euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Nevada: Indar Electric, euskal teknologia ura erauzteko Las Vegaseko zorupean (Spri.eus-en)

2018/01/11

Beasaingo enpresak 70 milioi dolarreko kontratu bat lortu du motordun ur-punpa murgilgarriak fabrikatzeko. Ipar Amerikako jokoaren hiriburuan instalatuko dituzte, hainbat urtetatik jasaten ari diren lehorteari aurre egiteko.

Lotura: Spri.eus

Oraingo honetan, Made in Basque Country eta SPRI Taldea nitxoko enpresa batengana hurbildu dira. Nitxoko enpresak dira tamaina txikiko baina espezializazio handiko ETEak, zeintzuk gai baitira merkatuan lehiatzeko eta tamaina zein fakturazio hirukoitza edo laukoitza duten erraldoiei gailentzeko nazioarteko proiektuetan. Indar Electric enpresa da horietako bat. Ingeteam taldeko enpresa horrek Beasainen du egoitza, eta 70 milioi dolarreko kontratu bat sinatu berri du Estatu Batuetan -historiako handiena-, merkatuko motordun ur-punpa murgilgarri indartsuenak instalatzeko eta beren bitartez Las Vegaseko ur-hornikuntza bermatzeko. Hain zen (eta da) konplexua proiektu hau, ezen hiru enpresa bakarrik lehiatu baitira Southern Nevada Water Authority (SNWA) erakundeak deitutako lehiaketan: konpainia austriar bat, japoniar bat eta Indar bera, zeina izugarri urrun baitago lehiakideengandik tamainari dagokionean, ez ordea teknologian, eta horixe azpimarratu du Peio Garciandiak, ETE honetako Uraren Ingeniaritzako arduradunak.

Kontratu garrantzitsua da hau…

Bai, zalantzarik gabe. Horrelako hitzarmenak ez dira egunero lortzen eta, esan  bezala, gure historiako kontratu indibidual handiena da. Espero dugu etorkizunean horrelako gehiago sinatuko ditugula.

Zer esan nahi du esleipen honek Indar enpresarentzat?

Las Vegas eta proiektu zehatz hau inflexio-puntua dira gure historian, abiapuntu berri bat baita negozio berriak eta estrategia berri bat garatzeko. Oso pozgarria izan da, enpresa osatzen dugun kide guztien ahaleginaren emaitza izan delako.

Proiektu honi esker mundu mailako lider bihurtuko zarete potentzia handiko motordun ur-punpa murgilgarrien fabrikazioan. Nolakoak dira aparatu horiek eta zer egiteko gai dira?

Gure estrategiak eta kontratuak helburu argi bat dute: Las Vegas hiriko eta inguruko haran zabaleko ur-maila izugarri ari da murrizten, batik bat Mead Lakuan, eta hantxe kokatuko da proiektua, Hoover presa ezaguna dagoen tokian.  Sierra Nevada mendizerrako urtzaldiak elikatzen du presa, baina azken urteotan ur-maila ia 40 metro jaitsi da eta jaisten jarraitzen du. Horrek arazo larri bat dakar berekin: urez hornitu behar dira milaka hektarea eta eremu horretan bizi diren bi milioi lagun.

Zer egingo duzue zuek?

Ura atzemateko puntua gero eta beherago dago, sakonera handian, horregatik, ura punpatuko dugu gure motordun punpa murgilgarriekin. Munduan potentzia gehien dutenak dira, eta erronka handi baten aurrean gaude, ura erauzten jarriko ditugulako 140 metroko sakoneran.  Hona hemen zenbait datu proiektu honen inpaktua argiago ikusteko: ura aipatu sakonera horretan erauziz posible da segundoko 250 bainera betetzea, hori lortzeko 3.800 kilowatioko potentzia aplikatzen dugu taldeko, eta momentuz 30 enkargatu dizkigute.

Nola liteke zuena bezalako ETE bat nagusitu izana proiektu honetan, zuek baino askoz handiagoak diren multinazionalen gainetik?  

Indar enpresako Uraren Ingeniaritza Sailak garatutako soluzio honek konponbidea eman dio bezeroaren arazoari. Bezeroak munduko hiru enpresari bakarrik eman zion aukera arazo honi irtenbidea aurkitzeko: japoniar bati, austriar bati eta guri. Diru kopuru bat eta hamabi hilabeteko epea eman zigun gutako bakoitzari. Eta hiruretatik guk bakarrik gainditu genituen iragazki eta eskakizun tekniko guztiak.       

Nolako eragina izango du proiektu honek Beasaingo egoitzan?

Arlo guztietan izango du eragina, proiektua hemen garatu baitugu oso-osorik, hasi garapen fasetik eta amaierako produkturaino. Erosketa, ingeniaritza, muntaia, produkzioa… dena egingo dugu hemen, Euskadin.

Ikusirik proiektua Estatu Batuetan garatuko dela, herrialde mediatikoa eta liderra arlo askotan, pentsa liteke inflexio-puntu bat markatuko duela Indar enpresaren eskaera-zorroan epe labur-ertainera?

Jakina. Estatu Batuak abiapuntu bikaina da hazten jarraitzeko. Gainera uste dut ezin izango zela horrelakorik egin beste inon; bezeroa bera oso berritzailea da, jakin du ongi transmititzen zein zen bere arazoa eta gu gai izan gara behar zuen konponbidea emateko. Proiektu aitzindaria da, munduko ur-punpa murgilgarri handiena delako eta gure ekipoak bakarrak direlako. Badugu teknologia propioa, Indar enpresan garatu duguna eta 77 urteko historian bildutako esperientziaren emaitza dena. Urte horietatik guztietatik berrogeita hamar igaro ditugu ur-punpa murgilgarriak diseinatzen eta fabrikatzen. Proiektu hau irabazi badugu izan da urte horietan guztietan ezagutza eta esperientzia handia bildu dugulako eta, zalantzarik gabe, horrek efektu biderkatzaile handia izango du urpeko punpatze-sistemak behar diren kasu guztietan.

Lehorte arazo batek eraman zaituzte Las Vegaseraino, baina arazo hori nahiko ohikoa da Euskaditik hurbil dauden tokietan ere. Pentsatu al duzue beste merkatu nitxo batzuk lantzea Iberiar Penintsulan, adibidez?

Baliteke, baina ez dira izango Las Vegasekoaren tamainakoak, non neurriak izugarriak baitira eta hiriburuak sekulako menpekotasuna baitu urarekiko. Baina baliteke hemen inguruan ere aukerak sortzea. Dena den, oraingoz nagusiki Ipar Amerikara zuzenduko dugu negozio-ildo hori, batez ere hango ingeniaritza garrantzitsuenen artean izan duen erreklamo efektuagatik, dagoeneko hainbat enpresa joaten baitira gure proiektu ikustera eta egindakotik ikastera.

Egoera bitxia da, kontuan izanik Estatu Batuetan protekzionismoa izan ohi dela nagusi, eta bertako enpresak lehenesten direla kanpokoen gainetik…

Denok ohartu gara Amerikan ez dagoela proiektu hori egiteko gai den fabrikatzailerik, eta hori mesedegarria da guretzat (edo Estatu Batuetakoa ez den beste edozein enpresarentzat). Baina, hala ere, esan behar da Indar enpresak baduela 50 langileko fabrika bat Milwaukee hirian eta, beraz, badihardugula lanean Estatu Batuetan duela hainbat urtetatik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia