euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zinemaldia'11-ak euskal zinema ekarriko du Bartzelonara otsailaren 16tik martxoaren 9ra

2011/02/07

Euskal filmak Bartzelonan aurkezten dituen 2011ko Zinemaldiaren afitxa
Euskal filmak Bartzelonan aurkezten dituen 2011ko Zinemaldiaren afitxa

PUBLIZITATEA

Bartzelonako Euskal Etxean gertu dira Zinemaldiaren seigarren edizioari ekiteko. Datorren asteko asteazkenetik hasi eta martxoaren 9an bukatuko da kataluniar hiriburuan egiten den euskal zinema jaialdia. Lehenengo aldiz Zinemaldiko emanaldi guztiak euskal filmak izango dira, eta mahai inguruak egingo dituzte filmeen egile, zuzendari eta aktoreekin. 'Izarren hautsa', Barbara Goenaga aktorearekin, eta '80 egunean', hainbat zinemalditan saritua izan den filmea, dira proposamen hauetariko batzuk, Diasporan, AEBetako Elkoko euskaldunekin errodatutako 'Amerikanuak' dokumentalarekin batera.

Bartzelona, Katalunia. Datorren otsailaren 16an hasiko da Bartzelonan Euskal Etxeak urtero antolatzen duen euskal zinemaldiaren beste edizioa bat, seigarrena hain zuzen ere. Jaialdi hau kataluniar hiriburuan Euskal Herrian eginiko edo euskal profesionalek ekoizturiko filmeak ikusteko aitzakia izan ohi da eta zinemazale asko bildu ohi dira Euskal Etxera. Aurtengoan gainera, beste eragingarri bat izango dute: emanaldi gehienen ostean mahaingurua egingo da filme bakoitzaren zuzendari eta aktoreekin. Emanaldiak jatorrizko bertsioan egingo dira eta doakoak izango dira. Euskal zinemaz gozatzeko eta mintzatzeko parada izango da.

Hauxe da aurtengo edizioaren EGITARAUA:

Otsailaren 16a, asteazkena

- Izarren Argia-Estrellas que alcanzar: 36ko gudan kokatzen den drama. Mikel Ruedak zuzendu zuen eta Barbara Goenaga eta Itziar Lazkano dira aktore nagusiak. Emanaldia 20:00etan izango da eta ondoren Eduardo Barinaga ekoizlearekin mahaingurua egingo dute ikusleek. 

Sinopsia: 1938ean Saturrarango emakumeen kartzela Espainiako Gerra Zibilean jazotako ankerkeriarik basatienaren lekuko izan zen. Victoria, errepublikar baten alarguna, ahizpa eta semearekin batera sartuko dute kartzelara. Gertutik ezagutuko du Gerra Zibilaren atalik ilunena. Victoria eta gainerako emakume presoak erregimen frankistak ezarritako zentzugabekeriaren lekuko zuzenak izango dira. Saturrarango emakumeen kartzela Mesedetako mojen ardurapean dago. “Pantera Zuria” da espetxeko zuzendaria eta Vallejo doktorearen teoriak jarraituz, preso dauden emakumeei haurrak kenduko dizkie erregimenaren aldeko familien esku uzteko, “Espainiaren onerako” dela argudiatuz, eta emakume presoen bizitza amesgaizto bihurtuz.

Otsailaren 18a, ostirala

- Sagarren denbora: dokumentala. Emanaldia 20:00etan izango da eta ondoren mahaingurua egingo dute euskal etxean Txaber Larreategi eta Josu Martinez zuzendariekin. Sinopsia: Kristiane Etxaluz zuberotarra eta Alfonso Etxegarai bizkaitarra ez dira bikote arrunta. Gaztetatik euskal independentismoarekiko konpromisoa izan dute, eta beren maitasuna 7.000 km-ko distantziarekin bizi behar izan dute, Alfonso Afrikako irla txiki batean erbesteratuta baitago. Nolanahi ere, erbestea gorabehera, beren begiradak Bidasoako herrialdean jarrita dituzte, eta beren bihotzak sagarren denboran; oraindik iristear dagoen sagarren denboran.

Otsailaren 19a, larunbata

- Kimuak: Euskal laburmetraien emanaldia. Emanaldia 20:00etan izango da Passeig del Born-en. Kimuak Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen euskal laburmetraien zabalkuntza programa da eta honi esker azken urteotan munduko hainbat zinemalditan ibili dira --eta sariak jaso dituzte-- programak urtero aukeratzen dituen lanak. Bartzelonan honakoak izango dira ikusgai: 'Ámár', Isabel Herguerak zuzendua; 'Artalde,' Asier Altunarena; 'Daisy Cúter', Enrique Garcíak eta Rubén Salazarrek zuzendua; 'Exhibition 19', Alaitz Arenzanak eta Maria Ibarretxek zuzendua; 'La Gran Carrera', Kote Camachorena; 'Khorosho', Miguel Ángel Jiménezek zuzendua; 'Un Novio de Mierda', Borja Cobeagarena; 'Ondar ahoak' Angel Aldarondok zuzendua; eta 'Premio', León Siminianik zuzendua.

Otsailaren 23a, asteazkena

- Amerikanuak: dokumentala. Emanaldia 20:00etan izango da eta ondoren mahaingurua egingo dute Nacho Reig zuzendariarekin eta Lorea Uresberueta eta Gorka Bilbao ekoizleekin. 'Amerikanuak' dokumentalak Nevadako (AEB) Elko herrira joandako zenbait immigrante euskaldunen historia kontatuko digu. Funtsean, nostalgiari buruz hitz egingo digu, herrialde arrotz batean bizitza duina eramateko borrokari eta komunitate bateko kide sentitzeari buruz.

Otsailaren 25a, ostirala

-Mystical: Fantasiazko zinema. Angel Alonsok zuzendua. Emanaldia 20:00tan izango da eta ondoren ikusleek hitz-aspertua egin ahal izango dute Iban Garate aktorearekin.  

Mystikal Dibulitoon ekoizpen-etxe gipuzkoarraren apustu indartsua da. Genero honetako euskaraz eginiko lehen animazio filma da, eta baita estatuan ere, sistema croma bidez osorik eginikoa alegia. Avatar edo 300 pelikulak eginiko teknologia berdinarekin egin da Mystikal, baina aurrekontu arras txikiagoarekin. Benetako aktoreak, ordenagailu bidez eginiko pertsonaia eta eskenatokiekin eta efektu bereziekin uztartzen dira. Mystikal mundu magiko eta alegiazkoan deabru ilunak ziren jabe. Eldyn ezagutuko dugu,  azti ikasle trakets, baldar eta inozente samarra, akats “ñimiño” batengatik hil ala biziko borrokan murgildua dagoena. Egindako okerra zuzendu beharko du, Fira ninfa txikia lagun duelarik.

Otsailaren 26a, larunbata

-Ttaup-ttaup!: dokumentala. Emanaldia 20:00etan, ondoren mahaingurua Eneko Dorronsoro zuzendarirekin eta Iban Garate ekoizlearekin. Sinopsia: Zumaia, kostaldeko herria. 2007ko negua arraun elkartean. Traineru denboraldia udan jokatzen da, baina prestaketak hasiak dira dagoeneko. Entrenamendu gogorrak, konpetentzia, deskarteak. Guztiak traineru berean. Hamahiru arraunlari, bakoitza bere itxaropenekin, bere kezkekin eta bere ilusioarekin. Denboraren distantziatik atzera begira, traineruak itsasoan utzitako arrastoa da dokumental hau. 2007ko denboraldi hartan Zumaiako arraunlariekin bizitakoa. Entrenamenduz entrenamendu, estropadaz estropada... Ttaup, ttaup! arraun kolpeka.

Martxoaren 2a, asteazkena

-Euskal Etxeko euskara ikasleek eginiko laburmetraia txapelketa. Euskal etxean, 20:00etan.

Martxoaren 5a, larunbata

- Ori: Drama. Zuzendaria Miguel Angel Jiménez; aktoreak Georgiako Kathuna Shurgaia eta Giorgi Goguadze. Emanaldia 20:00tan izango da, euskal etxean. Emanaldi honen ostean ez da mahaingururik izango. Sinopsia: Ninok Tblisi kanpoaldeko eremu agor bat zeharkatzen du. Georgiar gaztea bere bizia aurrera ateratzen saiatuko da baina ez da batere erraza izango. Kaukasoko urruneko mendietan, Bega bakartiak bere iloba Tazoren bisita jasoko du, errusiar bonbardaketetatik ihesi. Oraindik gudaren oihartzuna bizirik dagoenean, bi bizitzak zigarrokin eta isilunez beteriko istorio gazi-gozo honek zeharkatuko ditu.

Martxoaren 9a, asteazkena

- 80 egunean: Drama. Itziar Aizpuru eta Mariasun Pagoaga dira aktore nagusiak. Emanaldia 20:00tan Euskal etxean. Ondoren mahaingurua Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño zuzendariekin. Sinopsia: Axunek 70 urte ditu eta ospitalean dago bere alabaren senar ohia zaintzeko. Sorpresa handia hartuko du aldameneko gaixoa zaintzen ari den emakumea gazte denborako lagun Maite dela konturatzean. Laster ikusiko dute bien arteko kimika ez dela aldatu, duela 50 urte bezalaxe jarraitzen duela. Biak dibertituko dira eta berriz elkar aurkitu izanaz gozatuko dute, Axunek Maite lesbiana dela jakiten duen arte. Axunek kontrajarritako bi sentimenduri egin beharko die aurre: Nori entzun? Bihotzari ala buruari?

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia