euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Baztandar eta kaxubiar haurrak: Kaxubiarrek kaxubieraz irakasteko lehenengo eskola zabaldu dute Polonian (Berrian)

2017/10/14

Biziberritze baten lekuko. Hiru urte dira kaxubiarrek eta euskaldunek elkar ezagutu zutela. Orain, kaxubieraz irakasteko lehen eskola ireki dute haiek, Euskal Herriko ereduari begira.

Lotura: Berria

Ane Eslava. Kaxubiarren eta euskaldunen arteko harremanak 2014an du jatorria. Garai hartan, Baztan ikastola Nafarroa Oinez jaia prestatzen ari zen, eta munduko beste hizkuntza gutxituetako umeekin ekintzak antolatzea proposatu zuen, Txikiak Handi proiektuaren barnean. Maialen Sobrino baztandarra euskara irakasle ari zen orduan Poloniako unibertsitate batean, eta, haren bitartez, kaxubiarrekin kontaktuan jarri ziren. Handik aurrera, «harreman emankorra» sortu zen bi komunitateen artean.

Kaxubiarrak Poloniako iparraldeko Pomerania eskualdean bizi dira, eta kaxubieraz mintzatzen dira. Eslaviar hizkuntza gutxitu bat da, eskualdeko hizkuntza gisa aitortua dagoen bakarra Polonian. 108.000 hiztun ditu; orotara, 240.000 lagunek osatzen dute kaxubiarren komunitatea.

Proiektua abiatu bezain laster, baztandar eta kaxubiar haurrak euren kultura eta bizimodua elkarri erakusten hasi ziren: Gabonetako ohiturak, jaiak ospatzeko modua... Eta, tartean, kaxubiarrak Euskal Herrira etorri ziren, 2015eko martxoan. Baztan ikastola ezagutu zuten, baita beste hainbat eskola eta elkarte ere. Bisitak Korrikarekin bat egin zuen, eta amaiera ikusteko aukera izan zuten. «Zur eta lur» gelditu zirela ziurtatu du Sobrinok, euskara bultzatzeko horrelako besta bat antolatzea «sinetsezina» iruditzen zitzaielako. Euren herrira itzuli zirenean, haiek ere Korrika moduko bat urtero antolatzeari ekin zioten. 2015eko urrian berriro etorri ziren, eta Elizondon izan ziren, Nafarroa Oinez festan.

Behin Txikiak Handi proiektua amaituta, komunitateen arteko harremanarekin jarraitzea erabaki zuten. Parte hartu zuten Donostia 2016 kultur hiriburutzak antolatutako Hitzargiak programan, hizkuntzen aldeko praktika onak konpartitzeko topaketan. 2016ko abenduan, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa sinatu zuten, Donostian.

Euskal Herrira egindako bisita horietan, kaxubiarrak proiektu batean pentsatzen hasi ziren: eskola bat sortzea. «Hemen izan ziren ekintzaileetako baten semeak galdetu zion aitari: guk zergatik ez dugu horrelako eskolarik? Orduan, lehen aldiz, norbaitek planteatu zuen kaxubieraz irakasteko eskola bat izateko aukera; Euskal Herrira etorri arte, hori amets bat baino ez zen», azaldu du Sobrinok. Konturatu ziren nekez biziko zirela kaxubieraz, aukerarik ez bazuten eskola bezalako eremu natural batean hizkuntza erabiltzeko, eta amets hori egia bihurtzea erabaki zuten.

Eskola, errealitate bat

Otsailean hasi ziren proiektua formalki garatzen. Zehatz pentsatu dute zer hezkuntza eredu garatu nahi duten: kaxubieraz ikasteko eskola bat egitea dute helburu, baina, hizkuntzaz harago ere, hezkuntza eredu berritzaile bat sortu nahi dute. Izan ere, Polonian hezkuntza erreforma bat egin berri dute, eta herritarrak eredu berriak eskatzen ari dira. Eskola sortzeko, beste herrialdeetako ereduak aztertu eta euren aukerak aztertu dituzte.

Irailaren 2an ireki zuten eskola, ikasturte berriari begira. Naja Szkò?a du izena: gure eskola. Lehenengo egunetan, hogei ume matrikulatu ziren, eta, oihartzun mediatikoari esker, kopurua igotzen ari da. Erronka garrantzitsu bat erdietsi dute, gainera: urtarriletik aurrera, sare publikoan txertatuko dute. Egoera bitxiak bizi dituzte, administrazioan ez zutelako aurreikusten inork horrelako zerbait egitea. Gizarteak ongi hartu du egitasmoa, «proiektu integral bat» delako, eta jendeak hezkuntza eredu berriak behar dituelako.

Sobrinok gertutik erreparatu dio prozesuari, eta han izan da zentroa irekitzeko egunetan. Esperientzia berezia izan da harentzat eskolaren hastapenen lekuko izatea: «Nik jaso bai, baina bizi ez dudan eskola eredu baten jaiotza bizi ahal izan dut: zalantzak, beldurrak, ilusioa, komunitatea eraikitzea».

Hainbat talderen babesa izan dute: Kaxubiarren Batasuna izeneko elkartea izan da proiektuaren bultzatzaile nagusia, eta Radio Kaszebe irrati kaxubiarraren babesari esker, komunitate sendo bat osatzea lortu dute. Euskaldunekin harremanetan izan dira une oro: Baztan ikastolak eta hizkuntza lankidetza egiten duen Garabide elkarteak lagundu eta aholkatu diete. Sobrinok ziurtatu du elkarlana «oso emankorra» izan dela, eta harrituta daudela zazpi hilabetean lortutako guztiarekin. Orain, materialak, terminologia eta edukiak sortzea da eskolaren egiteko nagusia, eta, horretarako, Euskal Herriko ikastolek egindako prozesutik ikasten saiatuko dira, Garabideren bitartez.

Kaxubiarrak itxaropentsu eta lanean jarraitzeko gogoz daudela dio baztandarrak: «Oztopo asko gainditu beharko dituzte, baina arnasa da eskola bat erdigunean izatea; komunitatea indartzeko balio du». Eskolaren irekiera egunean, adierazpen hau egin zuen Karol Roda irakasleak: «Eskola publikoan, kaxubiera aukerazkoa da, eta astean hiru ordu baino ez dituzte ematen. Gure hizkuntza ez dago sasoiko, ez gara hainbeste hiztun. Baina gogor eutsiko diegu gure sustraiei; guk egiten ez badugu, nork biziberrituko ditu gure hizkuntza eta kultura? Lortuko dugu».

Aitzindari izatearen ardura

Kaxubiarrentzat erreferente izan dira Euskal Herriko ikastolak. Horregatik, Sobrinok oso garrantzizkotzat jo du gainontzeko komunitate minorizatuekin esperientziak elkarri azaltzeko ardura, biziberritzen ari den hizkuntza gutxitu moduan: «Anitzetan pentsatzen dugu txikiak garela, baina halakoetan konturatzen gara aitzindariak garela komunitate batzuentzat. Horrek haiekiko erantzukizuna ematen digu».

Kaxubiarrekin hasitako bideari jarraipena emateko, beharrezkoa da, haren ustez, euskal gizartean hizkuntza lankidetzaren aldeko apustua egitea. Haiek lehenengo eskola «kasualitate baten ondorioz» sortu dutela gogoratu du Sobrinok: «Plan sendo bat egingo bagenu, gauza asko lortzeko gai izango ginateke; horren garrantziaz jabetu behar dugu. Horrelako gauzak ez ditugu kasualitateen esku utzi behar; ezin dugu beste aldera begiratu».



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia