euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Garaño eta Arregi: "'Loreak' eta 'Handia' oso film ezberdinak dira" (Berrian)

2017/09/23

Handia filmeko zuzendari Aitor Arregi eta Jon Garaño elkarrizketatu dituzte Zurriolako butaka saioan. Sail Ofizialean lehiatuko da euskarazko pelikula.

Lotura: Berria (ikus bideoa)

Urtzi Urkizu. Igandean estreinatuko dute Donostiako Zinemaldian Handia filma, Sail Ofizialean eta lehian. Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariek Zurriolako butaka saioan nabarmendu dute Loreak eta Handia oso pelikula ezberdinak direla. XIX. Mendean girotuta dago Handia. "Mundu zaharraren eta berriaren arteko gatazka ageri da pelikulan. Pertsonaietan ere bilakaera bat dago. Lanketa psikologikoan eroso gaude", esan du Arregik. "Loreak-ek ireki zizkigun ate batzuk garrantzitsuak izan dira film honentzat. Hala ere, desberdinak izanik, jabetzen gara bide desberdinak egingo dituztela", gaineratu du. Garañok eta Arregik esan dute ekoizleek "pazientzia" izan dutela, grabaketan luzatu egin zirelako. "Lantalde osoarekin gaude eskertuta". Eneko Sagardoi eta Joseba Usabiaga aktoreek jokatzen dituzte pertsonaia protagonistak. Hain zuzen ere, saio berean Usabiagari egindako elkarrizketa bat ikusteko aukera izan da.

Bestetik, Miren Manias ikerlari eta BERRIAko telebista kritikaria gonbidatu dute saiora. Maniasek nabarmendu du euskarazko filmak atzerrian zabaltzea "oso garrantzitsua" dela, eta "bueltan ekarpena" egiten dutela. "Ekonomiaren parte bat bezala hartu behar da zinema". Euskarazko zinemagintzaren inguruko doktore tesia egin zuen Maniasek, eta Eskozian ari da orain ikerlari lanetan. Kritikoa izan da, bestetik, euskarazko telesailetan gabezia dagoelako.

Agnes Varda Flandrian jaiotako zinemagileak Donostia Saria jasoko du bihar, Victoria Eugenia antzokian. Vardaren ibilbideari buruzko bideo bat eman dute programan.

Amaitzeko, Amaia Garcia eta Mikel Zumeta aritu dira solasean kritikarien solasaldian.

Bihar igandea ez da Zurriolako butaka saioa egongo, baina astelehenean itzuliko da gonbidatu berriekin. Operación Conchaeta Non filmeen inguruan ariko dira astelehenean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia