euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zirrara eragin du Caracasen eta Venezuelako Euskal Komunitatean Andoni Goitiaren erailketak

2009/06/12

Berriz ere bortizkeria ekintza batek goibeldu du Caracaseko Eusko Etxea eta Venezuelako euskal familia. Argazkian hiriburu venezuelarreko Eusko Etxearen egoitza
Berriz ere bortizkeria ekintza batek goibeldu du Caracaseko Eusko Etxea eta Venezuelako euskal familia. Argazkian hiriburu venezuelarreko Eusko Etxearen egoitza
Kolpe berria jasan du Caracas eta Venezuelako euskal komunitateak azken orduotan gertatutako Andoni Goitia Badiolaren erailketarekin. Eusko Etxeko bazkide eta euskal-venezuelar familia ezagun bateko kide, 57 urte zeuzkan Andoni Goitia hiriburu venezuelarreko El Marques barrutian erasotu zuten bere auzoko baten etxera sartzen ari ziren ezezagun batzuk, ustezko lapurrak, lehenengo informazio oraindik erabat baieztatugabeak diotenez. Andoni Goitia ezkondua zegoen, Kattalin Leizaolarekin, eta 23 urteko Anderren eta 19 urteko Araiaren aita zen. Gisa honetako bigarren gertaera da euskal komunitatean azkeneko sei-zazpi hilabeteetan, joan den azaro hondarrean Iñaki Amenabar euskalduna ere lapur batzuk hil baitzuten bere autoa ebatsi nahi zutela. Gauzak nola, Iñaki Amenabarren lehengusu politikoa zen Andoni Goitia.

PUBLIZITATEA

Caracas, Venezuela. Zirrarak jo du azken orduotan Venezuelako euskal gizataldea jakin denean Andoni Goitia Baiola, Eusko Etxeko bazkide eta arras ezaguna den familia euskal-venezuelar bateko kidea eraila izan dela jakiterakoan. Erabat argitzeko dauden informazioek diotenez, gertaera Caracaseko El Marques eremu erresidentzialean gertatu da, Andoni Goitiaren auzoko bati ebastera zihoazela ezezagun batek edo bat baino gehiagok balaz larri zauritu dutenean. Gertuko osasun zentru batera eraman badute ere, medikuek ezin izan dute ezer egin, heriotza baieztatu baizik.

Andoni Goitiak 57 urte zeuzkan eta emaztea, Kattalin Leizaola, eta bi seme-alaba uzten ditu: Ander, 23 urtekoa, eta Araia, 19koa. Bost anai-arreben artean laugarrena zen eta bere ama aurten bertan, urte hasieran hil zen Caracasen. Anaia Julenek, zinez hunkituta eta gertatutakoa oraindik sinetsi ezinean, arduratu da berria lagunei adierazteaz, Euskal Herrian ere, berriak Euskal Herrian bizi den kolonia euskal-venezuelarra ere zeharo hunkitu baitu.

Duela sei hilabete pasexe, azaro hondarrean, antzeko egoera bat jasan zuen Caracaseko euskal komunitateak, orduan Iñaki Amenabar, 49 urtekoa, eta pertsona bera ere ezaguna eta familia oso ezagun batekoa hiriburuan eta partikularzki euskal komunitatean, erail baitzuten gerora nonbait atxilotuak izan diren gaizkile batzuek, ibilgailua ebasteko. Gauzak nola, Iñaki Amenabarren lehengusu politikoa zen Andoni Goitia. Lerro hauetatik, geure doluminik zintzoenak familiari eta lagunei, Venezuelan zein Euskal Herrian.

Eguneraketa 2009-06-13:

-informazioa Venezuelako prentsan
-honi buruzko artikulua Iñaki Anasagastiren blogean



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia