euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Non dago Itaka? Euskal diasporaren lezioak: Gari Otamendiren Info7 irratirako kolaborazioa (Dantzan.com-en)

2015/06/27

Lotura: Dantzan.com

Gari Otamendi. Datorren uztailean egingo da Amerikako Estatu Batuetako Boise hirian Jaialdi. Euskal diasporako ospakizun handiena da ziur asko. Bost urtean behin egiten da Idahoko hiriburuan, eta aurten ere mundu osoko milaka euskaldun elkartuko dira han, lau eguneko festa erraldoian.

Euskal Herriko zazpi probintzietan gure estatus politikoa erabakitzeko eskakizunekin eta aldarrikapen sutsuekin korapilatuta gabiltzan garaiotan, zortzigarren probintzia esaten zaion euskal diasporan beste parametro batzutan bizi dira. Ulises bezala, urte batzuren buruan etxera itzultzeko esperantzarekin abiatu ziren lan bila atzerrira euskal herritar asko. Gehienak ez ziren itzuli eta euskal komunitateak sortu zituzten, ezaugarri propioak dituzten euskal komunitateak.

Izan ere, euskal diasporak ez ditu Euskal Herria definitzeko orduan ia ezinbestean funtsezkotzat eta nahitaezkotzat jotzen ditugun bi elementu: horietako bat, hizkuntza da, eta bestea, lurraldetasuna. Gaur egungo euskal diaspora osatzen duten pertsona gehienak ez dira euskal hiztunak. Bigarren, hirugarren edo laugarren belaunaldikoak dira. Lurraldetasunari buruz, zer esanik ez. Beste estatu batzuetako hiritarrak dira.

Euskal diasporaren iraunkortasunaren gako nagusiak nortasuna eta komunitatea dira. Beren nortasuna adierazteko ez dute euskararik erabiltzen, baina jarduera ugari egiten dituzte komunitatea etengabe ehuntzeko. Dantza, pilota eta mus-jokoa bereziki. Diasporan aritu den edozein dantzari harrituta geratzen da oraindik ere dantzariek duten prestigioarekin. Dantzan gozatzen dutenarekin. Herri-kirolek pizten duten lehiarako senaren indarrarekin batera, belaunaldien arteko transmisio sendoa lortu dute euskal diasporako hainbat komunitatek.

Lorpen horiek guztiak ez dira kasualitatearen emaitza. Ipar Amerikako euskal etxeen elkartearen leloetako bat da: ospatu + hezi = iraun. Euskal diaspora osatzen duten komunitateek beren nortasuna eta komunitatea transmititzeko eta eraikitzeko kontzientzia osoa dute. Hau da, erabateko kontzientzia politikoa dute. Era berean Euskal Herriko partiduen erabilkeriarik ez dute, eta herrigintza sano eta naturalaren adibide on bat dira.

Herria, komunitatea, nazioa da garrantzitsua, oro har, diasporako euskaldunentzat. Neurri handi batean, Euskal Herriko probintzietako herritarron kontraesan bat uzten du agerian. Hamarkada luzeak eta gogorrak daramatzagu estatua eskatzen, geure indar eta arreta gehiena delako “kausari” emanda. Bitartean gure herriaren nortasun eta komunitate ezaugarriak mundu globalizatuan diluitzen ari dira. Nabarmena da hori dantzaren alorrean.

Gure etorkizuna erabakitzeko eta eraikitzeko eskubide legitimoa daukagu. Horrek ez diezagula, ordea, gure eguneroko bizimodua eta gure ezaugarri propioak komunitatean lantzeko, bizitzeko eta gozatzeko indarra lapurtu. Itakako estatura iritsi nahi dugu euskaldun askok, Ulisesen antzera. Baina dagoeneko Itakan bizi garela ahaztu zaigu. Euskal diasporako komunitateei ez, ordea.

Uste duguna baino gehiago dugu ikasteko euskal diaspora osatzen duten komunitateengandik.

(Info7 irratia, 2015eko ekainaren25ean)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia