euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'XXI. mendeko euskaldunak' erakusketak tradizioa eta ironia uztartuko ditu abenduan Londresen

2010/12/09

'Harrijasotzaile', 'XXI. mendeko euskaldunak' erakusketako argazki bat
'Harrijasotzaile', 'XXI. mendeko euskaldunak' erakusketako argazki bat
Olentzero motorduna, ordenagailuak zaintzen dituen artzaina, rotaflexa darabilen aizkolaria... Euskal arketipoak mende honetara ekarri ditu, ironia apur batekin, 'XXI. mendeko euskaldunak' erakusketak, eta larunbatetik aurrera ikusgai izango dira Londresen, bertako Basque Society elkartearen babesarekin. Berangoko elkarte bat da ekimenaren sustatzailea eta argazki eta bideo sorta ari dira biltzen tradizioa eta modernitatea batuz bizi den herriaren ikuspegia munduan zehar erakusteko. Abenduan Londresen izango da eta urtarrila eta otsailean Bartzelonan.

PUBLIZITATEA

Londres, Ingalaterra. London Basque Society elkarteak lagunduta inauguratuko dute larunbatean 'XXI. mendeko euskaldunak' erakusketa, Oxford Gallery aretoan. Berango herriko Endika eta Ander Basaguren anaiak eta Amaia Hormaetxea bilbotarra dira erakusketan biltzen diren argazkien egileak. Euskal arketipo tipikoak bildu dituzte irudietan -sardinera, aizkolaria, harrijasotzailea, Olentzero, Gargantua...- baina beti ere modernitate eta ironia puntu batekin. Egileek zabaldu nahi duten mezua zera da, gizarteak aurrera egiten duela, eta gure ohitura eta tradizioek ere eboluzionatu egin behar dutela, galdu ordez.  "Tradizioek, modernizatuta, globalizazioan iraunbidiz daitezke", azaltzen du Endika Basagurenek, Euskal Herri eta Madrilerako Museum of Americas erakundeko koordinatzaileak. .

Erakusketa joan den igandean inauguratzekoak ziren, baina espainiar aireportuetan izan ziren arazoen ondorioz Basagurentarrek eta Amaia Hormaetxeak ezin izan zuten Londresera bidaia egin eta larunbatera atzeratu behar izan zuten ekitaldia. Erakusketa abendu bukaera arte izango da ikusgai Oxford Gallery aretoan. Ondoren, Bartzelonan izango da urtarrilean eta otsailean. Egileek euskal Diasporak indarra duen lekuetara eraman nahi dute erakusketa eta euskal etxeetako arduradunei eurekin harremanetan jartzeko gonbitea luzatzen diete (informazio gehiago www.vascossiglo21.com webgunean).

Olentzero, motorrik gabe

Inaugurazioaren egun berean, London Basque Society elkarteak Gabonetako festa egingo du, Oxford House egoitzan (Oxford House Theatre, Derbyshire Street, Bethnal Green). Ezin jakin motor eta guzti agertuko ote den, baina elkarteko arduradunek jakinarazi dutenez, Olentzero ere gonbidatu dute jai honetara. Ekitaldia arratsaldeko 14:00tan hasiko da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia