaltzen digu ingelesez Josu Zubikaraik.

Bideoa ikusi


Hitzaldi interesgarria Madrilen, bertako Beti Jai (1893) pilotalekuaren historia eta ingurukoak aurkezten

2015/05/07

Bideoak biltzen duen hitzaldia gaztelaniaz egin zen Madrilgo Arkeologoen Elkarte Ofizialaren egoitzan apirilaren 23an, Udalak frontoia desjabetu eta eskuratu zuela jakin baino egun batzuk lehenago. Bideoa bera, baina, maiatzaren 7an sareratu eta zabaldu dute. Bi ordu eta 35 minutukoa da, oso interesgarria hainbat datu esanguratsu jakiteko. Bideoaren berri hemen topatu dugu. Kronograma: aurkezpena (00:00), irudiak (00:10:30), egungo egoera (1:00:58), Beti Jai zain dezagun plataforma (1:13:00), eraikinaren balioa (1:16:55), proposamenak (1:18:10), euskal pilota (1:26:08) eta galderak eta debatea (2:07:00).

Bideoa ikusi


AEBetako telebista bat Euskal Herrian bisitari Boiseko Jaialdiko futbol partidarako giroa berotzen

2015/04/27

Euskal Herrian dabil Idahoko KTVB Zazpigarren Kanaleko talde bat, euskal geografiako hainbat leku bisitatu eta bertan eginiko erreportaje eta zuzeneko konexioekin giroa berotzeko datorren uztailaren 29an Boise Idahoko hiriburuan egingo den "euskal partidarako" (Athletic eta Mexikoko Tijuanako taldea lehiatuko dira, Jaialdi 2015 euskal-amerikar festa eta elkarretaratze erraldoiko programaren baitan). Hona zuzenean eginiko konexio horietako lehena, planak aurkeztuz, Idahora emigratutako euskaldunak aipagai eta Euskal Herrian bisitatuko dituzten jende eta lekuak ere hizpide. TV ekipoko kide da Xanti Alcelay euskal boisetarra. Bideo gehiago, hemen.

Bideoa ikusi


InCycle UCI World Tour: Bistadizoa Euskal Txirrindularitzaren panoramari

2015/04/23

Bideo polita prestatu dute ingelesez inCycle-koek Euskal Herrian txirrindularitza nola bizi den, zein den egungo egoera eta arlo honetan dauden beharrak azpimarratuz. Euskal txirrindularitzaren eremuan zeresana daukaten zenbait txirrindulari, eragile, zaletu eta antolatzaileren iritzia eta ahotsa kamera aurrera ekarrita, agerian geratzen da zein garrantzitsua eta oihartzun handikoa, eta zein zaletasun bizikoa den kirol hau Euskal Herrian. 

Bideoa ikusi


Bideo-elkarrizketa eta piano emanaldi euskal errepertorioduna, Josu Okiñena eta Amaia Gabantxorekin

2015/04/13

JOSU OKIÑENA CHICAGON. Josu Okiñena piano jotzaile euskalduna Chicagon izan zen Koldo Mitxelena Katedraren egitarauaren barruan, eta bertako egonaldia baliatuta Pianoforte Foundation-ek euskal musikari buruzko elkarrizketa egin zion. Amaia Gabantxok, Chicagoko Unibertsitateko Etxepare Euskal Institutuko euskara eta euskal kultura irakurleak ere hartu zuen parte elkarrizketan, Okiñenaren lanari eta euskal musikagintzari sarrera emanaz. Kulturklik-etik jaso dugu hona.

Bideoa ikusi


AEBetako "Strata: Humanitatearen erretratuak" TV saioak Elkoko (Nevada) euskal jaiei buruzko erreportajea eskaini du

2015/03/18

"Strata: Portraits of Humanity" (Strata: Humanitatearen erretratuak) du izena Estatu Batuetako "Archaeology Channel" kanalak hilabetero pantailaratzen duen saioak, eta martxoko ataleko zati gehiena Elkoko (Nevada) euskaldunei eta urtero egiten uztailaren 4aren inguruan antolatzen dituzten Elkoko Euskal Jaiei eskaini die, horretarako Elkoko 2014ko edizioko irudiak baliatuz. Besteak beste azaltzen dira saioan Teresa Franzoia Anacabe, Jean Flesher, John Ysursa, Bob Echeverria, Gratien Etchebehere, Jess Lopategui eta Ramon Zugazaga, hainbat dantza talde eta jenderekin batera. Aurkezpenaz aparte, saioko euskal partea 8' 40"tik aurrera da. Lekukotasun polita!

Bideoa ikusi


Guztia prestatzen ari dira Boisen, uztailaren 29an Athletic-ek jokatuko duen partidarako: baita belarra ere

2015/02/27

"BELARRA OPERAZIOA" BOISEN. Ikaragarrizko mugimendua dabil Idahoko Boise hirian, Estatu Batu ipar-mendebaldean, datorren uztailaren 29an Boiseko Jaialdi euskal jai eta elkarretaratze erraldoiko programa barruan jokatuko den futbol partida dela-eta. Espainiako Ligako euskal tarde batek jokatuko du Boisen, oraindik erabaki ez den Ipar Ameriketako futbol talde baten aurka. Askok segurutzat jotzen dute euskal taldea Athletic izango dela, eta aurkaria AEBetako edo Mexiko bat. Xehetasunak apirilean plazaratuko dituzte. Bitartean, hona nola prestatzen ari diren diren zelaia: hona "Belarra Operazioa".

Bideoa ikusi


Lapurdiko kostaldeko bideo amateurra, Hegoak entzunez Maialen, Mixu eta Xabaltx kantari

2015/02/12

2015eko otsailean plazaratutako bideo amateurra, Lapurdi hegoaldeko kostaldeko hainbat leku erakusten dizkiguna, kamera lepoan hartuta, Getariatik, Donibane Lohizune, Ziburu, Urruña, Abadiako gaztelua, Larrun mendia zerumarran, Hendaiaraino... hainbat paraje eder Txoria txori edo Hegoak kantua, entzuten dugun bitartean. Kantua, Maialen, Mixu eta Xabaltx-en ahotsetan. Izan dadila baita ere joan zitzaigun --eta bere lagunekin Diasporan kantari ibili zen-- Mixu adiskidearen oroigarri.

Bideoa ikusi


Euskararen misterioa

2014/12/17

Joseba Etxebarria dokumentaleko irudi batean

Berez 2012an sareratua da Bilbon egoitza duten Azkue Fundazioaren eta Euskararen Etxearen eskutik datorkigun dokumental hau, zenbait hizkuntzetan. Irakurleek --ikusentzuleek esan beharko-- gustura ikusiko dutelakoan, euskarazkoa ekarri dugu hona (gure webgunearen gaztelaniazko eta ingeleezko bertsioetan topa daitezke hizkuntza horietakoak, hizkuntza aldatzeko klik eginez orrialde hasieran eskuineko aldean). On egin!

Bideoa ikusi


© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia