euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Xamar: 'Eskola eta komunikabideek, bereziki, euskal kultura tradizionalaren transmisioa moztu dute'

2007/03/10

PUBLIZITATEA

-Nondik datorkizu euskal kultura tradizionalarekiko zaletasuna?

Gabeziatik. Euskalduna nintzela konturatu nintzen 16 edo 17 urterekin, aurkikuntza gaitza izan zelarik. Bat batean jabetzen zara zure herria eta zure kultura ez dituzula ezagutzen eta niretzako shock traumatikoa izan zen hori. Ondorioak atera behar nituen hortik eta hauek, kultura ezagutzeko beharra eta etengabeko jakin gosea izan ziren. Lapurtutako kultura bat zegoela ohartu nintzenean, ezagutu egin nahi izan nuen, are gehiago, liburuetan jartzen zuena oraindik nire inguruan aski bizirik zegoela ikusita.

-Zer irakatsiko duzu Azkoitiko ikastaroan?

Ikuspegi orokorra izango du. Kultura batek alor ezberdin handiak ditu, bat gizartea nola antolatzen den, hasteko, etxe inguruko eskubide tradizionala, Pirineikoa deitzen dena, baina mitologia, errito zaharrak, dantzak edota festen inguruan ere hitz egingo dut. Festak ez dira beti izan gaur egun ezagutzen ditugunak bezalakoak, sinesmen baten ondorio gisa antolatutako zerbait ziren batzuk. Besteak, berriz, esanahi sakona zuten eta nahiz eta ez dugun ezagutzen, zeri erantzuten dioten jakiteko proposamenak dira.

-Sorpresarik edo harridura eragingo al duzu?

Tamalez bai. Eta horrek erakusten du oso gutxi ezagutzen dugula gure kultura. Gure kultura ezagutzeak dakarrena, gure buruak ezagutzea da, eta honek motibatu egiten du hizkuntza famatua, euskara alegia, atxikitzeko. Egia da ohitura zahar askok ezin izan dutela iraun gaur egungo munduan, baina interesgarria da jakitea edo ohartaraztea, munduko beste ikuspegi bat genuela. Askotan, gaur egun ditugun baloreak baino hobeak edo interesgarriagoak, nire ustez.

-Zergatik uste duzu euskaldunek bere kultura ez dutela ezagutzen? Zeintzuk dira arrazoiak?

Harrigarria da ikustea Azkoitia batean, euskara oso bizirik dagoen eskualdea izanik, nola kultur edukiak ez diren transmititu. Alegia, munduak eman duen jauziarekin, kulturalki, azken 50 urte hauetan, eskoletan eta batez ere komunikabideetan, bereziki eta gehiengoz gaztelaniaz izan diren horiek, moztu egin dute kultura tradizionala deitzen dugunaren transmisioa. Eta hor badaude oso interesgarriak diren gauzak, eta oso modernoak ere badirenak.

-Euskal Herriak bizi izan zituen inbasioak bizi arren bertako kulturak iraun egin zuen.

Euskaldunok ez dugu gure historia ezagutzen eta ezagutzen duguna bizi garen menpekotasun egoera honetan sistemak transmititu diguna izan da, eta ez da preseski gurea. Alegia, oso sinesmen zabala dago herri isolatu bat izan garela pentsatzeko, eta horri esker iraun dugula, baina ez da horrela. Hemendik munduko herri guztiak pasatu dira: barbaroak, godoak, zeltak, arabiarrak... Horregatik zailagoa da gure iraupena azaltzea.

-Non egon zen iraupenaren gakoa?

Zalantzarik gabe, gakoa da herri honek beti jakin izan duela interesgarria eta berria zena bereganatzen, bere kulturan egokitzen, oinarri zaharra mantenduz. Beti komentatzen da hizkuntza harremanetarako tresna dela, baina horren aurretik pentsamenduaren euskarria da. Isilik bazaude ere hizkuntza erabiltzen duzu. Hizkun-tza ez dago gugandik aparte, gure baitako zerbait da, gure identitatea da. Nik uste, gure kulturak behar dituen erantzunak ematen dizkigula eta, bereziki, identitate bat munduan. Horri esker iraun dugu, ez isolatuta egoteari esker.

-Euskal kultura zaharraren azterketan, zerk harritu zaitu gehien?

Bereziki, gure kulturan nabarmenena emakumeak duen tokia da. Ez da kultura tradizionalean bakarrik ikusten, mitologian eta bizitzaren alor askotan ikusten da. Baloreen transmisioa, espiritualtasuna, mitologia... Europako beste kulturekin konparatuz, oso desberdinak ditugu. Heriotza ikusteko modua ere bitxia egiten zait, desberdina baitzen.

-Ohitura zaharren bat berreskuratuko al zenuke?

Badaude batzuk oso politak zirenak, eta hauen ordezkoak oso arriskutsuak direla uste dut gainera. Adibidez, Urte Berri egunaren ospakizuna. Hemen telebista espainolak mahatsak jatea zabaldu du, baina oraindik Nafarroan batzuk ospatzen dute ur berria edatea. Logikoa da, 'urte' hitzak 'ur aro' esan nahi duelako. Modu honetan, Urte Zahar gauean iturrietan pitxarrak jartzen dira ur berria hartu eta, gero, etxez etxe banatzen da abestuz. Ohitura polita dela uste dut.

(2007-02-09an Noticias de Gipuzkoa-n argitara emana)


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia