euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zorionak, gure agiantza onenekin

2010/12/24

Hauek gure agiantzak
Hauek gure agiantzak

PUBLIZITATEA

Beste urte batez iritsi da Gabona, bihar Eguberria... Aukera ederra maite ditugunak bereziki gogoan hartu eta agiantza edo desiorik onenak bidaltzeko. Beste urtebete eta hemen segitzen dugu, irakurle. Urtebete emendatu diogu elkar ezagutuz daramagun denborari eta pozez ikusten dugu EuskalKultura.com-eko txokotik hazten doazela Euskal Herriari, munduko bazter guztietatik, bere seme-alabak eskaintzen ari zaizkion ekarpenak.

Donostia-San Sebastian. EuskalKultura.com-etik, aukera baliatu nahi dugu zure konfidantza eskertzeko, egunero-egunero sartzen uzten baikaituzu internet medio zure etxean, munduan euskalgintzan ari den hainbat jenderekin ahalegina eta eguneroko izerdi eta lorpen txiki eta handiak partekatzeko.

Egokia izan daiteke honakoa bezalako egun batean ilusioaz hitz egitea. Izan ere, ilusioak, euskal Diasporaren alde 'hondar ale' bat ipintzeko nahiak ekarri gintuen hona eta bultzatu gintuen proiektu hau abian jartzera duela bederatzi urte pasaxe. Beste hainbat alorretan gertatzen den bezala, euskalgintza --eta gure artean partikularzki Diasporan-- ilusiorik gabe ez baita ezer.

Ilusio eta freskotasun hori mantentzea, lantzea eta euskal komunitateen baitan biziaraztea da lanean jarri gintuen akuluetako bat. Euskal etxeek berek, soilik euskal kultura banatu eta partekatzen dutenean, elkartasuna eta euren kideen giza balioak lantzen dituztenean eta inguruko gizarteari euren onena eskuzabal ematen diotenean hartzen baitute egiazko esangura.

Gaurko egun honetan, irakurle, besarkada bero bat, aspaldiko adiskide garenez. Zorionak, eta gure agiantzarik onenak.



Komentarioak

  • URTE BERRI ON

    ZUENTZAT BESTE HORREN BESTE !!!!!

    Mikaela, 2010/12/27 12:56

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia