euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Xiberoa zinez', zubererazko lehen luzemetraia egin ahal izateko dirua biltzeko kanpaina aurrera doa

2011/02/23

Xiberoa Zinez proiektuaren aurkezpenean, ezkerretik eskuinera, Mixel Etxekopar, Gonzalo Etxebarria, Pierre Vissler, Peio Cachenaut, Jeremy Garat eta Arnaud Agergarai (argazkia AllandeSokarros/Berria)
Xiberoa Zinez proiektuaren aurkezpenean, ezkerretik eskuinera, Mixel Etxekopar, Gonzalo Etxebarria, Pierre Vissler, Peio Cachenaut, Jeremy Garat eta Arnaud Agergarai (argazkia AllandeSokarros/Berria)

PUBLIZITATEA

"Xume-xume baina indartsu" abiatu da 'Xiberoa Zinez' luzemetraia egiteko diru bilketa, ekimeneko partaide den Mixel Etxekopar musikari eta euskaltzalearen esanetan. Filma zubereraz eginiko lehen luzemetraia izango da eta Muskildiko Peio Cachenaut gazteak zuzenduko du. Lanak idazle izan nahi duen gazte baten eta AEBetatik eskarmentua hartuta bueltatu den 'Hollywood' osabaren arteko harremana irudikatzen du. Proiektuak 45.000 euroko aurrekontua du eta, euskal-amerikar istorio bat islatzen duenez, Hebentik elkarteak munduko euskaldunen sostengua eskatu du. Parte hartu nahi duenak 50 euroko laguntza eman dezake eta Xiberoko "euskal munduaren ilusioa piztu" duen proiektu honetako 'ekoizle' izango da.

Maule, Zuberoa. "Euskaltzaleen berotasuna sentitzen ari gara", erantzuten du Mixel Etxekopar musikari eta euskaltzaleak 'Xiberoa zinez' filmaren diru-bilketa kanpainagatik galdetutakoan. Joan den otsailaren 9an abiarazi zuen Hebentik elkarteak zubereraz eginiko lehen luzemetraia izango den hau finantzatzeko kanpaina eta harrez gero grabazioa egin ahal izateko beharrezkoak diren 45.000 euroak biltzeko ahaleginetan ari dira proiektuaren arduradunak.

"Erantzun oso ona izan du kanpainak eta hainbat komunikabideetan agertu da berria", azaltzen du Etxekoparek. Alta, 45.000 euro horiek biltzeko asko falta da oraino. Iparraldeko hainbat erakundek babesa emateko asmoa agertu dute jada, hala nola Euskal Kultur Erakundeak, Akitaniako Kontseiluak edo Xiberoko Herri Elkargoak. "Xiberoko Herri elkargoak proiektu berritzaile bat laguntzeko gogoa zuen eta filmearen ideia aurkeztu genienean proiektuan uztartzeko prest agertu ziren", dio filmaren musika egingo duen Etxekoparek. "Ilusio handia piztu du proiektu honek Xiberoan, ez bakarrik zubereraz egingo delako, baizik eta euskaraz egingo delako ere!".

AEBetako osabari miresmena

Peio Cachenaut zuzendariak idatzi duen filmeak idazle izan nahi duen gazte baten istorioa kontatzen du. Idazle izan gura horretan gazteak bere osabaren laguntza bilatzen du. Osaba 'Hollywood' goitizenez ezaguna da eta AEBetan hamaika lan egin ostean sorterrira sosik gabe bueltatu da. Idazle bezala ospe pixka bat eskuratu zuen eta orain, Xiberoko etxola batean artzain lana egiten ari delarik, ilobaren miresmenak sutu egiten du.

Diasporako pertsonaia bat izanik, Ameriketako euskaldunek ekimenean parte hartzeko gogoa agertu al dute?, galdeturik, "Ameriketako euskaldun asko ezagutzen ditut nik, batez ere Kaliforniakoak. Badakit joan den asteburuan San Frantziskoko euskal etxeak urteurrena ospatu zuela, eta nahiko lan izango dute", erantzuten du Etxekoparek irriz. Hala ere, Ameriketako euskaldunen laguntza jasotzeak biziki poztuko lituzkeela gehitzen du.

Udaran grabazioa

Filmeak udan hasiko du grabazioa eta aktore nagusiak Jef Goihenexpe (gaztea) eta Ttittika Rekalt ('Hollywood') izango dira. "Momentuz lan guztia auzolanean ari gara egiten, baina udaberri aldera dirua beharko dugu kamara alokatzeko eta abar", azaltzen du Etxekoparek. Datoren hilean proiektua sustatzen duen Hebendik kultur elkarte xiberotarrak ekimenari buruzko webgunea sareratuko du.

Ekimena diruz sostengatu nahi duenak, 50 euroko laguntza eman dezake. Anima zaitez! Informazio osoa, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia