euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Mari Jose Olaziregi, EHUko irakaslea: «Genero ikasketekiko erresistentzia bat egon da akademian» (Berrian)

2017/07/11

Kritika feministaren esparruan euskal literatur kritikak egin duen ibilbideaz aritu da Mari Jose Olaziregi EHUko Udako Ikastaroetan; genero ikuspegitik Arantxa Urretabizkaiaren obrara hurbildu da.

Lotura: Berria

Itziar Ugarte Irizar. Urteak daramatza euskal literatura aztertzen Mari Jose Olaziregi Alustiza EHUko irakasleak (Donostia, 1963). Genero ikerketen inguruan ere badabil aspalditxotik. Euskal literatura genero ikasketen ikuspuntutik hitzaldia eman du Excellence in Basque Studies VII. Genero Ikasketakikastaroaren bigarren egunean, Miramar jauregian (Donostia).

Nola laburtuko zenuke euskal literaturan kritika feministak egin duen bidea?

Saiatu naiz erakusten euskal literatur kritikan lan dezente egin dela genero ikuspegitik. Kronologia bat egin dut lan hauei balioa emateko, eta diskurtso kritikoa nola joan den eraikitzen ikusteko. Akademian, lehen lantzat Linda Whiteren 1996ko doktorego tesia hartzen da —Emakumeen Hitzak Euskaraz: Basque Women Writers of the Twentieth Century—, Renoko unibertsitatean egina [AEB]. Funtsezkoa izan zen, euskal historiografia literarioan emakumezko idazleen lanaren ahanztura salatzeko. Ikusgarritasunaren planteamendu horretatik, ibilbide oso bat dago: emakumeen irudien azterketetatik azken urteetako queer ikasketen eta gorputzaren gaineko ikerlanetara, Amaia Alvarez Uriak eta Ibon Egañak egindakoak, kasurako.

Akademian lan hauek ezagutzera emateko erresistentzia bat dagoela aipatu duzu.

Hori atzoko saioetan oso ondo azaldu zuten Miren Llona Gonzalezek eta Jone Miren Hernandezek; unibertsitate sistema espainolean bereziki egon dela erresistentzia bat genero ikasketekiko, departamentu propioak sortzeko-eta. Hemen ere erresistentzia egon da, literaturan egon den bezala; literaturaz ari garenean, femeninoa eta antzeko adjektiboekin badirudi bigarren mailako literatura edo ikerketa dela. Horregatik aldarrikatu dut feminismo aktiboa, Sara Ahmedek Living a Feminist Life liburuan dioen moduan.

Mende honen hasieran, kritikariek —gizonezkoak, oro har— emakume idazleen booma aipatzen hasi ziren, orduan hasi zirelako emakume idazleak «instituzionalizatzen», azaldu duzunez.

Instituzionalizazioaz hitz egiten dugunean, kontuan hartu behar dugu oraindik euskal unibertsitate sisteman ez dagoela gradu espezifikorik genero ikasketendako; graduondokoak daude. Kanonaren beste aldea sari literarioek eta hezkuntza sistemak finkatzen du, eta egia da 2000. urtetik aurrera badagoela nolabaiteko instituzionalizazio bat Euskadi sarien ildotik, Lourdes Oñederra, Miren Agur Meabe eta Itxaro Bordarekin, esaterako. Boom deitu zioten, nahiz eta produkzioa hainbeste igo ez. %15 inguru ziren, baina zenbakiari baino gehiago balio sinboliko eta legitimatzaileari begiratu behar zaio.

Genero ikasketen galdera klasikoaz jardun zara: ea idazketa femeninorik ote dagoen. Irauten du galderak?

Noski. Gaur egun ikerlari askok plasmatu nahi dute estilistikoki desberdin idazten dutela emakumeek emakume izateagatik; gorputzaren inguruko hainbat ikerketa daude, gorputz hori erresistentzia gisa ardazten dutenak. Kritika feminista klasikoan egon diren joera ezberdinak azaldu ditut; ildoek segitzen dute, emakume irudiak aztertzen segitzen duten bezala edo errepresentazioak aztertzen segitzen duten bezala. Baina badaude galdera berriak: literatur lanek nola eragiten duten, zer emozio bideratzen dituzten.

Esan duzu kritika feministaren eta ikasketa kulturalen «sinbiosia» dela azken hamarkadetako beste aldaketa nabarmena.

Genero ikerketa multidisziplinarra da; historia, antropologia, literatura... harrapatzen ditu, baina metodologikoki oso interesgarria izan da ikasketa kulturalak eta ikerketa feministen nolabaiteko batura, horrek sortu dituen diskurtso eta ikerlan berriak; betiere, bestelako eraginekin batera, postkolonialismoa edo postestrukturalismoa, kasurako. Hainbat kontzeptu jarri dira azken genero ikerketen erdigunean: transgeneroa, subjektibitatea, boterea, maskulinitatea/feminitatea, performatibitatea, besteak beste.

Arantxa Urretabizkaiaren lana genero ikasketen ikuspuntutik begiratzeko zehaztapen batzuk eman dituzu. Zer azpimarratuko zenuke?

Urretabizkaiaren lanaz eraiki den diskurtsoan oso ondo ikusten da kritika feministaren eta genero ikerketen eboluzioa. Zergatik Panpox Annie Lecrerc eta beste hainbatek 1970eko hamarkadan idatzitako desberdintasunaren feminismoan kokatu dut: gorputzaren aldarrikapena, nobela lirikoa, non barne bakarrizketak gorputz horretan gauzatzen diren aldaketak azaleratzen dituen. Ama abandonatu bat da; lehenengo protagonista femeninoa gure literaturan. Saturno-rekin jarraitu dut, kritika misoginoaren adibide garbienetakoa. Koaderno Gorria-n, amatasunaren kodetze literario garaikide aldarrikatzailea dago; amatasuna eta militantzia politikoa lotura deseraikitzen da, militantea baina ama izan nahi duen pertsonaiarengan. Abertzaletasun tradizionalak eraikitako rol banaketatik, amatasuna ekintza subertsibo gisa agertzen da. Yoyesen irudiaz Begoña Aretxagak esandakoetatik abiatu naiz interpretaziorako. Bidean ikasia aipatu gabe geratu da hitzaldian, baina azpimarratzekoa da. Izugarri interesatu zait lan hori, bere forma literario hibrido horren oinarrian fizkionalizatutako gorputz jipoitu horien [alarde parekideko emakumeen] aldarria dagoelako.

Zure ustez, genero ikuspegitik zer dago gaur bereziki aztertzeko literatur kritikan? 

Genero ikerketa asko beharrezkoak dira oraindik —hau esateak anakronikoa ere irudi dezake gaur egun—, eta ez naiz ari ikusgarritasunaz, interpretazio konparatu bat egiteaz baizik. Adibidez, memoria historikoan edo gatazkaren errepresentazioan iruditzen zait badagoela berezkotasun estilistiko bat, eta hari narratibo-tematiko oso interesgarri eta transgresoreak ari direla planteatzen. Azken urteetan, horretan nago murgilduta MHLI [Memoria Historikoa Literatura Iberriarrean] ikertaldean.

Urteak daramatzazu literatur kritikan. Nola bizi izan duzu genero ikasketen goraldia? 

Urretabizkaiak esaten du gatazka eduki dugula eta dugula, baina genero gatazkaz gutxi hitz egin dela. Karakterizazio misoginoak eta jarrera matxistak gizartean eta boterean daude, ez literatur kritikan bakarrik. Gauzak aldatzen ari dira, baina oraindik egiteko daukagun iraultza da.

Akademiako sektore maskulinoenera iritsi da eragina?

Ongi oroitzen banaiz, Amaia Alvarezek literatura istorioetan emakumezko idazleek izan duten presentzia aztertu zuen Jakinaldizkarian. Edonola ere, diskurtso kritikoak nola eraiki ditugun aztertzeak denbora gehiago emango du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia