euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zirrara handia eta etorkizunerako apustua Viedma eta Patagones hirien euskal etxearen inaugurazioan

2015/04/15

Beti Aurrera Aberri Etxea euskal etxearen inaugurazioa martxoaren 27tik 29ra burututako ekintzen programa batekin ospatu zen (argazkia EE)
Beti Aurrera Aberri Etxea euskal etxearen inaugurazioa martxoaren 27tik 29ra burututako ekintzen programa batekin ospatu zen (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

“Zalantzarik gabe, egun ahaztezina izango da hau gure herrientzat; euskal etxearen aurreko batzordekideen ametsa bete dugun eguna”, adierazi zuen inaugurazio hitzaldian Beti Aurrera Aberri Etxea euskal etxeko egungo lehendakaria den Maria del Carmen Elzaurdiak. Egoitza berrian sartzeko zerrendak moztu eta gero, otordu bat eskaini zitzaion ehundik gora gonbidaturi.

Viedma, Argentina. Viedma eta Carmen de Patagones hirietako euskal kolektibitateak batzen dituen Beti Aurrera Aberri Etxeak bere egoitza propioa inauguratu zuen martxoko azken asteburuan. Hiru eguneko programa ostiral goizean hasi zen Viedmako alkate Jose Luis Foulkes-ek Sara Pagola Euskadiren ordezkariari harrera egin zionean. Arratsaldean, berriz, hitzaldia eskaini zuen Pagolak Rio Negro probintziako Legebiltzarrean, publiko orokorrari irekita.

Ekitaldi nagusia, larunbat goizean etorri zen, Beti Aurrera Aberri Etxea-ren egoitza berrituaren aurrean. Bertan, herriko apaizak lekua bedeinkatu zuen eta argentinar zein euskal ereserkiak abestu zituen publikoak, protokolozko ekintzarekin hasteko. Horren ostean, ohorezko Aurreskua dantzatu zien Josetxo Astolfi dantzariak bildutako agintariei, haien artean nazio, probintzia eta hiri mailakoak.

Egitarauari segituz, etxeko lehendakari Maria del Carmen Elzaurdiak hitza hartu zuen inaugurazio agurra egiteko. Bere hitzetan, euskal etxearen garai guztietako buruzagien jarrera nabarmendu zuen, “egoitza propiorik izan ez arren ez zirelako inoiz kikildu eta instituzioaren aktibitateak bultzatu zituztelako”. Horretaz aparte, 1954. urtean argitaratu zen albiste bat aipatu zuen Elzaurdiak. “Aldizkari horretan garai hartako Viedma eta Patagones herrietako Aberri Etxea izenekoari buruzko berri bat zegoen; hau da, 1997an sortu genuen gureeuskal etxe honen aurrekaria da eta bertan bere kideek Euskal Aste bat antolatu zutela esaten da”, azpimarratu dio Viedma eta Patagonesko euskal etxeko buruak EuskalKultura.com-i.  

Eskerrak adierazteko momentuan, Eusko Jaurlaritza eta Argentinako Giza Garapen Ministerioari luzatu zizkien eskerrak lehendakariak, jasotako sostengu eta diru-laguntzengatik; eta erakundeko kideei ere zuzendu zizkien lerrokada batzuk, euren lana eta engaiamendu eskuzabal eta emankorragatik..

Zerrendak mozteko, etxeko kide eta zutabe den Jorge Perez Cabral-i deitu zion Elzaurdiak. Behin etxe barruan, otordua eskaini zuten anfitrioiek. Zeremoniaren baitan euskal etxearen kide sortzaileen izenak biltzen dituen pergamino bat desestali zuen Maria del Carmen Elzaurdiak Sara Pagolak lagunduta eta opariak ere trukatu zituzten. Horretaz gain, “Patagones, kultura eta etnia anitzeko gunearen sorkundea, XIX. Mendean” liburua oparitu zien bere egilea den Jorge Irustak Beti Aurrera Aberri Etxeko lagunei eta Argentinako EAJren izenean, ikurrin bat eskuratu zien Coty Irastorzak.

Ekintzak igande goizean bukatu ziren esker-emate meza batekin. Elizkizunean Viedma eta Patagoneseko banderadunek eraman zituzten Argentinako bandera eta ikurrina. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia