euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zazpiak Bat Euskal Etxeak Renoko Basque Festival jaialdiaren 41. edizioa egingo du asteburu honetan

2008/07/18

Renoko Zazpiak Bat taldeko dantzari batzuk
Renoko Zazpiak Bat taldeko dantzari batzuk

PUBLIZITATEA

Renoko euskal komunitateak urteko jai handienetako batez gozatzeko aukera izango du asteburu honetan, herriko Euskal Jaialdia antolatu dutelako Zazpiak Bat Euskal Etxekoek. Jaiaren 41. edizioa da aurtengoa eta ohi bezala hitzordua Wingfield parkean izango da. Bertan egun osoan zehar euskal kultura, dantza eta musika erakustaldiak egingo dituzte eta gosea duenarentzat ez da euskal-amerikar kutixiarik faltako. Jaiari bukaera emateko Boiseko Amuma Says No taldeak kontzertua eskainiko du Santa Fe euskal jatetxean egingo den erromerian.

Reno, Nevada. Dena prest dago Renoko Zazpiak Bat Euskal Etxean Basque Festival, jaialdiaren 41. edizioari hasiera emateko, larunbatean. Urtero egiten duten bestan Ameriketako parte honetara heldutako euskaldunen ondorengoek euren ohiturak eta kultura erakutsi eta partekatzen dituzten Renoko beste komunitateekin. Jaialdia Wingfield parkean egingo da eta ateak goizeko hamarretan irekiko dira. Sarrera doan da eta egunean zehar egingo diren jarduerekin asebetetzen ez direnek gauean erromerian dantzatu ahal izango dute Boisetik etorritako Amuma Says No taldearen musikarekin Santa Fe euskal ostatuan (Lake Street).

Zazpiak Bat Euskal Etxea 1966ean sortu zen eta bere Basque Festival hau urteko Renoko ekitaldi klasikoetako bat bihurtu da. Eguneko egitarauan denetariko jarduerak daude: Jesus Goñi (Reno) eta Johnny Curutchet (San Francisco) bertsolariak, dantza erakustaldiak Renoko 'Zazpiak Ba't eta Chinoko 'Gauden Bat' taldearekin, irrintzi eta txinga lehiaketak, eta aizkolariak. Gainera egunean zehar euskal amerikar jakiak izango dira salgai euskal etxearen standean: txorizo, arkume, solomo eta piper eta gazta ogitartekoak, besteak beste. John Ysursa arituko da aurkezle.


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia