euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Iurretan ere, ez neska eta ez mutil, dantzari baizik (Berrian)

2018/01/22

Lehen aldiz, emakumeek ere ezpata dantza dantzatu dute Bakixaoko jaietan.

Lotura: berria

Geroz eta ohikoagoa bihurtzen ari da: aurrez beste hainbat herritan egin bezala, Iurretan ere (Bizkaia) emakumezkoek ezpata dantzan parte hartu dute lehen aldiz. Bakixaoko sansebastianetan gertatu da. Julen Orbegozo lekuko izan da, eta horren berri eman du sare sozialetan.

Aritz Maldonado Anboto.org-ko kazetariak kontatu duenez, berritasun historiko hori dantzari belaunaldi berri bat dantzan hastearekin batera etorri da. Ezpata dantza Iurretako Mikel Deuna dantza taldeko dantzariek dantzatzen dute Bakixaon, eta horietako batek, Olatz Plazaolak, hala azaldu dio Anboto.org-ri: "Bakixako jaietan belaunaldi ezberdina estreinatu da; neskek zein mutilek izan dute aukera dantza guztiak egiteko".

Anboto.org-k azaldu duenez, 14 eta 18 urte bitarteko dantzariek egin dute dantza: zazpi neskak eta mutiko batek. Aurreko belaunaldiak hamabost urtez egin du dantzan, eta belaunaldi berria hiru urtez aritu da entseatzen. "Guk dantza guztiak erakutsi dizkiegu, ezberdinketarik egin gabe, gero beraiek nahi zutena dantzan egin ahal izateko", azaldu du Plazaolak.

Leitzan 2015ean egin zuten urratsa, Santiburtzio jaietako egun handian. Urte berean egin zuten jauzia Zumarragan ere, uztailean. Festa eta dantza berezia da Zumarragakoa. Antioko baseliza inguruetan egiten da, eta jende ugari biltzen du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia