euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Valparaisoko Eusko Etxekoek berriz ere egoitza propioa izateko xedea agertu dute Julian Celayaren aurrean

2010/06/07

Archibaldo Uriarte, Julián Celaya, Manuel Uriarte eta Andoni Martin.
Archibaldo Uriarte, Julián Celaya, Manuel Uriarte eta Andoni Martin.

PUBLIZITATEA

Luis Archibaldo Uriarte elkarteko lehendakaria buru zuela errezibitu zuen Viña-Valparaisoko Eusko Etxeak Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendari Julian Celaya, Jaurlaritzako kargudunak joan den urritik hona kostaldeko hiri eta eskualde txiletar honetara bigarrena duen bisitaldian. Uriartek azpimarratu zuen Bosgarren Erregioko euskaldunen artean gero eta indar handiagoa hartzen ari dela berriz ere egoitza propioa izateko xedea, begibistakoa baitute "ospakizun tradizionalak eta kultur ekimenak garatzeko gune fisiko bat"en beharra, "behar horrek oinarri sendotzat baitu Eusko Etxeak etxe handia izan zueneko garaiko oroitzapena, gaur inoiz baino larriagoa dena joan den otsailaren 27ko lurrikarak Eusko Etxearen bulego instituzionala zinez kaltetu ostean".

Valparaiso, Chile. Maiatzean zehar Ameriketako hego muturrera eginiko bidaiaren baitan Julian Celaya Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendariak eta bere bulegoko Andoni Martin teknikariak bisita egin zuten hilaren 25ean Txileko Bosgarren Erregioko portu hiri garrantzitsua den Valparaisora. Hitzordua Valparaisoko 'Club Naval' delakoan egin zen eta bertan parte hartu zuten Eusko Etxeko Zuzendaritza Batzordekoek, Archibaldo Uriarte lehendakaria buru, eta euskal elkarteko zenbait bazkide esanguratsu.

Jaurlaritzako ordezkariari eginiko agur hitzetan, Archibaldo Uriartek, bera lehendakari den elkartearen historia aberatsa errepasatu zuen, eta gaur egun garatzen ari den ekimenen berri eman zuen, horien artean Jaurlaritzari esker eta Eusko Etxea bitartekari bideratzen diren laguntza sozialak eta euskara eskolak, Euskara Munduan egitasmoaren baitan kokatzen direnak.

Berriz ere 'Valparaisoko Euskal Etxe' etxeduna izatea

Euskara eskolei dagokienez, hain zuzen, Bosgarren Erregio txiletarreko EEko lehendakariak pozik azaldu zuen Viña hautatu duela Euskara Munduan egitasmoak bere aurtengo neguko barnetegia egiteko, uztailaren 14tik 24a bitartean, hiriko O'Higgins hoteleko instalazioetara Hego Ameriketako zenbait lurraldetako ikasle/irakasleak bilduko direlarik, Txilen lehenengoz egingo den honelako hitzorduan.

Uriartek azpimarratu zuen baita ere, gogo eta xede bizia duela Eusko Etxeak eraikin propioa izateko Valparaison, garai batean hala izan baitzuen, eta ederra, eta faltan botatzen baitu "ospakizun tradizionalak eta kultur ekimenak garatzeko gune fisiko bat", "behar horrek oinarri sendotzat duelarik Eusko Etxeak etxe handia izan zueneko garaiko oroitzapena, gaur inoiz baino larriagoa dena joan den otsailaren 27ko lurrikarak Eusko Etxearen bulego instituzionala zinez kaltetu ostean".

'Euskal Emakumeen Taldea' berriz ere abian ipintzea

Harrera-ekitaldiko bazkarira Eusko Etxeko historian garrantzi handia izan zuen eta gaur egun desagertua delarik batzuk berriz ere abian ipini nahi duten 'Euskal Emakumeen Talde'ko (Agrupación de Damas Vascas) kide ohi batzuk agertu ziren, tartean María Nieves Undabarrena, Olaetaren alarguna; Begoña Magunacelaya, Lide Zavala, Irune Martija eta Marylú Azcorra, Eusko Etxeko lehendakariak faltan bota zuen Euskadiko oTxile eta Perurako rdezkari den Ana Urchueguiaren presentzia, ekidinezineko arrazoiengatik bertaratu ahal izan ez zena, eta gonbidapena hurrengo aukera baterako luzatu zion.

Julian Celaya eta Andoni Martin iazko urrian izanak ziren Viña-Valparaison, eta opaingo bidaia honetan aukera izan dute bertako euskal erkidegoko kideekin areago mintzatu eta euren kezka eta errealitateaz gehiago jakiteko, Eusko Etxea, pentsa daitekeenez, kinka berezia pasatzen ari den momentua baita honakoa, ez baita ahantzi behar joan den otsailaren 27an Txile astindu zuen lurrikaran kaltetua eta erabilezina gelditu zela zuen bulegoa, "nahiz eta gure kideak gogoz segitzen duten, proiektu anbiziotsuak buruan", esan zuen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia