euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Sokatira: Euskal Herriko tiralariak inoiz baino domina gehiago selekzio gisa Munduko Txapeletan (Berrian)

2018/03/13

Euskal tiralariak bikain aritu dira Xuzhoun, Txinan, goma gaineko Munduko Txapelketan. Inoiz baino domina gehiago irabazi dituzte: hamasei; bi urrezko, zazpi zilarrezko eta zazpi brontzezko.

Lotura: Berria

Lur Gil. Maleta dominaz beteta itzuliko dira Euskal Herriko tiralariak Txinatik, Xuzhoutik. Han jokatu berri da goma gaineko Munduko Sokatira Txapelketa, eta euskal tiralariek inoizko uztarik oparoena bildu dute. Hamasei domina irabazi dituzte guztira: urrezko bi, zilarrezko zazpi eta brontzezko zazpi. Hiru gehiago dira orain bi urte Volendamen (Herbehereak) jokatutako ekitaldiarekin alderatuta. Beraz, helburua ondo beteta iritsiko dira euskal tiralariak Euskal Herrira.

Aurreikuspenak bete dira, eta Txina eta Taiwan izan dira berriro talderik indartsuenak. Hala ere, maila bikaina eman du Euskal Herriak, Basque Countryizenarekin. Izan ere, zazpi domina lortu ditu nazioen arteko txapelketan, hiru zilarrezkoak eta lau brontzezkoak. Taldeetan, berriz, etxeko taldeez gain, Irlandakoak, Herbehereetakoak eta Euskal Herrikoak nabarmendu dira. Euskal ordezkariei dagokienez, bederatzi domina eskuratu dituzte euskal taldeek: urrezko bi, zilarrezko lau eta brontzezko hiru.

Galder Gobantesek, Euskal Herriko Sokatira Federazioak Nazioartekoan daukan ordezkariak euskal taldeak ia maila guztietan podiumean egon izana nabarmendu du. «Dominak banatzeko ia ekitaldi guztietan egon da presente ikurrina. Bikaina da hori».

Gobantesek azpimarratu du Europako talde asko ezin izan direla lehiatu, «ahalegin handia» eskatzen baitu Txinara joateak. Horregatik, nabarmendu egin du Euskal Herritik joandako tiralarien konpromisoa. «Txinara joan dira, eta hori jada asko da. Baina eman duten maila ere oso ona izan da».

Gaztediren bi urreak

Gaztediren lana aipatu beharra dago. Laukizko (Bizkaia) taldeak irabazi ditu euskal ordezkariek eskuratutako urrezko bi domina bakarrak, emakumezkoen 500 eta 540 kilokoen mailan. Gaztedikoen urrearekin hasi zen lehiaketa, eta berri onak bata bestearen atzetik etorri ziren gero. Gaztediko kirolariek espero gabeko saria izan zen, eta ospakizuna lorpenaren tamainakoa izan zen. Ikusi mendizaleakabestiaren doinuekin lagunduta egon ziren podiumean.

Handia izan da Gaztedik eginikoa, baina, etorkizunari begira, garrantzitsuagoak dira 23 urtez azpikoan euskal tiralariek irabaziriko zilarrezko lau dominak, Berriozarrek eta Euskal Herriak lortuak. Zaila da talde gaztea izan eta hain ondo aritzea, jakinda, gainera, Asian unibertsitateetan sokatira bultzatzen dutela eta horregatik dutela maila handia gazteetan.

«Euskal Herriak altxor handia du», nabarmendu du Oier Aizkorbek (Berriozar, Nafarroa, 1985). «23 urtez azpiko bi talderekin etorri eta biekin finala jokatu izana handia da. Bagenekien Txina-Taiwan zela faborito argia. Horregatik, oso pozik gaude bigarren izateaz». Aizkorbe Berriozarko entrenatzaile eta tiralaria da. Bi domina lortu ditu txapelketa honetan, Ibarrarekin eta Euskal Herriarekin. Entrenatzaile lanetan, berriz, lau lortu ditu: Berriozarrekin 23 urtez azpikoan, eta Euskal Herriarekin maila berean.

Berriozarko taldeak osatu du selekzioaren bizkarrezurra, baina Gaztedi, Badaiotz eta Beti Gazteko tiralariak ere aritu dira. Guztiak entrenatu dira haren aginduetara, Berriozarren. «Lan handia egin dugu aurretik, eta hori goma gainean islatzen da gero. Gainera, zilarrezko lau domina hauek lortuta, erakutsi dugu Euskal Herrian badagoela etorkizuna».

Irati Agirre (Berriozar, 2001) da Aizkorberen aginduetara aritu diren tiralarietako bat. Taldea «ilusio ikaragarriarekin» lehiatu dela azaldu du. «Handia da horren gazte izanda aukera izatea Txinan, Munduko Txapelketa batean lehiatzeko». Bi zilar irabazi ditu Agirrek, baina oraindik ez du barneratu lortutakoa: «Espero genuen baino askoz handiagoa izan da lorpena; ilusio ikaragarria egin digu, eta jende askok ez du sinetsi ere egiten. Bagenekien taldeen arteko maila nahiko parekatua zegoela, eta Txina-Taipei aurretik egonen zela. Baina finala jokatzea oso handia izan da».

Bi urte barru jokatuko da hurrengo txapelketa, eta, ondo bidean, 23 urtez azpikoetan aritutako tiralari askok lehian jarraituko dute. Beraz, etorkizuna ziurtatuta dago. Txinako Munduko Txapelketa amaituta, lur gaineko denboraldia hasiko da. Gaztedik, adibidez, indarrez eta konfiantzaz helduko dio, sekulako bultzada jaso baitu Xuzhoun bi urre irabazita. Irailean aukera izanen du Lurmutur Hirian (Hego Afrika) jokatuko den lur gaineko Munduko Txapelketan parte hartzeko. Ez da izanen euskal ordezkari bakarra. Ea goma gainekoan erakutsitako mailari eusten dioten; albiste bikaina litzateke.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia