euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Viña del Mar: aurrenekoz antolatuko da Txilen, uztailaren 17-24era, 'Euskara Munduan'eko barnetegi bat

2010/05/25

Viña-Valparaisoko Eusko Etxeko lehendakari Archibaldo Uriarte, FEVAko lehendakari Ricarso Basterra, eta Francisco Pinedo, Euskara Munduan programako Valparaisoko partaidea, Basterrak bertara eginiko bisitaren karietara
Viña-Valparaisoko Eusko Etxeko lehendakari Archibaldo Uriarte, FEVAko lehendakari Ricarso Basterra, eta Francisco Pinedo, Euskara Munduan programako Valparaisoko partaidea, Basterrak bertara eginiko bisitaren karietara

PUBLIZITATEA

Lehenik urte askotan Argentinan; iaz Uruguain, eta aurten Txilen. Emeki zabaltzen ari da euskararen irakaskuntza Hego Ameriketan, gehienbat 'Euskara Munduan' programa medio. Izan ere, programa ikasle/irakasleak Argentina, Peru, Kolonbia, Brasil, Uruguai, Txile eta herrialde gehiagotakoak lortzen doazen neurrian hedapena alde guztietatik datorkio. Datorren uztailaren 17tik 24era bitartean Viña del Mar-en egingo duen Neguko Barnetegiarekin, lehenengo aldiz ari da gisa honetako ikastaro bat egiten Txilen. Bertan aurreratuak daude dagoeneko gauzak partaideak errezibitzeko. Lehenago, FEVAko lehendakari Ricardo Basterrak bisita luzatu du Viñara, Viñako Eusko Etxeko lehendakari Archibaldo Uriarterekin biltzeko. Azkeneko barnetegia, Udakoa, joan den urtarrilean, Uruguaiko Montevideon egin zen, FIVUren eskutik.

Viña del Mar, Txile. 2010eko Neguko Barnetegiak egoitza berria dauka: Txileko kostaldean, Bostgarren Erregio txiletarreko Viña del Mar hiria, bertako Eusko Etxea antolatzaile. Bilkura HABEren 'Euskara Munduan' ekimenaren baitangoa da eta uztailaren 17tik 24ra bitartean garatuko da. Viña-Valparaisoko Eusko Etxea lankide ari da horretarako FEVA euskal etxe argentinarren federazioarekin eta Jaurlaritzako HABE erakundea zein Kanpoko Herritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako Zuzendaritzarekin. Ikasle/irakasleak urtean zehar internet bidezko ikastaroa segitzen dute eta urtean bitan, normalean urtarrilean (hemengo udan) eta uztailean (hemengo neguan), kurtsoa egiten ari direnak bi barnetegiotan biltzen dira, aurrez aurreko eskolak hartzeko.

Urte askotan barnetegiak Argentinan bakarrik egin izan dira, izan ere ikasleak ere ia soilik argentinarrak baitziren. Iazko urtarrilean lehenengo aldiz egin zen barnetegia Argentinatik kanpo, Uruguaiko Montevideon hain zuzen, FIVU ere, Uruguaiko euskal elkarteen federazioa, partaide. Arrakastari oniritzita, aurtengo urtarrilekoa ere Montevideon egin zen, eta negukoa berriz, datorren uztailean, herrialde berri batean saiatuko da, Txilen hain zuzen, eta ez hiriburuan, Bosgarren Erregian baizik, kostaldeko Viña del Mar-en.

Atseginez lanean, eta Ricardo Basterraren bisita

'Euskara Munduan' programaren helburua, tokian tokiko euskara irakasleak sortzea da, hala nola Argentinan Argentinakoak, Txilen Txilekoak eta Kolonbian Kolonbiakoak. Argentina, Peru, Kolonbia, Brasil, Uruguai eta Txile bertakoak espero dira Viña del Mar-en, bertatik ari baitira ikasle, ikasleak irakasle bihurtzea asmo duen programa honetan.

Viña-Valparaisoko Eusko Etxeko lehendakari den Archibaldo Uriartek EuskalKultura.com-i adierazi dionez, bera buru den euskal erakundea, eta nonbait gauza bera esan dezake bere buruaz, "atseginez beterik gaude, gogor lanean barnetegia erabat arrakastatsua izan dadin". Uriarte duela gutxi bildua da Viña-n bertan FEVAko lehendakari Ricardo Basterrarekin, buruzagi euskal argentinarrak bisita egin baitzuen kostalde txiletarreko hiri honetara, barnetegia egingo den instalazioak ezagutzearren. Viñako O'Higgins Hotel-a izango da barnetegiko egoitza, bertan egiten baititu Erregioko Eusko Etxek bere bilera eta ekitaldi publikoetako batzuk.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia