euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Yuki Kojima eta Jokin San Jose, trikiti ikaslea eta irakaslea: «Trikitiagatik ez balitz, ez ginateke ezagutuko: gure arteko zubia da» (Berrian)

2018/07/31

Duela bost hilabete ezagutu zuten elkar San Josek eta Kojimak, sareari esker: bi musikariek Whatsapp bidez ekin zioten eskolei, trikiti doinuak Euskal Herritik Japoniaraino hedatzea helburu.

Lotura: Berria

Uxue Gutierrez Loenzo. Aitarekin auto bidaian zihoala entzun zuen trikitia Youki Koshimak (Nagoya, Japonia, 1986) lehenengoz. Kepa Junkeraren doinua zen, eta, erabat txunditurik, instrumentu hura bilatzeari ekin zion. Horrela egin zuen topo Jokin San Joseren (Getxo, Bizkaia, 1990) Youtubeko kanalarekin. Trikitia eskuratu, Whatsapp bidez kontaktuan jarri, eta jotzen ikasteko bidea hasi zuen Koshimak. Orain, Euskal Herrian da San Joserekin bertatik bertarako eskolak hartzeko eta instrumentua jotzeko helburu bakarrarekin.

-Internet bidez ezagutu zenuten elkar; nolakoa izan zen lehenengo kontaktua?

JOKIN SAN JOSE: Youtubeko kanal bat dut, eta hant jartzen ditut bideoak, trikitia jotzen. Eta hantxe ikusi zuen berak nire bideoetako bat. Facebooken aurkitu, eta soinu txikia erosteko laguntza eske idatzi zidan; hori duela bost hilabete izan zen. Lehen mezu horren antzeko batzuk jasoak nituen, baina, aurrekoetan, instrumentua erosten lagundu izan diet, eta kito. Hau da, trikiti eskolak onlineematen ditudan lehenengo aldia. Trikitia heldu zitzaion egun berean hasi ginen eskolekin, duela hilabete eta erdi inguru.

YUKI KOSHIMA: Trikiti hitza bilatu nuen Interneten, eta Jokinen Youtubeko kanala agertu zitzaidan. Ikusi nuen bideoan, Uriondo abestia jotzen ari zen. Kepa Junkeraren abestia da, eta zailtasun mailak liluratu ninduen: entzun nuen lehenbizikoa izan zen, oso zaila, eta, gaur egun, gehien gustatzen zaidana da. Doinua hain zen konplexua eta polita aldi berean, hura jotzen ikasi behar nuen. Sarritan eskatzen dizkiot Jokini abesti zailak: horiek ikastea gustatzen zait. Japonian esaten dugu hasten duzun oro ona izateko hasten dela, eta, horretarako, zailena ikasi beharra dago.

-Ez da atzerriko instrumentuekin duzun lehen kontaktua; galiziar gaita irakaslea zara Japonian. 

Y. K.: Aita musika zeltaren oso zalea da, eta estilo horretako hainbat disko zituen autoan gordeta. Duela hamar bat urte, autoz bidaiatzen ari ginela, Heviaren disko bat jarri zuen. Buruari bueltaka hasi nintzen orduan: nor ote zen musikari zoragarri hura? Eta zer ote zen jotzen ari zen instrumentua? Instrumentua bilatzeari ekin nion, eta orduan egin nuen topo gaita galiziarrarekin. Horren ondorioz hasi nintzen gaita jotzen ikasten duela zortzi urte. Zortzi aldiz joan naiz Galiziara, eta disko bat badut dagoeneko.

-Eta, nolabait, gaita galiziarretik trikitira salto.

Y. K.: Ni, Japonian, galiziar gaita irakaslea naiz, Nuñezen jarraitzaile sutsua izateaz gain. Nuñezek Kepa Junkerarekin jo izan du inoiz. Biak batera entzun nituenean, Junkerak jotzen zuen doinu horren jatorria aurkitu behar nuela erabaki nuen. Are gehiago, instrumentu hura jotzen ikasi behar nuen.

-Whatsapp bidez eman dituzue eskolak. Nola moldatu zarete?

J. S. J.: Zazpi orduren aldea dago, eta hori kontuan hartu dugu. Bideo deiak egin ditugu astean behin, eta ordubete eman dugu zalantzak argitzen. Gainerako denboran, Whatsapp bidezko komunikazioa izan dugu, era ez-jarraituan baldin bada ere. Nik partiturak eta bideoak bidali dizkiot, eta berak ere berdin egin du. Egunean, bost ordu ematen ditu jotzen, eta hori ez da ohikoena izaten. Jarraitutasun horri esker oso azkar ikasten ari da. Yukik orain jotzen dituen abestiak jotzeko nire gainerako ikasleek urtebete behar dute. Berak, hilabete eta erdi darama jotzen.

Y. K.: Lehenengoz hartu ditut eskolak Internetez. Jokin oso irakasle ona da, baina egia da ikasketa birtualak zailtasunak dituela. Bideoa sakelakotik entzutean, soinuaren kalitatea asko jaisten da, eta partituren irudiek ere kalitatea galtzen dute, oso txikiak dira. Horri komunikazio ez zuzena gehitzen zaio, eta prozesua apur bat konplexua da.

-Harremana aldatu da aurrez aurre ezagutzean?

Y. K.: Astebete daramat Euskal Herrian, eta aurrez aurreko eskolek prozesua asko arindu dute. Trikitiagatik ez balitz, ez genuke elkar ezagutuko: gure arteko zubia izan da. Egia da trikitiaren doinuak zail samarrak direla, baina zailtasun horrekin gozatzen dut.

-Zein da trikiti ikastaro berezi honen azken helburua? 

Y. K.: Musika sortu, eta diskoak saldu nahi ditut. Orain, ikasleak nire etxera datoz galiziar gaita jotzera: etorkizunean gauza bera egin nahiko nuke soinuarekin. Irakaslea eta musikaria izan nahi dut.

J. S. J.: Gogorik ez zaio falta, eta horrekin nahikoa da soinua jotzeko. Bera bezala hasi nintzen ni jotzen, abesti zail batekin. Oso identifikatua sentitzen naiz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia