euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Vicente Emparan protagonistetako bat, gaur duela 200 urte Venezuelak Independentzia aldarrikatu zuenean

2010/04/19

Juan Lovera (1776-1841) pintore venezuelarraren koadro baten zatia. Erdian dagoena Vicente Emparan da.
Juan Lovera (1776-1841) pintore venezuelarraren koadro baten zatia. Erdian dagoena Vicente Emparan da.
Gaurko egunez, duela 200 urte, Venezuelak bere Independentzia aldarrikatu zuen. Apirilaren 19a Venezuelako Independentziaren festa gailur gisa ospatzen da geroztik, Independentziarako prozesu osoko eragile eta ekile nagusien artean euskal izen asko topa daitezkeelarik, izan ere Venezuela osatzeko eman diren gertakari abertzale guztietan gertatzen den bezala. Baina Apirilaren 19 honetan, bi mende biribil, 200 urte, betetzen dira Venezuela Espainiako Erregearengandik askatu zenez geroztik, hasiz 1821eko Uztailaren 24an Caraboboko batailarekin amaituko zen prozesua, eta beraz itxiz Caracasko hirian hasi zen prozesu independentista. Honi guztiari buruz eta nazio venezuelarrari eta euskaldunei buruz egin duen gogoeta banatzen du gurekin Caracastik Pedro Javier Arriagak.

Pedro Javier Arriaga Agirre/Caracas, Venezuela. 1810eko Apirilaren 19an birsortu zen mantoanoak bezala ezagutuak zirenen konspirazioa, hauek, jende diruduna izanik, Venezuelan jaioak zirelako ez baitzieten uzten botere kargu batzuetara iristen. Aldi hartan beteranoen bataloien sostengua lortua zuten, baita ere jende ospetsu batzuena, intelektualena, kleroaren parte batena eta gizarteko beste sektore batzuena, eta herriaren zati esanguratsu batena.

Espainiako Erreinua Napoleonen inbasioaren karietara pasatzen ari zen egoeraren jakitun, eta Penintsulan erresistitzeko egon zitezkeen posibilitateak ezabatuak zeudela joz, ospetsu caracastarrek batzorde bat sortzea pentsatu zuten, Espainian sortu ziren beste batzuen antzera, probintzia (Venezuela) gobernatzeko.

Euskal Herrian jaioa izanik, Gipuzkoako Azpaitian zehazki, 1747an, Vicente Emparan Jose Bonapartek izendatu zuen Venezuelako Kapitain Nagusi, eta kargu horrretan baieztatu Felipe VII.ak. Simon Bolivarren eta geroago Independentziaren aldeko borrokaren protagonista izango ziren askoren laguna, beste batzuetan legez 1810eko Apirilaren 19an gauzatu zen matxinada indargabetzen saiatu zen, Caracasen, gertaeren erdigunean, eta ikusiz ez zela posible mugimenduaren aurrera egitea galeraztea, Caracasko Kabildoko balkoitik Plaza Nagusira (egungo Bolivar Plaza) bildutako jendetzari galdetu zion berak agintean segi zezan nahi zutenez; bertaratutakoen ezezko erantzunaren aurrean, esan zuen Emparanek: "Bada neuk ere ez dut aginterik nahi!". Hau eta gero, osaturik gelditu zen ofizialki Fernando VII.enaren Eskubideen Batzorde Goren Gordetzailea izentzat hartu zuena.

Gure Independentziaren ekitaldi garrantzitsu honetan sartzen da baita ere pertsonaia nabari bezala Caracasko Katedraleko kanonigo zen Jose Cortes de Madariaga apez, idazle eta politikaria, Eeskal odoleko txiletarra. Bera lagun zegoen Emparan Kabildoan, honek jendeari agintean jarrai zezan ala ez nahi al zuen galdera egin zionean. Hor Cortes de Madariagak, Emparan Kapitain Nagusiaren atzetik, seinalea egin zion herriari, galderari ezekoa eman ziezaion.

Lerro hauekin azpimarratu nahi dut batek beti topatzen dituela, egun Venezuela bezala ezagutzen duguna definitzen lagundu zuen euskal presentzia sendoa atzo, gaur eta beti gogora ekarriko dizkiguten pertsonaiak, lekuak, eraikinak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia