euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Bihotza, euskalduna: Argentinako euskal komunitateak lehen aldiz ipini du stand-a Durangoko Azokan (Noticias de Gipuzkoan)

2016/12/05

"Io sono basco". Gorputz osoan beste hainbat tatuaje baditu ere, harrotasunez erakusten du Luca Massimik bularraldean markatuak dituen hiru hitzok. Italiarra jatorriz, argentinarra jaiotzez, bihotza euskalduna du San Nicolas de los Arroyos hiriko gazteak. Familiako lagun bat euskara irakaslea zen bertako Euskal Etxean eta txikitatik en-tzunak zituen euskal hitzak. “Jakinmin handia sartu zitzaidan eta euskara ikasi nahi nuela esan nion, bertan urtebetez ikasle egon nintzen baina ezin izan nuen jarraitu”, oroitzen du.

Lotura: Noticias de Gipuzkoa

L. Eguskiza. Euskara alde batera utzi behar izan bazuen ere, azken sei urte hauetan ez du Euskal Etxearekin eraiki zuen lotura apurtu nahi izan eta Etxe Nasaia izeneko ekimenaren bitartez -Massimi sukaldaria da-, baliabide ekonomiko nahikorik ez duten 1.000 ume baino gehiago elikatzen dituzte urtean zehar. Gainera, haiekin antolatzen dituzten topaketetan Euskal Herriari buruzkoak kontatzen dizkiete eta hurbilagotik ezagutu ditzaten saiatzen dira. Bi hilabete daramatza Massimik euskal lurretan eta bueltatzeko gutxi falta zaionean, are indar handiagoz piztu da beregan euskaltzaletasuna.

Bera da Durangoko Azokak aurten Argentinari eskaini dion estand-aren aurpegietariko bat. Jendearen joan-etorria etengabekoa da egun osoan zehar, eta asko dira haiengana kuriositatez hurreratzen direnak. “Oso esperientzia polita izaten ari da. Jende asko datorkigu galdezka edo bizipenak kontatzera, ezagun edo senideren baten esperientzia gurekin konpartitzera”, kontatzen du Euzko Argentinar Bazkun Alkartasuneko (FEVA) Miren Arozarenak.

Buenos Aireseko Laurak Bat zentroan -datorren urtean bere 140. urteurrena ospatzen du- euskarazko klaseak ematen dituen irakasleak prestutasunez azaltzen du herrialdeari eskainitako txokoan aurki daitekeena. “Ez dugu saltzeko ezer ekarri, daukaguna jendeari erakusteko da. Argentinako Euskal Etxeei galdetu genien ea zer material interesgarri zeukaten eta hori batu nahi izan dugu Durangora ekartzeko”, kontatzen du.

Emaitza, ezin anitzagoa: Los vascos en Argentina (euskal abizenak batzen dituen liburua), hizkuntzari buruzko lanak, biografiak, Argentinan argitaratutako euskal hiztegi bat, euskal sukaldaritza, Unamuno...

Baina bertan eskuragarri dagoen materialaz gain, bisitariek euren abizenek Argentinan izan duten zabalkundea ezagutzeko aukera dute, Ioar Oteizaren eskutik. Duela pare bat urtetik bizi da bertan eta Euskal Echea ikastolan euskara eta euskal kulturako klaseak emateaz gain, gaur egun Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzaren barruan egiten du lan.

“Euskal komunitateak Argentinan ikaragarrizko pisua dauka; pentsa, mundu osoan dauden ia 200 Euskal Etxeetatik 84 Argentinan daude”, dio Oteizak. Laurogei topagune munduari “gero eta irekiago” dauden Euskal Etxeetan. “Gaur egun ez dauka zentzurik itxita mantentzeak, gure kultura erakutsi nahi dugu eta besteengan eragina izan dezan lortu. Jarrera ireki horri esker sare harrigarriak ari dira ehuntzen”, txalotzen du Arozarenak. Komunitate sentimendu hori urtero antolatzen den Euskal Astean sumatu daiteke, herrialdeko txoko guztietatik etorritako jendeak bat egiten duen egun berezi horietan: danborrada, an-tzerki gauak, mus lehiaketak, mintzodromoak, euskal sukaldaritza...

INPRESIO POSITIBOA Argentinako euskal komunitateak positiboki baloratzen du aurten lehenengo aldiz Durango bisitatzeko aukera izatea, iaz Bartzelonako Euskal Etxeak eman zituen pausoei jarraituz. Bigarren urtez, Euskal Etxeen presentzia sustatu nahi izan du Gerediagak, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzarekin batera.

Euzko Argentinar Bazkun Alkartasunak jarritako estand-arekin batera, hainbat argitaletxetako lanak ikusgai eta kontsultagai izango dira bihar arte. Horietako bat da EKIN, atzo Areto Nagusian bere bildumako lau izenburu aurkeztu zituena. Koldo Ordozgoitiren La odisea de Xabiertxo: el último paquebote, Euskadi Irratiaren historia idatziz jaso duen Leyre Arrietaren liburua, Arantzazu Ametzagak sinatzen duen Contraviaje. De Nueva York a Gernika pasando por Berlín eta diasporako bertsoei buruzko Asier Barandiaranen obra.

Egun hauetan beste bi euskal-argentinar topaketen eszenatokia izan da Areto Nagusia. Argentinan bizi diren euskaldunek haien bizipenak partekatu zituzten ostiralean, Asier Vallejo, Kanpoan den EuskalKomunitatearentzako zuzendariak, gidatuta. Zapatuan, berriz, Argentinan euskaraz egitasmoaren eboluzioaz jardun ziren Kinku Zinkunegi (HABE) eta Miren Arozarena. Datorren urterako prest dago lekukoa.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia