euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zein da Gipuzkoako txokorik ederrena? Proposatu zurea eta parte hartu GipuzkoAround proiektuan!

2016/05/10

GipuzkoAround proiektuaren webguneko irudia
GipuzkoAround proiektuaren webguneko irudia

PUBLIZITATEA

Zeintzuk dira Gipuzkoako bazterrik ederrenak, ikusgarrienak edo esanguratsuenak?  "Dancing in the Basque Country" bideo egin zuten lagunek galdera horiei erantzuna eman nahi diete GipuzkoAround proiektuan eta horretarako laguntza eskatu dute sare sozialetan. Proposatu zure txokoa eta agian Gipuzkoako 89 udalerriak bilduko dituen bideoan agertuko da!

Donostia-San Sebastián. Gipuzkoako herri guztiak bideo batean bilduta ikusi nahiko zenituzke? Horixe da GipuzkoAround egitasmoaren helburua: "Txoko hauek guztiak ezagutzera eman nahi ditugu eta mundu guztiak baloratu ditzala; gainera, GipuzkoAround-ek beste helburua ere badu: Gipuzkoako udalerrietan bizi eta lan egiten duten pertsonen parte-hartze aktiboa", diote proiektuaren sustatzaileek.

Diasporako euskaldunek ere proiektuan parte hartzeko gonbidapena dute, Iñaki Goikoetxeak ekimeneko kideak EuskalKultura.com-i agertu dionez. Goikoetxea Eusko Jaurlaritzako Kanpoan diren Euskal Gizataldeentzako Zuzendaritzan aritu da lanean, eta bere esanetan egitasmoak oso gogoan ditu munduan zehar bizi diren gipuzkoarrak eta gipuzkoarren ondorengoak. Horietako askok agian euren familiaren herriko txokoren bat ikusi nahiko lukete bideoan. Zer egin, ba, hori lortzeko?

Bota zure proposamena!

Parte hartzeko era oso erraza da: ekaina amaiera arte internet erabiltzaileen proposamenak bilduko dira. Horretarako, bota zeurea #GipuzkoAround traolarekin edo GipuzkoAround webguneko atal honetan.

Egitasmoa sustatzen duen taldea honakoek osatzen dute: Iñaki Goikoetxea, Javier Iribarren, María Rubio eta Iker Zaballa. Aurretik horrelakoetan eskarmentua du taldeak; izan ere, 2010an "Dancing in the Basque Country" bideoaren sorkuntzan parte hartu zuten. Bideoak 470.000 bisita izan ditu You Tuben.

GipuzkoAround bideoa uztailean grabatuko da eta nahi duena gerturatu daiteke grabazioetara. Webgunearen bidez jakinaraziko dira grabazio egunak eta tokiak.

Bideoa abuztuan aurkeztuko da. Ekimenak Donostia-San Sebastián 2016ren sostengua du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia